L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y Euskadi el país menos movido: el que no está parado está detenido (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Itsu kontuak

 

Jon Iriarte

 

I

Entzun duzu inoiz eskamak zituen gizonaren kontu ikaragarria? Egia esan asmakizun tintirrik ez zeukan. Singapurreko barbero mantxuaren bizitzarekin gertatu zen bezela, urrunetik datozen berri guztiei gertatzen zaien eran, ezagutu orduko erdi ipui bilakatzen duela. Singapurreko barberua ez zen mantxua, itsua baizik, mantxua bere gaitzizena besterik ez zen. Seme argal bezain bihurriaren jabea, burusoila eta titi putz ta eskusoinu gisa plegaturiko estomago koipetsuduna.

        Etxe destartalatuaren atarian mozten zuen ilea, sasoiko moldera labainaz eperdi eperditik. Mutikoak esaten zion "belarri ertz horri ondotik heldu" edo "kokota ez diozu gorri utzi, aita". Gizonak eskerreko eskuz bezeroaren gaztaia arakatzen zuen kokotetik bekokira, aldamen batetik bestera, mutikoei "hi haiz hi!" esateko erabiltzen den esku ikara armaren bizkortasunez. Lanaren ordaina jasotzerakoan semearen beharrik ez zeukan, ukimena ikaragarri zolia bait zeukan horretarako ere.

        Bizimodu petralekoak ziren. Semea aitaren menpe eta aita osasunez makal. Behinola inguruko petrekiloaregana jo eta urdail birrinduaren zaztadak baretzeko helar onuragarri batzuk, irensgaitzak hori bai, gomendatu zizkion eta semeari erakutsi batu zitzan ohianean barrena. Nolahalako posez etxolaratu ziren biak, biak konponbidearen jabe ba omen ziren eta. Biharamunean penek esnaturiko gizonak eguneroko zapladaz itxartu zuen semea eta ohia nera bidali helar hila. Mutikoak oinutsik, mimena baino sendotxoagoa zen makila minberaren lorratza bernetan, alde egin zuen, handik ordu batzuetara eskukada belarrez bueltatzeko batek dalo nondik.

        —"Urre bila ibilita era hainbeste denbora..." aitak ohiukatu.

        Semeak hizketa aserrea eten egin zion esanaz: "berehala prestatuko dizkizut aitatxo". Apurren bat kosta zitzaion etxera bueltatzea, baina ez uste denbora alferrik galdu zuenik, zeren eskuetan zituen belarrak inguruetako lakarrenak bait ziren, edozein piztiren eztarria urratzeko bestekoak eta ez ordea petrelikoak gomendaturiko belar osasuntsuak. Aitak irensterako ahaleginaren ondotik, bere oheko arkakusu guztiei madarikazio ezberdin bana eskeintzeko beste birao bota zituen, eta hori orain arte idatzi ditudan hitzetatik gora izango zirela han gordeak.

        Baina ez pentsa beti aserre izaten zirenik. Hilero edo, esku bete txanpon bildurikoan pixkat gorabera, pasiadan ateratzen ziren elkarrekin hiri zaharrean zehar emelgalduen kaleraino. "Hemen dago zure gustoko bat, aita". Gizonak emakumearen titi artean sartuz potolatxoa zela konprobatzen zuen, gero eskua ipurdiraino eramaten zion eta zaldi kementsu trazarik hartu ezik beste batengana joaten zen eskua semetxoaren lepo gainean jarrita, begirada, ezereze ilunean galdua.

 

II

Eguzkia denean enparantzako jarlekuren batetan igandero seirak aldera ikusiko duzu. alarguna dela laister sumatzen da. Ukabil eta sama parean astrakana josiriko abrigo beltz merke samar bat lepotik dingilizka beti. Mediolutozko galtzerdien ostean zain haundituak lehertu beharrean ikus dakizkioke eta galtzerdiek burutzen duten gomaren gainetik ateratzen zaiona batek dalo zer den... enfin... okela potrilla, tierna gizentsu eta zuriak.

        Iztarren gainean, larruzko poltsatxo beltza, eta barruan ilerako gantxoak, txakurrandi banaka bat andanpandangillo, Umetxoarentzako mukizapiak eta malvaviscozko karameloak edozeinentzat...

        Esku gorrixkak ditu, eta azala tximurtsua eta leuna gainetik, despegatua bailekua. Beraietan erastun bi, berea eta betirako pakea mereziko lukeen senarrarena.

        Aurpegia matrakak iraulia eta ilea zuri bioletatua.

        Bere ondoan, aspertzen den haur bat. Hankak jarlekutik dingilizka, zirin zaran aurrera eta atzera darabiltza. Ebillaz lotzen diren zapatatxoak ditu, galtzerdi zulodunak azala markatzen dioten gomakin. Belaunak beltzune eta untura gorrian eskutatuak. Gomazko gerrikoz eutsiriko bermudak, "escote pico"dun jertsea eta gogoz orraztu ta usai goxoan itorriko ilearen azpian gaztai borobiltxoa.

        Atsoa ez da isiltzen, umea aspertu egiten da.

        Atsoak platanoari bultz egiten dio umearen aho betearen barruan, umeak ahoa hete duela irensten du, berak eta bere amonak eguzkia denean enparantzako jarlekuren batetan igandero seirak aldera osatzen duten estanpa nolakoa den jakin ezinda;... hurbitzen zaizkien ezagunen eritziekin osotu behar puzzlea.

 

III

Willian Henry Haworth'en semeak etxetik alde egin du bere lagunekin. Poliziak Las Vegas inguruko lautada basamortutsuetan erreparatu eta helikpteroz jarraitu ondoren...

        "Zortzi lagun ikusten ditugu auto hori luze batetan. Badirudi deskapotablea ez dela eta beraiek moztu diotela gaina. Hordi doazela dirudi.

        Hiru txanpaina botila ireki dituzte beraien atzetik gatozenetik.

        Gehienek betaurreko beltzak daramatzate eta ilea haizez endredatua.

        James Monroe senatorearen alaba identifika dezakegu soilik, bere bihotz itxurako betaurreko arrosak beste norbaitek ez badaramatza behintzat.

        Autoa horia bada, baina itxuraldatuta dago. Identifikatzea zail samarra; aurreko matrikula tatarrez dauka eta jasotzen duen hautsagatik atzekoa ez dago ikusterik.

        Mutil gehienak paparretik gora larrutsik doaz.

        Egiten dituzten keinuen arabera esan liteke musika den beste daramatela. Mutil potolo bat jezarlekuan gerri gainean eserita dago, gorputza aldemen batera eta atzera botea... edan behar izan du edatekoa. Kanbio"

        "Nork gidatzen du autoa? Ile gorriska batek? Kanbio".

        "Bai. Kanbio".

        "Halbait armen geratu mutil hori itsua da ta".

 

IV

Albertok ez zekien Maria han zegoenik eta han zebilen bere nobela pornografikoa afanez irakurtzen. Hatz puntak minduta zeukan zeinu deszifratzen. Ilaretako tontortxoak beste zerbait balira bezela ikutzen zituen desioz. Azkeneruntz, aztoratuta, esku bata poltsiko artera jetsiz kilikili hila zebilen, baina patxadaz irakurtzeko bi eskuak behar zituen baina beste hura ere fereka faltan txarto.

        Mariak bazekien, eupada handirik gabe ere, han zegoela jakin araziz susto galanta hartuko zuela bere nobiyuak. Poza eman zion neskari Alberto urteguneko erregaloaz disfrutatzen ikusteak. Maria gelatik isil isilik atera eta minutu pare batetara berriro etorri zen gelara, pasiloan zehar zapata hotsa atereaz, Alberto kontura zedin. Albertok, Mariak uste bezela, liburua, zirria eta zierrea itxi zituen.

        —Lanean? Alberto.

        —Pahh.

        —Hator hona, gauza bat zeukeat hiretzat. Ez hartu makilarik. Nik emango dizkiat ordenak. (Jaramon eginda zutundu zen). Ezkerrerago... pittin bat ezkerrerago... zuzen.

        Mariak lortu zuen Alberto ohearekin estraposatu eta bere gainean edikutzea. Biluzik zegoen bere larru bero biguna itsutxo kuttun hari erakutsi nahiean. Albertok albora egin zuen zaku zaharren gisara egotea inoiz ez zitzaiolako gustatu. Mariak bere eskua eskatu zion: (...) urratuta daukak eta kokolotxo horrek.

        —Badakin... apunte errepasatzen ibili naun.

        Behatz luzeenari bakarrik erakutsi nahi zion gorputza. Bekokitik behera, sudur txatoan gora ahoraino. Mariak mihiarekin teman bezela jarri zuen behatza. Ez zen mila haginkadatxo gabe gelditu. Leku laban hartatik, okotzean behera. Amildegian kontrola galdu eta esku osoari lizentzia eman. Albertoren esku hura Mariarena zen eta Mariak gidatzen zuen geldiro papar irripatsuan tontorreraino, lau puntu kardinalak ikusi nahi dituen mendigoizalearen antzera puntarik gorenean buelta eta buelta eginez.

        Eskuak aurrera egin zuen gaztetako tirrin barregarrian txiste mutu bat egin arte. Handik beheratxoago Boloniako basoa zegoen, bizioaren kapitala askorentzat. Mariak Albertoren behatzez espiatu nahia zeukan kalera begiratzeko kurtinetan tartetxo bat egiten den eran zabaldu zituen ezpainak, kontuz.

        Albertoren ordurarteko inertzia bien borondatez amaitu zen, Mariak ezin zuelako hatzapar hura bere gustora mugitu eta Albertok... ba aberetzen diren gizon maitagarri hoietako bat zelako. Eta beti bezela beste giza animali guztien moduan sartu-etaran bukatu zuten arloa.

 

V

Eskola ordu osteko isiltasuna hileroko soldata baino atsegingarriagoa zeritzion Don Elvirori. Pupitre ilarak hutsik iluntzero eta ume burrundara herriko etxeetan sakabanatua; etxeetan amonen mimoak, aiten gerriko zein amen bost hatzamarrak.

        Pentsaketarako une aproposa ordukoa; gela umeen gelgi egon ezinak berotua, kanpoan egabera aroa. Kristal ertzak monotonamente difuminatuak eta negu oro gogoetara garamatzaten gauza guzti hoiek melankoliarantz tiraka. Gizaki guztioi gertatzen zaigun gauza bera, gehienok leiho parean egiten diegu errepasoa gure urratsei. Beti ikusten ditugu gure buruak asegabe... hau ta bestea... eta batez ere bakarti, inguruetako etxeetan antzeko patxaran norbait errepatu arte, orduan, eta orduan soilik, elkarrengandik begirada gemeloak aldentzeaz bat, berriz ere pertsona gauza apartekoa dela ikasten dugu. Kanpora begiratuta bere barrua ikus dezakeen bitxo bakarra dela eta babesten duen kristal hauskorra baino makalagoa dela.

        Era honetako egunetan norberen eskuz, pozak eta itxaropenak urkulduz, kareharria birrindu eta hare bilakatu ohi den gisa, gizonak kaskarra igursten du eta katamar egiteko jiterik ere ezin hartu, burua makur, etsipenak irabazia, satorren nibelean.

        Satorren ikusmena zeukan Aistiko mutiko gixajuak eta ezin eskolara etorri. Elizpeko harmailetan zegoen, orain ere, eskola umeak zein alai eta bizi zebiltzan adi.

        Adinak irakatsirik ugari omen eta horregatik Don Elvirok kristaleko lurrunean txorokilkeria bat hatzaparrez marraztuta bere tristezia askotan bezala sahiestu zuen; etsipena egunerokotasunaren izaraz estali nahi zuen, hau kanpoan zebiltzan bi ikasleren idazlanak gogoratuaz. Biak katuei buruzkoak ziren: batak katuak suabeak eta polittak direla, beti jolasean edo altzoan lo daudela eta atsegin zitzaizkiola zioen bitartean; besteak erpeka egin eta odola ateratzen dutela, galtzerdiak apurtu eta arratoi zikinak eta txerrikeriak jaten dituztela.

        Gogetak alperrik.

        Don Elvirok kristalean egin zuen monigotea ezin zen leihoetatik begira egonez tristetu, ezta kristaleko silueta egin berria osotzen zuen elizpeko modelo itsua ere.

 

VI

Guzti hauek itsu kontuak dira eta nik eskamak zituen gizon ikaragarriarena Kontatzekotan hasi naiz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.