L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y cría cuervos y tendrás muchos (1993-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Lodinowskyrenak

 

Lodinowsky

 

Maiz negar egin dut utzi nauzulako, maitasunari buruzko garaipenak negar egiten ospatzen ditut. F. Sherchinsky-k bezala, bere lagun minen bizkarretan malkoak isurtzen zituen afusilatu aurretik.

 

Galdu dut bizitzeko ilusioa eta hasi besterik ez dut egin. Posible ote da dena galtzea? Esperantza hau ez dut inoiz galduko.

 

Agustin ekonomilaria da, berak erraiten du giza gorputza ez dela perlektoa, ikusi nahi ez duzunean begiak ixten dituzula, baina entzumena atalagatu dezakeen mekanismorik ez dagoela. Era berean bi eta bi lau direla diogunean ere ez dakigu inork entzun gaituen.

 

Eman diezaiegun arrazoi guztia, eta biezagute arrazoirik gabe. Baina ezinezkoa da, geuk ere, arrazoirik ez dugunok, horretan arrazoia daukagu.

 

Hain zen erromantikoa, hain maiteminduta zegoen ezen azkenean lortu zuen eho zezan, eta labanak bihotza zulatzen zion bitartean atsegin aurpegia ikus ziezaiokeen, ez maitasunak edo heriotzak sortutakoa, labanak berak emanikoa baizik.

 

 

Poesia klonikoa

 

Poesia hau beltza duzue

eta beltza den ezkero edonork

izkuta dezake bere burua,

zuria izanda ere.

Poesia hau amari dagokio

baina edozein sasikumek eskuhar dezake

intzestoari beldurrik izan gabe.

Poesia hau hondora doa, nahiz eta eguzkirik ez ezagutu

gauak sortutako hotsez bideratzen da.

Poesia honek lurra maite du,

luebana da, aluebana.

 

Oroitzen naiz

(oroitzeak dakarrez bilbeaz)

zure aluaren arrailaz

Jainkoaren saihetseko zauriaz

eta urratzen ari zen tenpluaren oihalaz

baina gaur zure alua

josita dago nire kirtenarentzat

Jainkoaren zauriari ez dario odolik

eta tenpluan diskoteka berri bat zabaldu dute.

 

Luma batez

baliatzen zen idazteko

urrezko luma punta zorrozduna

baina eskutartean eutsi eta

logureak eraginda lumaren gainean

erori zitzaion burua

eta lumak begia zeharkatuz

burmuineraino iritsiz

punto apartez hil nintzen.

 

Abiada hartan heriotzera gindoazen

200 kilometro orduko

hormaren kontra

burnien artetik

odolez blai irten nintzen

eta hemen nago

oihu bat itxaroten.

 

Nora zoaz lorazain madarikatua:

sasiak has daitezela,

adarrak bihur zaitzatela,

eta itotzen zarelarik

Lurra lantzea debekatuta

dagoela

kontutan har.

 

Sekulako kuadroa pintatu ondoren

artistak modeloa akabatzen zuen

oroitarriak lehertzen

zelaiak ureztatzen

basoak kiskaltzen

itsasontziak hondoratzen

ibaiak pozointzen

emaztegaiak urkatzen.

Atxilotu aurretik bere burua

pintatzen ari zen.

 

Lehenengo etxe sailaren kaleak lore izenak

Bigarren etxe sailaren kaleak hegaztien isenak

Hirugarren etxe sailaren kaleak pertsona izenak

Pertsona izenen kaleen artean zure izeneko kalea

Zure izeneko kaleko etxeen artean zure etxea

Zure etxearen ate ostean

Loreen edo hegaztien kaleetan bizi nahi duen hori.

 

Txanpino, ia, ia, ia

nika, loa, loa, loa

gibelur, din, din, din

urre, txa, txa, txa

on, ddo, ddo, ddo

kopernik, usa, usa, usa

kuf, etroa, eroa, hoa

Ia lo nengoen

guradina dantzatu eta

kantatu ondoren

baina usarioak

kuleroak eranztea

eskatzen zizun

eta nik amanita hura

jan behar izan nuen.

Ito nahi gaituzue

sakontasunez ohar gaitezen

baina nori dagokio horren ardura?

Guri, itoko garenoi

ala zuei, sakonera emateko

ura zikindu duguenoi?

 

Eta gure bizitzak iraungo du

azken oihartzuna entzun arte

zeren argi guztiak amatatu baitira

eta orduan ikusmena entzun egiten da

titiak tontorra

aluak ibaia

kirtenak zubia

haranetik oihartzunak gure ahoetara aguro datoz.

 

Txori bat ikusi dut

asfaltoan hilotzik.

Zigarro papera zirudien.

Gero katu bat ikusi dut

eta hura ere zigarro papera.

Duela gutxi istripu bat izan da

kamioi batek zapalduta

gizon bat datza hifotzik

zigarro bat piztu dut

eta ikusitakoa paperean idatziko dudala

esan diot ertzainari.

 

Bakardadearen misil honek

zure bihotza lehertu nahi du

inolako konpromezurik gabe

nahi ez baduzu

sekretuan enteratuko zara

lehertu egin duela

hor nonbaiten.

 

Petirik hiru aldiz ukatu zuen

Jesus

oilarrak kantatu aitzin

zu ez zara Petiri

ez eta ni Jesus

egun oilarrek ez dute kantatzen,

baina dena den oraindik bitan

bakarrik ukatu nauzu.

 

Hemen datza

ezbehar guztien irtenbidea

irtenbide armatua

armak behar ditugu

armak

eskoletako ateetan

armak

tabernetan

elizan eta zinean

armak

ligatzeko

narrua jotzeko

armak erditzeko.

 

Milak mutila dauka, eta Idoiak ere, eta Olatzek, eta Yolandak,

eta... ni negu-min hau pasatzeko

zuek zaituztet

elurra baino hotzago

gaua baino ilunago

izarrak baino urrutiago

nork esango zukeen nire potroak

meteorito bi direla?

 

 

Hara gu

 

Gogoratzen dut heldu zinetela,

pasaporteak

ditiburuetako esneaz zigilatuz.

 

Baina isilpean, ez aipatu dirurik.

 

Gogoratzen dut lan egin zenutela

haragi plastifikatuen fabrikan.

 

Baina isilpean, ez aipatu dirurik.

 

Gogoratzen dut herritik bota zintuztetela.

Baina isilpean, ez esan inori

puta batzu ginela

larrua jo ostean

gure herriko kantak xuxurlatzen genituen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.