Bere eskuz umezurtzarenak
F.E.
Mila zortzirehun urte
pasatu direna
Jesus jaio ezkero
Otsailak azkena
konfesatzera noa
alik ondoena
arima garbitzeko
ez nadin kondena
laster pagatuko dut
zor dudan krimena.
Umetan eskolarik
ezagutu gabe
aisa hazten da haurra
piztiaren pare
gero inorantzian
mila hatsekabe
galburu makurtua
ez liteke tente
hori uler dezanak
ni uler nazake.
Aita nuen gizona
maite ninduena
haren laztanak urrun
aditzen zirena
amak ere maizenik
haren portamena
aboan didarra ta
eskuan mimena
ez nekike bietan
zein ote txarrena.
Argitu gabe jaiki
ilunduta bildu
bitarteko erritak
hobeto ixildu
ardien aitzakitan
etxetik ohildu
gazteak mespretxua
jasateko zail du
hola bizi baino hobe
burua amildu.
Ni mendian tristerik
ardien guardian
etxera heldu eta
oro erasian
kulpa gabea azkenik
negarrez galdian
zertan huts egin duen
gaixoa antsian
San Migelek anpara
holako tranzian.
Negarrek eta plantek
ez zuten balio
egun txarra bazuten
ez ziteken fio
gaiztoari debruak
laguntzen baitio
ni jotzeko bazuten
mila proporzio
ez ziren konsolatzen
zehatu ardo.
Igandetan kalera
biak jaixten ziren
etxean zakur ona
ni utzi ondoren
katea ezartzea
zitzaien hazten
gogoratu ezkero
fite eginen zuten
mezak haien premia
ez dut uste zuen.
Gaztaroko denbora
denbora samina
nere buruarekin
bost negar egina
lagunetara inoiz
agertu ezina
guraso gaizto haien
debeku jakina
mendeku hartzekoa
egin nuen zina.
Hogei eta bi urte
bete egunean
Otsailak hogei zitun
elurra ari zan
aita oihuz ohera
hurbildu zitzaidan
"Haika gazte petrala!"
aginduz emitan
puñal batez lepoa
moztu nion bertan.
Haren oihuetara
ama ere agertu
ikuskizun harekin
konortegabetu
ene baitan odolak
burua itsutu
sarde zorrotz batekin
ama akabatu
zeruko ateak hola
neronek zarratu.
Lan hori egin eta
handik zenbaitera
auzoko agure bat
agertu etxera
harek errana dakit
orduko afera
aita erraran eta
ama buruz behera
ni gorpuei begira
zotin da ikera.
Ordu txarrean nintzan
jaio dohakaitza
ojala ama nitaz
erdi ez balitza
gogorkeriak beti
loturik gabiltza
arimak hori kalte
Satanek garaitza
zuhurrak ene hitzak
konsidera bitza.
Kondenatu bitarte
ez nun izan onik
gaizkira nengoela
etzana uste nik
benganzaren ardoak
zorabiaturik
gaztetasun eroak
azpitik hartutik
denbora ez denean
eskarmentaturik.
Zeruko Erregina
gloriaz betea
noragabe hontako
ostatu emea
erruki zakizkigu
badator epea
damu dut urratua
jainkozko legea
amen barka ezazu
nere maldadea.
Arimaz bero baina
gorputzez izotza
zeren egongo naizen
gaur bertan hilotza
pentsamentu horrekin
larritu bihotza
fede handia baina
adorea motza
hau da urkamendiko
haizearen hotza!
|