Zer da bera?
D.H. Lawrence
— Gizona, jakina.
Bai, baina zer egiten du?
— Bizi eta gizona izan.
Noski, baina lan egingo du. Ogibideren bat izango du.
— Zergatik?
Bistan dagoenez aberatsetarikoa ez delako.
— Ez dakit, gauza ugari dauka, eta oso aulki ederrak egiten ditu.
Horra hor ba! Altzariegilea da.
— Ez nuke hori esango.
Nolanahi ere arotza edo zurgina.
— Ezta ere.
Ba horixe esan duzu.
— Zer esan dut?
Aulkiak egiten dituela eta zurgina edo arotza dela.
— Aulkiak egiten dituela esan dut, baina ez arotza denik.
Tira ba, orduan amateurra besterik ez da.
— Beharbada! Zer esango zenuke dela zozoa, txistulari profesionala ala amateurra?
Txoria baino ez dela esango nuke.
— Eta nik dinot bera gizona baino ez dela.
Ondo dago! Zuk beti ñabardurak egin behar!
|