L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txortan aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txortan-1 (1984-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

        Urola bailaran sortu den aldizkari honetan falta ezin den atala Bertsolaritzari buruzko bat diagu/dinagu.

        Aldi honetan "URKIOLEGI" zeritzaion bertsolariaren bertso sail bat aukeratu diagu/dinagu; bertsook, aldizkaria irakurtzen duzuen guztiok abestuko dituzuelakoan eta era berean gure txokoko historiari buruz zerbait gehiago hornituko zaretelakoan gaudelarik. Bertsoetan zehar ikusiko duanez, 1920go urtean gertatutako greba bati buruz ari duk/n egilea eta bertsoak sinatu gabe egon arren frogaturik Urkiolegirenak direla zegok/n.

        Bukaera aldera egileak dei bat egiten ziok/n "sindikalista danai", bere burua ere sindikalistatzat jotzen duelarik, esan beharra zagok/n "Sindikato Libre" zeritzaion sindikatoaren partaide zela egilea bera ere.

        Aurrekoa heure lana duk/n irakurle! Zortziko txikiko bertsoei egoki dagokion doinu bat aurki eta ea zein eratan moldatzen haizan.

Dabid

          1/

Milla bederatzireun

ta ogeigarrenian,

Zeruko Aita, nago

zure biarrian;

gaizki bizi gerade

paraje onian,

bendiziyo bat, arren,

zuzendu gaitian

 

          2/

Maria Santisimak

eiten badu argi,

bertso berri batzuek

nai nituzke jarri,

alabantzak emanaz

kapitalistari;

motibuak zer diran

esango det garbi.

 

          3/

Arrazoietan jarri

gaitian begira:

pabrikarako atiak

zertan itxi dira?

Orrelakorik etzan

justuak balira,

goseak errenditzen

pobriak ai dira.

 

          4/

Ondo bizi nai dute

berak bakarrikan,

ez dute estimatzen

pobrien lanikan;

ez badute pagatzen

bear dan jornalikan,

oien estudiyoak

dira alperrikan.

 

          5/

Kapitalistak nunbait

ondo ziran bizi:

pobriak lana egin,

aiek irabazi,

jan da eran, pasiau

ta ederki jantzi...

obreruak ez al du

.... bat merezi?

 

          6/

Pobriarekin oiek

zer moduz dabiltzen,

kristau maitiak, jarri

zaitezte aditzen:

gosiakin ez dute

iñor errenditzen,

asi zaizku plomozko

konpitak partitzen.

 

          7/

Urrillaren seian zan

—esango det klaro—

asteazken batian

bastante goizaro;

inozentien kontra

ainbeste enpaño,

atzetikan naio zuten

aurretikan baño.

 

          8/

Pabrikako sarrera

nai genduan ikusi,

guardiako jaunak

ez ziguten utzi;

atzetikan tiroka

balarekin josi,

iñor ez giñaren ill,

danok gera bizi.

 

          9/

Denbora gutxi baten

ainbeste eritu,

lurrera erorita

ziraden gelditu;

gero mediku jaunak

zituzten kuratu,

esan zuten: «Atzetik

dira balak sartu.»

 

          10/

Beren langille onak

tiroz ill nayian,

milagro bat Jainkuak

ein du Azkoitiya'n;

kapitalista oiek

joan dan aspaldiyan

amenazoka pobria

zeukaten azpiyan.

 

          11/

Onla amenazoka

jendia aspertu,

Txinako legerikan

guk biar eztegu;

ez gera salbajiak,

kristauak gera gu,

tokatzen dan moduan

lana egingo degu.

 

          12/

Iñoiz etortzen bada

eleziyorikan,

erakusten digute

ejenplo onikan:

nai badezu aurrera

pabrikan lanikan,

ez zaiozu besteri

eman botorikan.

 

          13/

Gazterik badijua

erromeriyara,

neska zarrak ondoren

diyaz bereala

partia ekartzera

nagusiyagana;

urrengo goizean multa

bost duroko bana,

 

          14/

Bestek konpesatzen du

nere pekatua,

egin baño lenago

daukat barkatua;

asko banu, ez da palta

zeñek kontatua;

ori da besten onik

ezin sufritua.

 

          15/

Oraiñ sindikalistak

atera kontuak,

jornalak agindu ditube

eskatutakuak;

saiatu diralako

gizon nonbratuak,

..... oraindik palta

..... artikuluak.

 

          16/

Artikulu oietan

eman zagun kontu,

itzez agindu baña

obraz ez mantendu;

oiek egiten dutena:

al dala bengatu...

gizonak zertako du

ainbeste gorrotu?

 

          17/

Obreru biotzekuak,

biegu unitu,

geroko esperantzan

ez iñor gelditu;

premiyako orduan

alkar sokorritu,

Eleiza Santak ala

ordenatzen gaitu.

 

          18/

Donosti'tik etorri da

gizon bat abilla,

amen gerran gabiltzen

izate onaren billa;

gu ondo ipiñitzen

ein du alegiña,

langille danan partez

berai esker milla.

 

          19/

19/ Sindikalista danai

      eiten diet erregu,

      txarrak ez du baliyo,

      onez biar degu:

      errespetoz ibilli

      iñola al badegu,

      langillien asuntua

      zuzenduko degu.

 

          20/

20/ Kantu-lan onek ez du

      ainbeste meritu,

      despedida emanaz

      biar det gelditu;

      geiago ere badira

      esan nai banitu,

      mantxarik ez dubenak

      ez prendarik artu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.