L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ...y Manolo hazte la cena solo (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Horma

 

Martziano Probintzianue

 

Bi begi borobil, izugarriak aurpegitik ihes egiteko asmoaz lehertzear izango balitu bezala, berde plastifikaturiko ttuaz higuinaren begirada ebakia, hertsitako aho lerro potolotik zapo doinu geldoaren jauzi zotintsuez hautsia, basamortuaren hare eremu amaigabean berreiatzen da, ortzearen asperra hutsalaren aho zuloan euli bihurri baten hegada zirikatzailea haruntz, honuntz, mutur puntako ezten zorrotzaz helburu puntuak amorruz erasoaz, zapoaren zotin eztulaz eulia bapatean kanpora jaurtia da, hegoak jasaniko kolpeaz behartuak izanik, euli nazkagarri hauek ez dute bakean uzten, zapoa jauzika, muki izerdiaz bustiriko haragi naskagarrian harearen igurtziduraz zikindua agertzen da, sabel azpi haragitsu, zuriska eta hanka luzeen mugimenduzko palanka indarrez jasotzen denean, baina zer kontatu behar nizuen? Ah, bai noski basamortu honetan bizi dudan historio arrunta agertuko dizuet, hitz egitean ttua botatzen badizuet barkatu, badakizue, nik haragi gordiniko gorputz berdea dut, eta ur asko den zingira eta putzuetan bizi behar dut bestela basamortu honetan maiz gertatu den gisa ene gorpu ihartua, eguzkiaren horzkada erreaz hondarrarekin itsatsia geratuko litzateke, zapoak oasis paradisiakoan isurtzen dan ur epelean asetzearren, lehen nioen bezala ni natorren urruneko hare gotorrez jasotzen diren mendi haietatik gertu, lur azalean basapizti txar batzuren aztarnarik baizik ez den nabarmentzen lautada isolatu batetan gizakiek HORMA garaia, jainkoa aurkitu omen zuten, mendien garaiera gaindituaz ortzearen urdintasunarekin besarkatzeraino iristen da, omen diot, nik horma hori inoiz ez dudalako ikusi, ez, ez naiz itsua, ni bezala asko dira, bo gehienok egia esan, agerpen horiek gutxi batzuk ez ditu izan, konturatu gabe ez dut mutur punta berarekin kolpatu, patata zakuak saltzearren oihuka zen lepamotz haren estikadarekin ezik, izugarrizko feria eraikitzen dute egunero HORMA inguruan, nekazariak bere fruitu bereziak aldarrikatuaz, grabazio piratez hornituriko kassete saltzaileak nota patxangeroez airea astinduaz, goxoki pastak haurren begi aurrean tentagarriak, kolore biziez hutsaturiko arropa merkeak salgai, labana, kartera eta beste edozein bitxiren salmenta, jende txinaurritea alde batetik bestera saltzeko denaren balio edo kalitatearen jakinminaz begiak dantzan, dena saltzen, erosten da, nork zer edo nor, dirua erosteko jakia saldu edo jakia erosteko dirua irabazten den bereiztea, kroak, barkatu, glub, gauza zaila delarik, badakizue zotina dudala, uretan bait gabiltza beti, bo, gero HORMA igarle eta adoratzaileak milaka agertu ziren, bakoitzak bere sermoi eta mezu berezia adierazteko, beraiek HORMA dagoela dioten lekuan, bere kapilla, sinagoga, mezkita eta beste edozein moetatako bilguneak sortu dituzte, zenbait eraikuntza harbitxiez jasoak dira, bere handitasunez arrandiatsuak, badira egur apalez eginikoak ere, batzuk adatsa eta bizarra zuritua behar dute, beste batzuk hankutsik ibili behar dute bizitza arantzez jositako pairamena dela frogatzearren, paiska kinkila saltzaileak, oso ona, oso merke, oso ona, komertzio gune munstroak, bai honelako dendetara etortzea asko gustatzen zait, Entzun, Entzun, Miren Barquín Agirre Informazioan ager bedi, edozein gauza aurkitzen duzu, eta gainera arratsaldea paseatzeko modua da, egia da bai, arrazoi duzu, izozki saltzaileen postu koloretsuak, natazkoak! limoizkoak! erosleak, haur bihurriak, zekor hiltegira doazela diruditen agureak, atso berritsua, bikote maiteminduak, asperraz eta haurrez zamaturiko ezkonduak, oste burrunbatsua, bere kolore ugaritasunez, higitzeko korronte monokordearen uniformetasunez kolorgeak, bururutik gabe doa, iragarkien bidez gidaturiko jakin mina eroana, igarle, artzapezpiku, eta beste zenbait aukeratuek diotenez, ororen giltzarria, sorrera, energiabide eta bizitz zentidua HORMArengan datza, anaiok makurtu zaitezte, zu ere anaia makurtu, diamantezko HORMA-k damaizu bizitzeko energia, zure zelula guztiak berez apurtuko lirateke beragatik ez balitz, ez zarete ezer, ez, ez gara ezer, adora dezagun diamantezko HORMA, basamortuko ortze urdintasun espesoaren horzkadaz kiskaliak, sinismenadunen begiak, igarleak zutitzeko dienean HORMA doratuzko ikurra leku guztietan hedatzen da, bere aurrean aurkeztean, guztiek ahoratsuki agurtu, mirestu behar dutelarik, HORMA bera ikustea bezain ohoreztagarri, arriskutsua da ikur batekin aurkitzea, hiritarrek hautaturiko pertsona konzeptzioa, intenperante batek inola ere ez dezan apurtu hertzaingo patruilak, kalez kale, gau eta egun gelditu gabe ibiltzen dira, HORMA ikurraz hornituriko kasko zuriak urrunetik nabarmentzen direlarik, Edan Coca Cola, salaketarako jendearen kontzientziazioa ere harrigarriki inplakablea eta egonkorra da, Renault konfidantzazko zeure autoa, askotan HORMA ikurrak komertzio iragarkiez estaliak geratzen dira, jendea uholdeka doa, bere ustez beharrezkoa duen, aukeratu duen eroskia eskuratzearren, kobratzean jendearen sentimendurik gabeko pairamena, supermerkatuan lana aurkitzean, inongo satisfakziorik gabe, gauza bakoitzaren salneurria makinaz teklatzearren, eskua mekanikoki, agur bai, Manoli, agur bai, luzatzean asperra ezin uxatuaz, bezero fidel horri gaur oinetakoak beherapenetan ditugula gogorazten dizugu, komertziogunetan barru ere HORMA ikurra leku ikusgarrietan ezartzen da edo bikoztasun sintetiko merke batzutan saldua ere bada, ondo saltzen omen dira, honelako ikurrak hiritar guztien bular gainean ikusi nahi luketen ordena agintariak badira, eta ez gutxi, baina azken finean beraien santutegi bortxagaitzak diren kuarteletan ere, Edan Coca Cola, tabernak bere iragarkiekin nabarmentzen dira, hala ere itzel handia du, HORMA da oro, berarengandik sortzen da gure izaera, grekoen zantzu hiritarra erabat galdua da, pertsona beti da izatea osoaren azken elementua, han urguiluz gainezka ozenki mintzo ziren tunika zuriko hiritar grekoak, kolore biziz jantzitako mutuetan bilakatu dira hemen, HORMA-rengan zinesten ez duten bakanek gizarte horretatik arbuiatuak izateko asmoa bete ez dezaten, gizarte ohoretsuarekiko moldatzeko helburua agertuaz basamortuko askatasun arrotzera baztertu ordez, espetxetan sartzen dituzte, Edan Coca Cola, ez diat ezer jaten espetxe puta honetan, jakitekoa izango duk zer botatzen dioten, baina egarri naun, gizarterako egoki hezi arte, zuen eskuetan dago espetxean zentzuz jokatzen duzue edo bestela suntsitze fisikoa egiten da, jendea ordenan bizi da, jendeak lan asko egiten du, triste dago, semeak sortzen ditu, farre egiten du, amodio egiten du eta batez ere dibertitzeko uneak irrikatzen ditu, larunbateko dantza, edan, zine filma, neska gerritik eutsita paseoa, gaueko bonbila merke koloretsuak balantzan, kanta ezagunak tronpetaren negarraz, adizu lau gin kas eta zerbeza bat, oheratzeko gogorik ba al dun? goazen dantzara, baina jendearen begiradak kolorgeak dira, zertaz, ari nintzen... ah, bai esan dizuet HORMA ikurrak nonahi ageri direla, bada, igarle eta hautatu desberdinen igarkizunetatik eta izandako HORMA agerpen aluzinanteetatik, urrez lauki gotor, isladakor baten irudia asmatu zuten, alderdikeriaren izpirik ere somatzea ezinezkoa zaien HORMA-ren izenean ahalmenduriko injenieru epaileek, bere sotiltasun sobrioaz erakarpen handiko indarra dario, zigilu, ikastetxe, zenbait ergelen erloju goilaretan, ministeritzetan, generaleen galoietan, igarle biltokietan, arrunkeria planteagai zaren ohituraz, guztien garunetan ohartzeke barneratua, HORMA hirian arima ere saltzea lortuko luketen ahobero, poltsiko diru xurgatzaileek, argi distira keinu, iragarki, irudi eta materiale ahulez eraikitako muntaian ere basamortuko hats lehor hondartsua, larru poro orotatik xurgatzen da, garbitzaileek egunero hiri osoa izotzezko hondar azala garbitzen dutenean hiriak lokartua datza egunsentiko lanbro gorpuskuloez difuminatua, mugimendu traketsez, pausatuki iratzarten den munstro dorpearen antzo, semaforo keinu eta autoen abiada burrunba intermintenteen bidez, espaloietako jendea, hutsik itxaroten duten marmore hotzez hornituriko kafetegi uniformeduntan bakarteteko axolagabetasun masifikatzaileaz eguna hasteko kafesne beroa hartzera sartzen da, croissant batekin mesedez, ni oraindaino ez naiz hiri horren gizarte erakuntzan sartu, bo, bai badakit igela naizela, hala ere ez dut inongo bekaizkeriarik gizakiekiko, igela saltoka eguzkiaren astinduaz izerdi mukitsua dario aho galantaren iredikura hildo ingurutik, jauzi bakoitzean sabel azpiko zuritasunean hondarra nazkagarriki itsasten zaio, hala ere nekez aurrera darrai, ortze erdian inplakableki airea goritzen duen eguzkiaren begiradapean, izerdiaz minduriko begiak leuntzean, kaskarilduriko harriez, hareaz eta kaktus soilen eremuan, irrikituriko oasis berdea dakusa, igela gogozko. jauzi handi batez harrigarriki gardenak diren uretan murgiltzean, ortze urdinaren isladaz labe itogarria bihurtzen den basamortuko beroa freskatzearren, urperatzearen gozamenetik ur gainera burua azaltzean, luzaturiko aho zirrikitutik ur txiria botatzen du.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.