"Izarren hautsa"
Lodinowsky
2410.eko Dagonilak 17
New York
Nire izena Jonathan Agirre da, ez naz pertsona itzaltsua ez eta gura be izan, Boise-n (Idaho) jaio nintzan euskeraren lorratzik bageko sendi batean, baina abizena itxi eusten jantzi zaharraren ipingi lez eta nire atzbegiok zerez eginda egozan jakiteko aide urrunak ekarritako liburu estarietan arakatu neban, orduan euskal lera jabetu zan nitaz, arrezkero Agirre derizt eta ez Awair ingeles ebakeran.
Gaur egun New York-en bizi arren mundutik zehar bueltaka nabil, filologia ikasketak burutu gura dodaz baina batez be ingelesaren azpiraketan Euskal Herrian bizi diran eta sakabanatuta gagozan euskaldunon mintzoa berbiztu. Badakit lan astuna dala, lan eskerga, igale berankorra emoten dauana, eta ezin izango dot ikusi, nire esperantzak N.A.S.A.-koak deitu ninduen egun hartan lurrundu ziran.
Astebete igaro da Arizonako mortuan euskal espazio untzi bat jausi zanetik, euskeraz grabatuta bidaiaren zerzelidadeak ekartzan, zein zintzo emon dot honen barri eta zein lelo izan nazen, ipuin fantastiko bat itzultzen nenbilela iruditzen jatan, orain nire buruak lauzirikorik ez dauala balio jakin dagizuen entzun Etxepare II-an pasautakoa.
1. grabazioa
Mimetz kapitaina naiz. Etxepare II espazio untziaren arduraduna, nire agindupean zazpi espazio gudari darodaz Andromeda galaxiaruntz. Bidaia, bataz beste, hamar urtetakoa izango da eta danok dakigu buelta bakoa izan leikeela, baina honek ez gaitu kezkatzen, eginkizuna betetzea dogu garrantzitsuena.
Gernikako arbola hil danetik gure gizarteari bizioa sartu jako eta nortasun andari atzerritarrak arrata jarri dabe euskaldunok beren ahuntzerdararen ziltzan jausi gaitezan. Ausaz Eusko Jaurlaritzako zientzilariak baekien M-42 nebulosan molekula organikoak egozala, C-H (karbono eta hidrogeno) motatakoak hain zuzen, eta orain halan beharrez XIII. mendeko deskubrimendu harrigarrienagaz jo dabe Andromeda galaxian polimeroak aurkitu daikez, euren egitura lurrean dagozan azukera bilogioetako molekula edo beste zenbait polimeroen modukoa da. Argiago esanda, Adromedako izar hautsezko lainoak bizitza sortzeko oinarriekaz eginda dagoz, izar hautsa bizi hutsa da.
Horregaitik arbasoen arbola bizigaiez orniduko dogunean kimu barriekaz batera gure izaera agirtuko da.
2. grabazioa
Bada hilabete Forondatik urten genduala eta aragino Saturnon gagoz. Eguzkiaren izpiak zailtasunez heltzen dira 1.378 miloi kilometrotara dagoan planeta honetaraino, barruko berotasunak barriz haize biorra sortarazoten dau bere azalean.
Saturnoko lur brintzatuetan uranio miatze zahar batzu besterik ez dira gelditzen. Erastunaren hirugarren orbitako geltokian egin dogu atseden alditxoa. Abagune txiki honetan miatzari irotu bategaz berbetan egon naz. Honek euskalduna nintzala konturatu ahala gure endaren azartasuna eta adorea goratu dauz, zelan aintzina tresneria bakanez arraion erraldoiak harrapatzen genduzan, zelan burujabetasunaren defentzan herri indartsuen aurka amiltzen ginan. Orduan nire buruari zin egin deutsat gizon bepera honek euskal pizkundearen barri izango dauala.
3. grabazioa
Elorrioak hasi besterik ez dira. Ordenadoreen saileko hiru teknikari oso larri gaixorik jarri jakuz. Osagileak ez daki zer pasatzen jaken, eskerrak Plutonera ailegatu garanean gure zai egoan untzi-ainan edabe batzuk idoro doguzala, arestian poztu gaitu dendun dagozala jakiterik.
Pluton eguzkiaren sistemako azken planeta da. Ekiz Etxepare II-aren abiadurak argiarena 200 mila bider bikoiztuko dau, segundu bakotzeko 60.000 miloi kilometro urratuz. Andromeda 100 mila argi/urte-tara dagoan ezkero hamar urtetako joan-etorria ebatzi beharko dogu, eta hemen datza gakoa, eguzkiaren bornutik inok ez dau urten, denbora beste dimentsio baten sartzen da, geuretzat iragana, oraina eta geroak zentzu ezbardinak dauke, zeuen oraina geure iragana da eta zeuen geroa geure oraina. Aiaz denboraren garatza galtzea suerta leiteke eta lurrera beste sasoi batean heltzea. Jainkoak holakorik ez beza laketu!
4. grabazioa
Behinola entzun neban asagokoa zan lurralde batetik urtenda deslai ibili gintzezala abarketak zeritzan oinetakoak Euskal Herrian eralgi ziran arte.
Gaur Derauko konstelazioan planeta ezezagun batez ohartzerakoan danok begitandurik gelditu gara, giza bizitzarako baldintza guztiak betetzen dauz inor bizitzearena ezeze ibai gardenak, baso zarratuak, berein abere otzan eta landara lerden erbera malatsetan hazi doaz.
Beraz, izarren hautsak eraginik sortuko ez baleu, egunen baten: datozan belaunaldiak atzerritarren paskoak janda endekatzen badira, aukera izango dabe, Euskadi izendatu dogun planeta honetan, buru emoteko.
Euskadiren koordenakak Urko robotaren garuneko hamahirugarren mikrotxipean jarrita dagoz.
5. grabazioa
Unibertsuaren labarrean, berbak ezin oguzita, geure itua dakusagu Andromeda. Bere alde lapranean partikula erradiaktiboak mila koloretako odeiak osatzen dabez. Izarren hautsa da.
Gure mutilok para berezi batzuekaz berunezko kutxetan sartzen ibili izan dira txapliguen txingarrak batzen jardungo balebe lez.
Kalkuletan dut, hor behean, 2.260. urteko Aste Santua dala. Jakin bazenkien giarre guztiak ahaztuz, zelango Aberri Eguna ospatuko zeunkeen, baina gitxienez bost bat urtebete itxaron beharko dozue.
Bardinbero saio baten ostean Etxepare II-a lurrerantzako bidean jarriko da igarokortasuna sentimendu iraskorra izan bedi.
6.
Baiza erradiaktibo ugari meteoritoak eurrez, ingurumari magnetikoak nunnahi... geure ainenen entzule izan doguz. Horregatik ez da bidezkoa, azkenean, zulo beltz baten zorigogorrean jaustea.
Adur madarikatua! Zuloaren erakarpen izugarriak espazio-jitoan sartu gaitu eta bertatik ataratzeko Etxepare II-ak ez dauka energia nahikoa, zama arintzea litzake urteera bakarra baina honezkero erabakita dago izarren hautsa grabazio hauekaz batera doatsuez lurrerantza, gu barriz prest gagoz sorospen untzian aurra hasteko.
Zelan azaldu jokaera hau, bizitza bizitzagatik? Nork irakutzi leuskio bizitzari egundako abrigua bizitza bera ez bada?
Gure zerraldo hustuetan Sabino Aranaren domina gorena ikurrinen gainean ipiniko dozue eta Agur Jauna abestu ondoren malkoak sikatuko dozuez. Gero bizitzak jarraituko dau, ausaz bizitza barri bat.
Orain eskatu gura neuke, balbearen zai, bigiratan, gure erostak barre santzo bihurtu daitezan.
Alkar ikusiko dogun egun handirarte.
Gora Euskadi Askatuta.
|