L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txortan aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txortan-3 (1985-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Iversteko lorazaina

 

Juan Luis Zabala

 

Iverst daritzan herrixkan bazen behin herri guztiak miresten zuen lorazaina. Iversten lorategi asko zegoen eta gure lorazainak astirik ez zutenei lorategiak zaintzen laguntzen zien; baina, hala ere denborarik gehiena bere lorategiari eskaintzen zion: narkisoak, hiazintoak, arrosak, geranioak, idibihotzak, krabelinak, txilinloreak... denetarik zuen, eta bere esku leunekin emeki-emeki laztantzen zituen egunero. Loreak, beren aldetik, lorazainaren fereka eta ardurak lorategi zeharo koloretsua, harmoniatsua eta batez ere osoa, osatuaz eskertzen zizkioten. Lanak oso diru gutxi ematen zion lorazainari, baina ez zen diru asko behar izaten dutenetakoa. Lorezainaren esku on eta trebetasunaren berri probintzia osoan zehar zuen jendeak.

        Halako eguardi batean, goiz osoa moeta guztietako loreak zaintzen igaro ondoren, eskutitz bat jaso zuen gutunontzitik, "Lorazaleen Elkarte Probintziala"k igorria, bertan honako hau adierazten ziotelarik:

        "Lorazentzarako duzun trebetasunaz mintzatu izan zaizkigu hainbat lagun, eta zure eskuharmenak eratu dugun "Probintziako I. Lore-lehiaketa" zeharo aberats lezakeela pentsatu dugu. Beraz, esku har ezazun eskatzen dizugu."

        Lorazainak ez zion hasieran inolako garrantzirik eman eskutitzari, baina, dena den, ez zuela ezer galtzen pentsatu zuen; gainera herriko jendeak ere esku har zezala esaten zion. Problema aukeratzea zen. Lorazainak jira-bira asko eragin zizkion buruari eta azkenik erabakia hartu zuen: arrakastarik handiena lor zezaketen loreak, azken finean, arrosak zirela iruditu

zitzaion. Berak ez zekien oso seguru zergatik, baina jendeak askotan esan ohi zion "arrosei leku gehiago eskaini behar zenieke, dituzun lorerik politenak horiexek bait dira", "oso lore politak dituzu guztiak, baina politenak, arrosak", "herriko lorategirik politena duzu zuk, eta arrosak dira zure lorategiko lorerik politenak, batez ere hiazintoen ondoan dituzunak, eta horien artean bada bat

parerik gabea..."

        Eta ordudanik, arrosak berebiziko maitasun eta arduraz zaintzen zituen, lehiaketan Lorazaleen Elkarte Probintzialeko jendea txunditzea nahi bait zuen. Arrosei eskaintzen zien denbora oso luzea izaki, gainerako loreei gero ta denbora gutxiag eskaintzen zien, eta hauek gero eta trixteago zeuden.

        Gure lorazainaren arrosak gertatu ziren "Probintziako I. Lore-Lehiaketa"ren irabazle, eta Lorazaleen Elkarte Probintzialak ohorezko Partaide izendatu zuen Iversteko lorazaina; bestalde, inola ere ezin espero zezakeen adinako eskudirua eman zion.

        Probintziaka lorazainik garaiena zela zioten biharamuneko egunkari probintzial guztiek. Eta Lorazaleen Elkarte Probintzialak gero ta lehiaketa gehiago antolatzen zuen, eta gure lorezainak irabazten zituen gehienak, guztietan arrosak aurkeztuz. Hiazinto, geranio eta idibihotzen lekuetan, gero ta arrosa gehiago ereiten zuen, eta askotan krabelinak ere. Honela, oso denbora laburrean diru asko zuen lehiaketei esker irabazirik, eta Lorezaleen Elkarte Probintzialak lehendakari-orde izendatu zuen; hori zela eta, astero hiru aldiz joan behar izaten zuen hirira, erosi berria zuen kotxean. Ordurako herriko lorategiak zaintzea utzita zeukan. Narkisoak, txilinloreak, hiazintoak, geranioak eta abar zeharo baztertu zituen eta soilik arrosa eta krabelinak erein eta zaintzeari ekin zion. Azkenik, berak nahi zuena lortu zuen, Lorazaleen Elkarte Probintzialeko lehendakari izendatua izatea hain zuzen. Eta hirira joan zen bizitzera, etxea eta lorategia udalari saldu ondoren.

        Lorazaina infarktu batez hil zen, L.E.P.-eko lehendakari izendatu zuten urte berean; infarktua kotxe-istripu baten ondorio izan zen. Gaur Iversteko udalak eratutako hondakindegi munizipala dago arrosek eta hiazintoek, krabelinek eta txilinloreek, lorazainak eta loreek elkar maitatu zuten lekuan, Iverstek lorategi asko zuen garaian herriko lorategirik koloretsuena, harmoniatsuena eta osoena egon zen leku berean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.