Euskal zelakantoa
Josu Mirena Uruburu
Ez daukat idazteko ohitura handirik. Egia da, bai, lantzean behin olerki eta ipuin xumeak idatzi ditudana. Behin, lehiaketa batera bidali nuen ipuin bat, bidali ere. Epaimahaikoen gustokoa ez bide zen izan, ostera. Izan ere. betidanik izan dut arkaismoak erabiltzeko jaugina, eta ipuin hori, hain zuzen ere, hitz zaharkituz beterik zegoen. Ipuina epaitu behar zidatenak hiztegi marduletan murgildurik ibili beharrak sekulako barregura eragiten dit oraindik, horixe baitzen niretzat saririk preziatuena.
Aldizkari literarioen oihanera ere ekarriak ditut nire ezpaltxoak. Neuk baino ospe handiagokoek idatzi arren, pozarren irakurri nuen orri beteko luzeraz aldizkari atera berriari egunkari famatu baten egiten zitzaion irazkina: han ageri zen nire goitizen errusiarra, goraipamenez josia! Hara: literatur elkarte txit xelebre baten partaide izaki, beste kideak beti lagun min minak izan ditudan Deunoro eta Hiedral idazleak (beraien izenak aipatzea zilegi bekit) erabat txunditurik utzi nituen, beti maila apalago baten bait nindukaten koittaduok...
Baina nire oraingo zeregin hau ez dagokio literaturari. Gorago esan dudanez, ez daukat idazteko ohiturarik eguneroko ihardunari neritzoke nik ohitura. Gainera, ondoren datorrena koadernotxo baten arrapaladan idatziriko apunteak direla kontutan izanik, ezin eska diezadake inork idaztankera itxuros aberatsa izaterik, hori ez bait nuen xede, neure begiok ikusi eta bihotzak sentitu zituztenaren kontaketa ahalik zehatzen egitea baizik.
Hona hemen, bada, testua:
"Egun hauetan gertatu zaizkidanak paper hauetaratzea benetan zaila da. Hasteko, esan dezadan gertakari harrigarri hau orain hiru egun hasi zela. Alfonso Villaltak telefonatu ninduenean. Berau nire doktorego tesia gidatzen duen maisua dut, eta eskaini didan laguntza ezin nezake inoiz ere ordaindu, alajaina. Ez nion hasiera baten gauza handirik ulertu, ematen zidan helbidera berehala abiatzeko baino. Halaxe egin nuen, egin ere.
Heldu nintzen, bada. Eritetxe bat zen, eta atean neukan zain maisua. Bertako korridore luzeetan barrena gindoazela azaldu zidan dei premiazko haren zergatia: nire tesiarekin zerikusi handia zuen ustegabeko aurkikuntza zela, inork ezin imajina zezakeena gertatu zela... Nik, jakinminaren jakinminez, zer arraio esan nahi zuen galdetu nion, ez bait nuen ezer ulertzen. Orduan bera ziplo geratu eta begiei so egin zidan, atzamarraz korridorearen amaierarantz seinalatuz.
Gela hartan dagoena mirari bat da esan zidan, erabat hunkiturik. Atea zabaldu eta sartuaz bat ohe bat ikusiko duzu, inguruan zenbait lagun dagoela. Bada, ohe barruan dago miraria, tamalez errepikatuko ez dena.
Zer izan ote zitekeen? Abiada bizkortu egin genuen konturatu gabe, gela haren barnekaldetik erakargailuren batek gidaturik bageunde bezala. Ateraino heldu bezain laster maisuak ezpainetara eraman zuen atzamarra. Esandako legez, barrukaldean ohe bat ikusi nuen, eta lau pertsona inguruan. Askoz gehiago ez, gela ertilunean baitzegoen. Oherantz hurreratzearekin atso bat ikusi nuen. Hura ote zen "miraria"?
Hil zorian dago xuxurlatu zidan Villaltak. Ez duzu ezer arrarorik somatzen, ezta?
Nik, atsoari birbegiratuz, ezetz erantzun nion buruaz. Orduan besoari heldu eta txoko batera eraman ninduen.
Entzun arretaz: ohe horretan dagoena erronkarieraren azken aztarna da.
Bapatean arnasa leitu egin zitzaidan. Maisuak ebatu egin zidan, ezpabere zerraldo jausiko nintzen.
Ezinezkoa dirudi, ezta? itaundu zidan, aulki baten jezar erazten ninduela Ba, egia da! Denok uste genuen zeharo hilda zegoela. Azken lekukoa duela hamabi bat urte zendu zen. Oso ospetsu bihurtu zen, gogoratzen? Izan ere. Pirineo aldeko nafar haranetako euskalkiei buruzko zure tesiaren eragingarri suertatu zitzaizun. Eta orain, begiratu, hor daukazu zeure tesiari betirako ospea eman diezaiokeen gakoa!
Nork sines zezakeen hura? Neure begien aurrean erabat desagertutzat jotzen zen euskalkiaren azken ahotsa neukan, fosil bizidun baten antzera. Ahotsa diot, baina zoritxarrez ia ez zuen hitzik batere egiten. Kordegabeturik zegoen duela astebete, antza. Noiz edo noiz, banaka, marmar adituezina zerion eta orduan ohe ingurukoek martxan jartzen zituzten grabagailuak, hotsik motelena ere jaso nahian.
Kordea galdu eta lasterrera hasi zen ulertzen ez genuen erretolika horrekin aitortu zidan bere alabak biharamunean. Gurekin bizi denetik (ia berrogeita hiru urte) beti hitz egin digu erdaraz. Euskaraz sekula santan!
Txikitan jakingo zuen, noski adierazi nion.
Amarengandik ikasia edo izango zuen. Baina badakizu, hainbat urte eta gero, ahaztua zuelakoan geunden.
Harrigarria! esan nion, zer erantzun ez bait nekien.
Izan ere, ez zirudien oso gustora zeudenik, ama hizkuntzalari eta antropologo ezezagunen artean utzirik.
Lehenago esan dudanez, hiru egunez aritu gara fosil bizidun horri ahalik eta berbarik gehien ateratzekotan, azken hatsa eman duen arte. Emaitzak nahiko eskasak izan dira, zoritxarrez. Grabatutakoa behin eta berriro entzun arren, ezer gutxi uler daiteke: "gra', "zren", "zaitad", "tzei" moduko aditz harrigarriez gain ezer ez aditzeko modukorik!"
Honaino idazkia. Tamalez, bateko ospitale hartan sentitutako zirrarak, besteko nire tesia famatu bihur zezakeen aukera galdu izanak, neure senetik atera ninduten, zeharo atera ere. Harrezkero, ezin izan dut burutik aldendu pentsamendu hau: ez ote gara euskaldun oro fosil bizidunak? Beraz, ezin nuen berriz ere beste aukera bat galdu: egun hartatik aurrera Euskal Herriko eskualde guztiak kurritu ditut, auzunez auzune, etxez etxe, baserririk urrutienetaraino. Milaka zinta grabatu ditut, euskalki eta hizkera arras desberdinez.
Horra hor nire tesiaren sintesiaren antitesia!
|