L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ...y Manolo hazte la cena solo (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Oestean

(ez delako esan ohi den beste pistolero sekula santa egon)

 

Jose Julian Obispillo

 

Maxwel sheriffak bere mosukitarraren edozein zulotik putz egiten zuen tuntunean, doinuren bati antz emateko ausardiarik gabe bere aurpegia ia osotasunean estaltzen zion sonbreirua bazuen ere lotsaldiren baten aurrean babesgarri. Zalantzarik ez konturatu gabe eta gogo gabe zebilela, portxe arloteak eskeintzen zuen gerizpe ttipian kukubilatutako aulkian loak ez hartzeko asmo bakarrez, hau berau gehiegi eskatzea izanik ere guztiak horretara gonbidatzen bait zuen. Maxwel zen asperdura ezagutzen zutenetariko bakarra Santa Claran, basamortuan galdu lurrez pabimentaturiko eta saloona ipingiak josteko hariak eros zitezkeen kantina narrua zen herrixka hartan. Gizonezkoak goizaldean ateratzen ziren ganaduarekin, gosez eta iserdiz ondatuta bueltatzeko jaungoikoak nahi zuenean. Larry hauetarikoa zen, bakero bat besteen artean, ganadua gidatzeko gizonetariko bat. Santa Claran bazkal osteko ordu kiskalgarriak ere ez zitezkeen alferrik gal. Lanak ez zuen geldiunerik uzten. Lan egitea bihotzaren taupadak bezalako gauza arrunta eta inkuestionablea zen, horregatik azken hauek gelditzen lanarekin gauza bera gertatzen zen. Lotura misteriotsu honek burura dezakeen edozein superstizio aldemenean utziz, atsedenik gabe lan egitea nahi ta nahiezkoa zen norberaren buru gainean gurutz itxurako taketa eta lur kilo batzuk jarri nahi ezik. Guzti honegatik gauza oso bitxia zen Larry bere zalpurdi gainetik ganadua gidatzen ez aurkitzea, are bitxiagoa kantinaren mostradorean bazegoen.

        Larryk bere ezdakintzenbatgarren whiskya eskatu zuen (eta bide batez esan beharra dago, pantailako topikoaren aurka, kostatu zitzaiola irenstea).

        Amantal zuridun Barman tortolo xamar eta puro erretzaile amorratua guztiz moskortzear zegoen bezero bat izateaz erdi gogait eginda. Bezero honek eskaparate aurrean enkaputxaturiko ume tematiaren antzera eskatzen zituen whiskyak eten barik, gehienak ez ordaintzeko, batzuk konturatu gabe eta besteak moskorraren aitzakiz. Barmanak barraren bestekaldean edalontziak sikatzen zituen bitartean "zer egingo diogu ba" adierazi zien keinu batez beste bezero guztiei, zeintzuk ordu hartan diligentzian bide batez zihoaztenak ziren gehientsuak.

        Larryren begiek bere egoera argi azaltzen zuten, zeren zailtasunez mantentzen zituen egokiro zabaldurik eta zin egingo nuke gaur egungo kotxegileek antzeko gauzaren baten ohiartzunez asmatuko zituztela gasolina txibato madarikagarri (eta madarikatuak). Egoera honetan dagoen pertsonak beti izaten ditu bere gainean ingurukoen begiradak eta eraberean beti esamesak sortarazten ditu. Orduan, beste askotan bezelaxe, norbaitek irrifar maltzur eta mingarria egin zuen eta irrifarrak adiskidetasun izpirik ez zeukanez ez zen bueltatua izan. Larryk burua okertu egin zuen irri egin zuenaren begiekin bat egitera heldu gabe, baina farrearen eten ezak horretara bultzatu zuen azkenez. Alkoholean itotako begiak zirikatzailearengan iltzatu nahiean, entzulegoan irri iskanbilatsu eta azkengabea lortu zuen. Kantinak oilotegia ematen zuen, Larry, amorruz erotuta logunetik aterata, bere ahotsa entzun arazi zuen arte, orduan isiltasun osoa egin zen.

        — Aizak motel —deitu zion irrigileari bere errebolberra dorpeki esku artean zerabilelarik— hurbildu hadi pixkat, hainbeste zarata artean ez diat entzuterik izan eta.

        — Orain ni nauk entzuten ez duena. Zer esaten huan? —erantzun dudagabe pasadan zegoen gizonezko dotoreak, herri hartan ez zegoelako beraneanteentzako tokirik, laguntzen zuten hiru andrazkoen artean beldur eta kursi bitarteko irrifartxo batzuk lortzen zituela—.

        — Hator honera hire garauak lurrean barraiatuak ez baldin badituk ikusi nahi —jarraitu zuen mozkorrak Espainiako militarren kemenez gizon gisa geratu guran (emakumeen aurrean gehienbat)—.

        Azken esaldi hau dela eta eritzi txiki bat ematera derrigorturik nago, zeren bizitza osoa zaldi gainean zebiltzaten eta manta mazkal batenpean fusilaren laguntza bakarrarekin lo egiten zuten heroen kontu hori "wester"etako gehiegikeria desorbitatuenekoa bait da. Begi bistakoa denez, gizonek, baita gogorrenak ere, ezin direla emakume gabe bizi eta hauen mesedeak irabaztearren edozer egiten dutela, kasu honetan bezelaxe ohorea irabazi eta harrokeria mantendu nahi arren soilik.

        — Zer esan duk nire amaren kontura? —galdetu zuen señoritoak batek imagina dezakeen era errebantxistenean bere amari buruz ez zuela tutik aipatu jakin arren.

        — Ba... —irabazle ateratzeko erantzuna eman nahiean zerebro korapilatsuak geldierazten du— Ba zuk bezalako zakur muturra baldin badauka ezin izango duzula laguntxoen aurrera aurkezteko ekarri, beldurtu egingo liratekelako. Eskerrak zu oraindik txakurkumatxo beldurtia zarela.

        Barregileak, haserre, martxanteretan saltzen diren neurriko errabolbera atera zuen, sekula erabili gabea segurutik eta bere burua hiritar fin gisa ezagutarazi zuen bapatean eta esan:

        — Iletsu nazkante txarritto hori. Hi ez haiz zakur izatera ailegatzen. Heuretariko edozeinek baino hats ustelagoa zabaltzen duk, baina ikus dezaan nolako hutskeria haizen, eta gizonezkoa naizenez, maila horretara igotzeko aukera emango diat hire heriotze orduan.

        — Bizkortu beharko haiz daramaan traje zuri ezin itxusiago hori berunez apaindurik ez baduk ikusi nahi —Sugeak hiltzeko pistoloitzarra zilborraren alturan mantentzen zuelarik—.

        — Mozkor madarikatu hori! Lot ezak hire mihi nazkagarria gerrian, hire azpian zoriz suertatzen diren arrobiak ere pozoindu egiten dituk eta. Eta gainera edozein momentutan estrapasatzeko arriskuan habil.

        Barmanak, gertu zegoen hondamendiak bere bizibidea pikutara bidaliko zuen beldurrez, kontu handiz gonbidatzen zituen etsaiak kalera joan zitezen, bere semeari handik alde egin eta sheriffarengana joan zedin ahalegin tematia egiten zuen une berean. Gauza biak ziren ezinezkoak, mutilarekin akordio batetara heldu zenerarte, belarriak astokiloki okertu zizkion eta honek hainbat aldiz mailukiak ohosteagatik agirika egin zion gizon izardunarengana jotzeko aukera bakarra izan zuen.

        Eztabaida, halabeharrez, puntu zorigaitz bateruntz helduz zihoan. Zuriz jantziriko galaia egindakoagatik erdi damututa dardaraka eta bakeroak mozkor guztien antzera baldarki hitz eginez lehenengoa zirikatzen ziharduen:

        — Aizu señotio! jakingo duzu hori erabiltzeko hatzamarra zulo luze horren muturrean eduki behar duzula, zure buztanaren neurria duen burdinazko katxarrotxo horri saka egiten diozun une berean. Ezta?

        Besteak, zer esateko zalantzan baina aurrera, edozein tokitaraino egiten asmo amorratuaz, eta imaginatzea eta azaltzea are zailago gertatzen den hizkeraz:

        — Zergaitik ez diagu ya hire amari buruz hitz egiten? txakurtxo horrek. Ez, ez, barka. Aukerazak heuk beste komestazioren bat hainbaten ez duk ezagutuko eta.

        Dena segurtatua zen: hil edo bizi.

        Hatzamarrak gatilloa eragiteko prest zeuden.

        Larryen begiak izugarri zabaldu ziren, exageratuegi eta arnashots estua ematen zioten hortz okertu eta erneguz estutuen antzera asmo ugari adierazten zituzten. Bizitza berunezko zentimetro biren eskuetan zegoen, segundo baten hamarrenean.

        Taberna barruko jendea luzarotxo arnasarik hartu gabe zegoen, ur gordairu batetik latoizko galdara mailestu batetara alferrik gal ez zedin erortzen zen itukin erogarria entzuten zen soilik.

        Halako batetan sheriffa agertu zen, eta honekin uste gabeko efekturik ez dut lortu nahi edozeinek espero lukelako haren agerpen derrigorrezkoa honezkero. Lau ormen barruan surrumurrutxoa zabaldu arren etsaiek ez zutela erreparatu ematen zuen eta beraien keinuak paralizaturik mantendu zituzten. Sheriffa hitz hauek isiltasun hilkorrean zintzilikatzera ausartu zen:

        — Larry gogora ezazu zure semetxoa. Berak bizkorrago disparatzen badu, eta egingo du zu atxurtuta zaudelako, saiek jango dute.

        Larryk edozer gauza jasango zukeen irrigilea hil arte, bihotz edo burura egindako tiro okerturen bat ere beharbada, baina bere semetxo itsua gogarazteak guztik geldotu zuen, ikutu gabe danbada eragiten zuen gatillo hura erabiltzeko indarrik gabe utzi ere. Orduan aukera bakarra nigar egitea zitzaion, alkoholez umeldu eta gorritutako begiak gehiago umeldu eta gorritzea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.