L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ...y Manolo hazte la cena solo (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Marokkoko kokoak

 

D de l'A

 

Bidea neketsua zenez behin baino gehiagotan ekiten nion juramentu marmarka, baina hura ere neure kalterako, ezer konpondu beharrean ahoko txistua kontsumitzen nuelako. Madridik harunzkoa infernurainoko aldatz behera azken gabea egin zitzaidan. Ene Machado eta Lorca hileta elizkizunen osteetan zanbrada eta jauja galasoko zituztela ikasi hilko zineten. Beharbada urte bete batzuk barru tren loka hauei artez ibiltzen erakutsiko diete. Begiek harrapatu besteko lautada hilak lau aldemenetara bela beltzen eta artzai zaharren baten mogimendu pausatuekin. Don Quijoteren ibilerantzako antzeztoki egokia, baina aldiberean guzti hura zeharkatzen eman beharreko denboran tripa zorriak eta nekeak eraginda fantasiatik mozkor okada legetxe erraz edozein egotziko lukena. Andaluzia kiskalgarrian bazirudien tren barruan geundela geldirik eta lehio kanpoko olibondo amaigabeak kuoadro kilikoloa. Andaluziarrak lanerako amorratuegiak ez izatea gauza agiria ez baldin bada norbaitentzat, datorrela Bilbotikan terserako matraka hauetako baten udaberritik aurrera; ahalik eta erosoen eserita etorri arren eta aldamenean jartzen diren atso perpetuo hoietakoren baten abanikoa agiriki aprobetxatu, zalantza gabe gorputzeko azala lehio lurrundu baten pare jarriko zaiola eta orduantxe konturatuko da zein desagradablea den arropak humeltasun nazkantez itsatsirik izatea, eta zein bidegabea horrela lanean hastea. Bada gauza harrigarriagorik.

        — Silvie viens ici —Esaten zion, zekien frantsez apurra ozenki exibituz, aberastu guran Frantziaratutako inmigranteak bere alaba bati, erdara traketsari aitzakia bilaturik bide batez.— Muestgra el tikét al cobraderó.

        Estu estu zihoan sendi guztia, elkarren ondoan pilatuta eta erdi lo, maletaz gainezka. Mutiko gazteena zen lorik egin ez zuen bakarra eta gurpilak faltan zituen kamioitxoa hamaikamilagarrenez aitaren eskubittorretik ukondoraino eramaten zuen zertan zebilen konturatu gabe, treneko ezezagun guztiak ijito begi zoliz espiatzen zituela.

        Allez allez agindura jetsi ziren hauek ere hor nunbait eta olibondoen kuadroa marina bategatik ordezkatu zuten treneko arduradunek eta pixkatera eszena hartan murgiltzeko Sarrionandiak Margarite Youcenarri aditutako sekretoa oso prosaikoa iruditu zitzaidan trenetik jeiskeran. Bazkalostea zen teorian eta kaia baketsu zegoen, beti lez agian. Sareak eguzkitan; zurezko kaja ugari muellean pilatuta, despilatu eta txalupetan pilatzeko; premiak jota dirua edozelan ateratzeko gertu dauden larru beltzak gerizpetan artilezko txanoekin gehienak. Bi ordutan kontinentez aldatuko ninduen txanela aurkitzea aski erreza egin zitzaidan, herriko tabernatxo bakarrera sartzea eta nire morrala erdi agirian ixtea nahikoa izan zen bidai lagunen mahai berean eseritzeko gonbita jasotzeko. Agur axolage bat izan zen nagusia zirudienak bere edalontzia trago batez hustu eta karta jokua alde batera utzi arte esan zidaten bakarra.

        Handik atereaz txaluparantza bideratu ginen nagusiak zeraman abiada bizkorraren atzetik.

        — Hoy lo tenemos muy chungo para llegar a vela. ¿Cómo está el juguete de gasoil? —esan zuen nagusiak eta bere burutapena balitz bezala ez zeukan erantzuna jasotzeko itxurarik. Norbaiten bila borrokan egitekoan doanaren itxura guztia zeramalarik.

        Ederrak kontuak munduko pirata inkapazenari heredatutako egur zati haien ardurara bere burua uzten duenarentzat. Existentzializmoz kutxatu nuen nire barruko azken zokotxoa traste zahar hartara, barre kokolodun marrokiar baten esku expresiboari jaramon eginez, igo orduko. Haizoihaletako ipingiak jatorrizko ehuna baino askoz ugariagoak ziren, egurra irenstontzi bat beste zerenak zulatua bazter guztietan, pinturaren arrastoren bat kanpokaldetik eta burdinezko gauza apurrak guztiz herdoilduak. Ordu bitan bestaldean izango ginela baieztatu zidaten, baina ezeren beldurrik ez izateko eta hura oso segurua zela esan zidatenean konturatu nintzen errezeta sikologiko merke hartaz, portu barruan eta lotuta egon arren etenbako gorabeheran zebilelako tiobibo hura. Ur haietan ikusi nituen lehenengoz arrain hegalari famatuok, eta benetan beraien dotoretasun sarri azpimarratua justifikagarria dela. Marinel haien eguneroko joan etorrien aldean Colonena huskeria izan zen, baina ez ziren horretaz jabetzen ume mokotatik ikasitako geografia apurra Marrakechen bukatzen zelako eta historia ganorabakoa aitona gezurti batzuen bitartez zekitelako ganorabakoki.

        Barre kokolodu marrokiarrak ez zituen niregandik begiak aldemeneratzen eta gatzbako irri hark ketoena ere sutuko lukela seguru nago.

        Azkenez, kostata, heldu ginen Afrika mitikora. Batek zekien zer aurki zezakeen han Txurdinaga zibilizatua ezagutu ondoren. Nagusiari ordaindu eta lehenengo egin nuen gauza portuko maila batek eskein dezakeen zihurtasuna aprobetxatu nuen zigarro baten mehatxu bakarrarekin. Tabakorria erre ondoren autobus geltokirantz abiatu nintzen, ez aurrez lau pausotara espiatzen ninduen barre kokolodun marrokiarraren barre etengabea bere muturren aurrean imitatu barik.

        Atondoan, ekipajea hanka tartean estututa, zutunik gelditzea izan zen nire aukera bakarra biharamuneko autobusa hartu nahi izan ezik. Autobusa jendez gainezka zihoan, hala ere txoferrak engainatu ninduela seguru nago, zibilizazio hartako ongietorria engainua delako. Bero izugarriari barruko jendetzak gehitzen zion hatsak, bendejaren sobera ugariekin etxerantz itzultzen ziren atsoak, bizikletaren batek eta agure zahar baten ahuntz bikoteak beste gauza batzuren artean bidaia erdi onirikoa osatzen zuten. Nire hurbilen zeudenek disimulo gabe begiratzen ninduten goitik behera. Nik ere antzera jokatzen nuen eta lagun guzti haiek hainbeste arropa artean izkutatuta ikustean eta sukarraren antzeko zerbait nire gorputzez jabetuta, poro guztiak sumendi bizi bilakatu zitzaizkidan. Bare zaratatsu hark, bero handia botatzeaz gain, bide ertzeko guztiak hartzen zituen leku apurrik eduki ez arren. Ingurukoen begiradak nire gain jarraitzen zuten. Halako baten aulki bat hutsik geratu zen neure pare parean eta makurtzea besterik ez nuen izan hartaz jabetzeko. Morrala altzoan jarri eta zigarro bat ahoratu nuen. Pixkatera atzean eseririk zegoen marrokiarrak lepoan jo eta keinu maitakor batez zigarro bat eskatu zidan. Kolpean inguruko gizon eta mutiko guztiak atzeratu itxura osoz eskari berbera egin zuten eta tabako gabe geratu nintzen. Eskerrak ordutik aurrera jende aurrean ez nuela erre eta eske zetozenei ezetza ematen niela. Jendea jeitsi eta hartu arren autobusak beterik jarraitzen zuen, hala ta guztiz ere gure ingurutik pasatu zen tren bat ikustean autobuseko desabantailak ez zitzaizkidan horrenbestekoak iruditu, hark Noeren aurreko holokaustoa ematen bait zuen.

        Meloi saltzaileak ikustea penagarria izaten zen heuren lau bost melodiak ez zituztela salduko onartuz bezala arimarik ez zegoen lautadetako bide bazter bakartietan poste baten gerizpean etzanik. Eta are tristeagoa abar besokadak garraiotzeaz okertutako emakume jantzi koloredun zulatuz jantzirikoen bizitzak imaginatzea.

        Halako baten, motorra arnas hestuka, ailegatu ginen Fesera. Bertako medina ikaragarri handia zen eta gainetik ken ez ditezkeen gida guztien arabera han barruan galtzen zenak ezin zuela irteerarik bi egunetan aurki. Gida gogaitgarriak autobusetik jeisteaz bat etorri zitzaizkidan gainera galtzearen gorabera hori esanez, beraiek erakutsiko zidatela ez dakit zein mezkita, aurpegia beloz eztalia zeramaten emakumeak zirela lapurrak eta beste mila arlo ingles, frantsez eta kastellano bitarteko hizkuntza nahasi batetan. Nirekin nor etorriko teman zebiltzaten dozenerdi lagun haiengandik alde egiteko kontua ezinezkoa egin zitzaidan atzean jarraitzen nindutelako, bakoitzak bere aholkuak emanez, beraien arteko eztabaida aurrera zeramatelarik era berean.

        Berehala laberintoa benetazkoa egin zen. Kale ugariak antz antzekoak eta oso estuak ziren, eguzkia sar ez zedin, omen. Asteguna zen arren bete beteak zeuden bazter guztiak eta pauso bi zuzen eta geldiunerik gabe egitea eta elkar ez ikutzea ezinezkoa zen; hori zela eta diru guztia galtzerdietan neraman. Bultzekada eta txilioa ziren nagusi. Esker eskubian eskolara hasteko adineko umetxoak ezin estuago metro biko lokal ziztrin eta ilunetan mailuarekin dinbi danba amets egiteko beta ezagutu gabe.

        Azkenez gida bakar bat geratu zen nirekin, kabroiena zer esanik ez, eta bere asmoa beste guztien berbera: hitzartutako ezagunen dendaz denda eramanez komisioa jasotzea. Baina hura ez zen nik egin nahi nuena eta haserretu egin nintzen alde egin zezan, eta hala egin zuen dirhman batzuen truke. Baina aguro hurbildu zitzaizkidan beste berri batzuk, eskerrak je suis ici une semaine déjà esanaz bakean uzten nindutela. Ezinezkoa zen txilaba zolduak norberaren ondotik kentzea, suari berotasuna kentzea bezain zaila zen. Arropaz kokoteraino zeudela esatea zehaztasun gabekoa izango litzateke, handik gora ere beste alprojaren bat eskegia bazutelako eta ugerra proportzio berean. Nire parean atanzion ohiua pausoko errepikatzen zen eta lehenengoz entzun nuenean aldemeneratu ordez atzerantz begiratu nuelako ia ia zaldi baten apatxak inprimatuta gelditu zitzaizkidan aurpegian. Baina ez pentsa zaldiak eta astoak zebiltzatelako kaleak ez zirela aurrez esan dizudan bezain hestuak, ez horixe. Barrez asto kontu hau ezin hobe datorkit zabalera patxaraz zehazteko, hain zuzen ere kalean hauetako bi animaliak ozta ozta igaro zezaketelako. Kontakizuna ipuin itxura guztiak hartzen hasia da, eta are gehiago asto ataskoak ikusi nituela esaten badut, baina ez uste gauzak asmatzen ari naizenik.

        Umeek atseden gabe lan egiten zuten bitartean nagusiek nasai itxaroten zuten erosleren baten hurbiltzea beraien ohial edo ehun dendetan, edo besterik gabe batetik bestera ibiltzen ziren jende artean. Han izan nintzen denbora apurrean bi pertsonai nagusik egiten zuten lan soilik: bata, zaborra astoaren otzaretan pilatu eta herri erditik zihoan ibai beltzean isurtzen zuena eta, bestea, otzaretan zaborra pilatu beharrean izotz blokeak garraiotzen zituena. Egia esan ez ziren bi hauek lan egiten zuten bakarrak, baina bai astokiloki egiten zutenak nik ikusi nuen pixkatetik. Ez dut gogoratzen zergatik baina Fesetik nahi baino bizkorrago alde egin nuen. Handik Marrakech entzutetzura.

        Bidaietako kalbarioa erdibanatuz ez zaitut oinazekide ikusi nahi. Lurrak gero eta gorriagoak zirela telegrafiatu besterik ez eta noizbehinka ikusten ziren hezur eta azal hutsezko behiak beraien zaintzaile makarrak beste aspertuko zirela lur antzuan eta harri koskor tartean jakirik ezin aurkitzea asumituz. Marrakecheko lehen berezitasuna trafiko arauei jaramon ez egitea da gaur egun ere; beraz, eta jendetza ikaragarria kontutan izanik, berebildunak, oinez dabiltzanak, kalesa gidariak eta bizikletadunak ur irakineko puntotxoen bizitasun eta desordenez nahasten zirela.

        Medina Fesekoa baino askoz zabalagoa zen eta merkatua txabolaz egina gehien bat. Txaboletan txilabak, sandaliak, poltsak, teterak... azken baten turismo urriezinagoarentzat eskeintza berdina bazter guztietan. Saltzaile gogaitgarriak dendetan sartzen ninduten derrigorrez. Iluntze aldera batez ere beldurgarria izaten zen besoetatik tiraka denda barruetara eramana izatea. Salgai zuten guztia erakusten zidaten behin eta berriz nire ezetza behin eta berriz jaso arren. No problem amigo, bonito pretzio eta nik ezetz. Kanbio? Kanbio? eta nik ezetz. Azkenean beti gauza berdina eskeintzen zuzen modu maltzurrenean: kiff, hahss.

        Eta denda hartatik irtetzen zenuenerako bestetakoak zuhur zeuden beraienean sartzeko. Fesen ez bezela hango komerzianteak tematiak eta astunak ziren, bat edo beste izan ezik; eta hauen artean harakin baten irudia berri berri gordetzen dut buruan mostradore antzekoan nola zangoak gurutzatuta buruz behera zintzilik zituen bi bildotsei adar bati geldiro eraginez euliak kentzen zizkiola mila urteren buruan gauza berari ekin beharko balio legez indarra alferrik galdu gabe. Guztia zen liluragarria eta aparta: suge enkantalariak; gauero korrotxoak biltzeko eta liluratzeko gai ziren kontalariak; ikutuaren ikutuz ia irudiak galdutako kartak irakurtzen zituzten atso sorginak; mantarretik irristatu berriak regateoa ikasteke zimetzezko zestellak huskeria baten truke emanez etxeratzerakoan hartuko zituzten sumantak imaginatzea; gainetik kentzen ez zitzaidan emakume eskalea, zeinek bere ume eznormalari txitximurka egiten zion erdi ezkutuan txilio egin zezan errukia eman guran eta emateko beste; edozelan engainatzen duten kosto saltzaileak; matrikula denda; lapurtu guran eskua poltzikora luzatzen dizunak; kaleko zarraparran hizkuntza mordoa ikasi duten mutiko ugerrak; zer ez... Guztiak zomorroa eta makilajea zirudien, kontakizuna eta platóa. Oinarrizko ikasketak burutu dituen edozeinek antzezlana jenero zuzenean kokatuko lukeela dudarik ez.

        Iluntze batetan argazki mundial bat egiteko aukera muturren aurrera etorri zitzaidan. Fruitu saltzaile bat besterik ez zen eta bere denda, eskaparate eta almazen, jubilatu beharreko bizikleta bat, zeinak toki guztietatik otzarak zintzilik zituen eta barra gainean balantza kordel batekin lotua. Gizon zimel, eta eraberean —zentzu okzidentalean— etorkizun gutxiko saltzaileari, erretratoa egin aurretik baimena eskatu nion eta baietza nik luzatutako dirham baten ostean etorri zen inungo zalantzarik gabe. Beraz, argazkiak arima lapurtzen duen uste marrokiarraren arabera bere arima hemeretzi pezetagatik saldu zidan lasaitasun osoz.

        Denborak zimeldutako larruzko babutxek ganora gutxiz landutako kortxo itxurako behatz batzuk erakusten zituzten hanka hezurtsu bien muturretan eta aurpegiko bigoterreak deskuidoz egindako pintzelada ematen zuen narru barniztatuaren gainean. Argazkia egin ta gero bere fruitu mazkal erdi ustelak erakutsi zizkidan eros nitzan, baina tentagarriak ez zirenez janariz ase nengoela adierazteko betiko keinua erabiliaz agurtu nuen zeharka. Baina burua okertu eta norabidea aukeratu baino ez, txiss txiss sugerente bezain konplize batek toki berberera eraman ninduen. Salketa frustatu guztien ondoren eskeintzen dena eskeini zidan —amigo— bertan frogatu nahi baldin banuen bertan erreko genuela purotxoren bat. Nik engainoa nondik nora atera zitekeen pentsatzen hasia nintzen, halere ordurarte esanak nire kalterako ez zirenez, tratuari heldu nion. Marrokiak harri beltz galant bat eta beste istoria guztiak atereaz hasi zuen operazioa trebeki hatzazkal beltzdun hatzaparrez baliatuta. Hatzazkal haiek atzerakada eta hotzikara eragiten zidaten... komunerako paperik erabiltzen ez dutela pentsatzeaz bakarrik!

        Itxurako droga debekuak atzera-aurrera erdi eskutuan egitera behartzen gintuen arren, usaia aguro hedatzen zen, oxigeno garbiena alde batera uzteko beste ahalmena duen usai goxoa. Ahokera ederrekoa zen eta hanketan hasten den kilikilia burura laister igo zitzaidan. Marrokiarrak haren kalitateaz keinuz galdetzen zidan, aurrez esandakoa baieztatua ikusi nahirik. Guztia erre genuenerako ez nuen neure burua hain arrotz ikusten turista paperean eta irrifarrea edozergatik ahoratzeko gertu neukan. Halako batetan hitz egiten hasi zitzaidan eta seguru nago euskaraz ez zidala egin baina niri hala iruditu zitzaidan. Gorputza eta burua arinak neuzkan eta horregatik hari entzutea laburra egin zitzaidan.

        Izatez Shissmaref herrixkakoa naiz, han hazia eta duela gutxirarte han bizi izana. Shissmaref mendi lehorrez inguratuta dago eta han bizi denak ez du gosea, gehiegizko hotz eta beroa, bere auzotarrak eta ondasun mixerable batzuk besterik ezagutzen. Terrazatan hazitaho arto arlo narru batzuk salbu, guztia harri hoskorra, irripa eta ura ikusi bako lur zuriska da. Herritik behera jeisten ginenetatik bat ere ez da hara bueltatu, horregatik mendien ostean dagoena ezezaguna da han bizi denarentzat. Hango batek ezin lezake lautada bat edo itsasoa imagina, neguko errekasto biziak begiaurretik urruntzen ikusi arren. Munduaren zabaltasuna zenbatekoa den susmatzea ezinezkoa zaio, hemendik izarretarainoko bidea hauetatik haruntza beste horrenbeste luzatuz gero aurki genezakeenaren berri jakitea guri ezinezko egiten zaigun heinean. Biztanleen artean tirabirak maiz egon arren, guda zer den inork ez daki.

        Hitzaldia buruz ikasiriko otoi gisara bere buruaren bakardadeari botatzen zion bitartean, aurrez erakutsitako esku habilezia modu berdinean azaldu zuen konturatuge. Kaladako burua malda bat jasotzen zitzaidan inkonzientziaren eskaileran.

        Shissmarefen dirua da ezer balio ez duen gauza bakarra, beste guztia trukagarria da: negurako abarrak, uzta traidorea, esnea, emakumeek egiten dituzten txilabak... guztia.

        Lurrezko lau orinaren artean eta egurrezko aterpe baten azpian bizi gara. Zimetzezko esterak ohetzat eta txerrikeriz sendoturiko txilabak izara eta estalki faltan, eta behartsuenak abereen berotasuna behar dute gauero bizirik irauteko. Ene! Zer den negua Atlasean! Bazter guztiak elurrez jartzen dira eta nork uxatu hotz madarikatua?

        Nik ez nuen tutik esaten, baina ez uste horregaitik egoera deserosoa zenik, alderantziz edozertarako gertu nengoen gorputzaren jabe ez nintzela baina denbora guztiarena bai ordea.

        Nola hala ulertu niola uste dut. Kontutan hartzekoa hala ere maspasatu egin nintzela eta gauza batzuk ondo ulertu ezezik, beste batzuk ahastu ere egin ditudala.

        Hotzak ume jaio berriak tragatzen ditu. Abereei noizbehinka belar siku uskeriaren bat ematen zaie esteak elkar jota gera ez dakizkien, edozelan ere erosioak itsas bazterretako haitzetan eginiko zulo-tontor eskultorikoak bururarazten dituzten beheien mokorrak ikustea nahikoa da horrek ezergutxirako balio dezakeela jakiteko.

        Esteretan eserita, seme alaba batzuk altzoan eta hiru emakumeak zeregin berdinarekin, elkarri begira egotea besterik ezin da egin.

        Uda beste kontu bat da, gutxienez umeak eta animaliak ez dute gose irrintzarik egiten eta oinutsik ibil liteke mendian zehar ibili behar ezik. Guztiok daukagu zeregina, bai nire andrek bai neuk. Udan ere beti izaten da koittaren bat; sikutea, sugeak, haurtxoen musu adurtsuetatik aldentzen ez diren euli edo ezpatak edo beste koplaren bat, hala ere hotzarekin gonbara ezinezkoak.

        Gogoz kontra utzi nituen seme alaba eta hiru emazteak. Hauen fideltasunaz gehiegi fidatzen ez nintzenez elkar zaintzeko erregutu nion banan banan bakoitzari, bera zela hiruretatik zintzoen maite nuena aitortuz. Guzti hau ere ez zitzaidan zuhurregia iruditzen eta auzoko andre hurbilenari zain zitzala eskatu nion, bueltarako arkume bat aginduz. Segurutik gehiegizkoa irudituko zaizu, baina hala ere badakit hirurak gizonezkoren baten altzora joango zirela bizkor edo berandutxuago. Etxeko andrak errez libratuko ziren bata bestearengandik, hirurak horretara ibiliho zirelako, eta auzokoak nirea baino erregalo hobe baten truke tutik ez zuela aitortuko zihurtatuko zien, gero ni hemendik joandakoan ahuntz ederrena oparituz guztia jakin arren.

        Etxeko mandoa hartu eta honuntz bideratu nintzen aberastekotan. Mendi ugari zeharkatu eta hamaikatxo pauso egin behar izan nituen Marrakecheraino ailegatzeko. Lehenengo ikusi ninduten herrietakoek laister igarri zuten menditarra eta ezer ikusi bakoa nintzela; eta konturatu orduko mandoa bizikleta zahar honegatik aldatu zidaten abantailak goraipatuz.

        Ustekabean eta kamara batek desenfokearen lainotik atereaz edozer berehala argi erakusten digun eran, arra betera polizia lodikote bat hurbildu zitzaigun. Fruitu saltzaileak porro erre berria trebeziaz ezkutatu zuen oinpean, aurrekoa ageri agerian izan arren poliziak ez zuen erreparatu, baina zerbaiten susmoa bazekarrenez zutitzeko agindu ondoren aldean zer generaman jakitekotan errekistatzen hasi zen. Saltzaileak hanka bat lurretik jasotzen ez zuela konturatuz, porraz ikututxo batzuk egin zizkion eta hanka narrasa suge batek heldu zionetik zeukala eta aiena sinesgarri batzuk entzun arren, zangoa jasotzera derrigortu zuen poliziak keinu harro baten bidez. Hura akaboa. Nahiz eta herriaren ogibide jakin eta nagusietakoa droga izan, debekatua zegoen, eta aldiberean gogor zigortua.

        Huskeria hargatik gartzeleratu egin ninduten. Nire itxurazko laguna ere barrura sartuko zutela imaginatzen dut, baina zihurta ezin diezazukedan gauza da hori, geroztik ez genuelako elkar ikusi. Nor jakin ez ote ninduen engainatu?

        Han nengoen ni gizon itxura galdutakoz eta arratoiz gainezka zegoen zeldan. Kanpoan inork ez zekien nire berri. Etxekoek kostaldeko hotel merke baten nengoela usteko zuten, lagunek mendi edo azoka zaratatsuetako baten eta munduko enparauak nintzen edo ez nintzen ezin zuten inola jakin normala zenez. Tokia iluna zen baina orma baten goikaldetik lehioak ipintzeko egindako bi zulotik argi itsugarria sartzen zen, begietako mina eragiteko bestekoa. Han barruan ezingo nukeen luzaz bizirik iraun. Komikietako naufragoen antza zeukaten guztiek, eta marrazkiek eduki ez dezaketen gose eta egarria soinean. Uharte hartan tiburoiak lurgainean zebiltzaten eta naufrago nobela guztiak irakurritako denik eta zoroenak ere kanpora botilamezularirik bidaltzea alferrezkoa zela ausnartuko luke. Eguerdiruntz, zaintzailea, pertze handi bat eskuetan, etorri zenean guztiak pilatu ziren atondoan zer harrapatuko; ni hurbildu nintzenerako atzea emanez hurruntzen zen gartzeleroaren irudiaz enpatxatu nintzen. Sabela irrintzaka izan nuen luzaroan, eskerrak besteek irentsitako kopotxo nazkagarria bizkor oroimen bilakatu zitzaiela eta nire egoera berean jarri zirela. Barruan luzaroan zeudenak arratoi harrapatzaile trebeak ziren eta gure aldean gose txikia jasatzen zuten. Lokartu itxura ipini eta arratoia bernan gora hasten zitzaienean, zapla kolpe egin eta gosea bareturik. Zazkarakeri ikaragarria zen komisariako desaguetako txis eta kaka artean gustoren zebiltzaten arratoi tortoloak jatea, baina habilezia izan ezkero nik ere jango nituzkela onartzen dut.

        Egunak joan egunak etorri bakoitza bere zokoan, hezurrak gero eta agiriago eta handik ateratzeko itxaropena Kontxintxinan. Ahaztuta geunden han barruan. Iadanik zaintzaileak ez zidan jaramonik egiten "nire kasua zer?" galdetzera joaten nintzaionean. Ezer txarrik ez nuelako egin han barruan ezin nintekela egon errepikatzen nion, baina nitaz ez ziren gogoratzen eta gartzeleroak aldemenera begiratzen zuen hasten nintzen bakoitzean. Hura jasan ezinezkoa zen. Eskerrak handik atera eta beste gartzela patxadazkoago batera eraman nindutela. Zelda berria txikia eta lagun bakar batentzat egina zen. Orduen isiltasunak eta etsipenak ematen duen adore esplikagaitzak galderak egitera bultzatzen ninduten etengabe. Ea zergatik nengoen hainbeste denbora barruan, ea nire arloa beste batenarekin nahastu zuten ezjakinean eta erratuta ote zebiltzaten, bi hilabeteko soldata eskeintzerainoko "ea" posible guztiak alferrik botatzen nizkion zaintzaileari. El proceso ikasle sasoian erneguz irakurri nuen liburu astuna zetorkidan gogora eginahal usteletan saiatzen nintzen bakoitzean, liburua gogaitgarria izango zen baina nire errealitatea are gehiago. Zenbat denbora eman beharko ote nuen bi metro itogarri haien baitan? Ezagunei bidali nahi nizkien deiak muturren aurrean erdibitu zizkidatenean itxarotea aukera bakarra zela ulertu nuen.

        Eta hori egin dut gaur arte, hilabete osoetan, urte pare baten agian, itxaron. Nire alkondararen kuadrotxo ugariak behin eta berriz zenbatuz zihur izatekotan ezer ardura ez arren, halako baten berria eman didatenerarte. Itxarotea bukatu dut, horregatik orri hauek zure eskuetara heldu eta irakurtzen dituzunerako milaka kokoren sabeletan barraitua izango naiz lurpean.

84ko udaskenean. Lisboa.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.