Amodioa itsua da
Boris Vian
euskaratzailea: Antton Azkargorta
I
Agorrilaren bostean, zortziretan, hiria lainoak estali zuen; arina, ez zuen arnasa eragozten eta itxura bereziki opaku batez aurkeztu zen. Bestalde, urdinez gogorki tindaturik zirudien.
Geruza paralelotan jaitsi zen; hasieran lurretik hogei zentimetrotara alaka zegoen, eta jendea oinak ikusi ezinik zebilen. Saint Braquemard kalearen 22an bizi zen emakume batek, etxera sartzerakoan giltza jausten utzi eta ezin izan zuen aurkitu. Sei pertsona joan ziren laguntzera, horietariko bat ume bat zela; bitartean, bigarren geruza bat jausi eta giltza agertu egin zen, baina ez umetxoa; honek meteoroaren babespean hanka egin zuen, presa handiz, bai biberoitik ihes egiteko eta bai matrimonioaren eta estabilitatearen alaitasun bareak ezagutzeko. Mila hirurehun eta hirurogeitabi giltza eta hamalau txakur galdu ziren horrela lehen goizean. Arrantzaleak, beren kortxoak alferrik jagoteaz aspertuta, zoratu eta ehizara joan ziren.
Lainoa konkatan eta aldapan zeuden kaleen behekaldeetan lodiera sendoetan pilatzen zihoan; gezi luzeetan, estoldatan eta arnas zulotatik zehar irristatuz, Metroko artekariak inbaditu, eta hura gelditu beharrean aurkitu ziren uhin esnetsua semaforoen mailara heldu zenean; baina une horretan jada, hirugarren geruza jaitsia zen eta kalean jendea belaunetaraino murgildu zen gau zuri batean.
Auzo garaietakoak, beren buruak faboratuak ikustean, errekaren aldeko bizilagunetaz trufatu ziren, baina aste betearen barruan, denak zeuden adiskideturik eta beren geletako altzarien kontra berdin berdin oztopa zitezkeen; zeren lainoa orain eraikuntza altuenetako tontorretan kokatu bait zen. Eta, dorreko kanpaia desagertzen azkena bazen ere, azkenean marea opakuaren olde jarkiezinak guztiz murgildu zuen.
II
Orvert Latuile, Agorrilaren hamairuan, hirurehun orduko loalditik jaiki zen; mozkor gogor xamar batetik irten eta hasieran itsu zegoela pentsatu zuen; ez zen ohore handia zerbitzatu zizkioten edarientzat. Gaua zirudien, baina gau diferentea; zeren, begiak zabalik izanik, lanpara elektrikoaren argia betazal itxietan jausten den moduko inpresioa hartzen bait zuen. Esku dorpez, irratiaren botoia bilatu zuen. Funtzionatzen zuen eta entzundako informazioek erdizka argitu zioten burua.
Lokutorearen komentario axolagabeak kontutan hartu barik, Orvert Latuilek erreflexionatuz, zilborra harraskatu eta onartu zuen, hatzazala usaintzean, bainu bat merezi zuela; baina lainoaren erosotasuna gauza guztien gainean zegoen, Noeren gainean bezala, edo miseria mundu gizarajo honen gainean bezala, edo Taniten beloa Salamboren gainean bezala, edo katu bat bibolin baten gainean bezala, guzti horrek bainua alferrikakoa zela erabakitzera eraman zuen. Halaber, lainoak muxika tisikoaren usain leuna zeukan eta gorputzen jarioa hil behar zuen. Bestalde, soinuek ongi sonatzen zuten, eta zaratek, kotoitan inguraturik, erresonantzia estrainioa hartu zuten, argia eta zuria, zoritxarreko erorketan gurdi baten txumazerarekin ahosabaia deskalabratu eta zilar forjatuzko protesi batekin ordezkaturiko soprano liriko baten ahotsa bailitzan.
Hasteko, Orvertek bere gogotik arazo guztiak eskobatu zituen, eta ezer gerta ez bailitzan aritzea erabaki zuen. Ondorioz, eragozpenik gabe jantzi zen, arropak beren tokian zeuden eta; alegia, aulki gainean, ohe azpian, galtzerdiak zapatetan, zapata bat edalontzian eta bestea pixontzi azpian.
Jainkoa esan zuen ze gauza arraroa den laino hau.
Originaltasunik gabeko erreflexio honek, ditiranbotik, entusiasmo arruntetik, tristeziatik eta malenkonia beltzetik libratu zuen, fenomenoa, gauza sinpleki kontrastatuen mailan ezarriz. Baina pixkanaka berotzen zihoan eta gauza ezarruntetara ohitzen, giza experientzia berriak antzemateko punturamo.
Ataltzain andrea bisitatzera jaitsiko naiz eta brageta zabalik utziko dut esan zuen. Ikusiko dugu lainorik dagoen ala nire hegien gauza den.
Zeren, frantsesaren izpiritu kartesiarrak laino opakuaren existentziaz dudatzera eraman bait zuen, begiak itsutzeko bestekoa izan arren; eta ez zen irratitik esan zezaketena bere erabakia orientatuko lukeena, ez eta gauza estrainioa zela aurkitzera eraman zezakeena. Irratikoak asto batzu dira denak.
Zakila aterako dut esan zuen Orvertek, eta horrela jaitsi zen.
Atera, eta horrela jaitsi zen. Bere bizitzan lehenbiziz, eskaileretako lehen mailaren garraskadaz, bigarrenaren kexuaz, laugarrenaren baurreaz, zazpigarrenaren beekadaz, hamargarrenaren marruskadaz, hamalaugarrenaren kirrinkadaz, hamazazpigarrenaren burrunbadaz, hogeitabigarrenaren irrintziaz eta bere azken euskarritik destorlojaturik zegoen letoizko arrapalaren dundurioaz ohartu zen.
Hormara itsatsirik gorantz zetorren batekin gurutzatu zen.
Nor da? galdetu zuen, geldituz.
Lerond! erantzun zuen Lerond jaunak, pareko auzoak.
Egunon dio Overtek. Hemen Latuile.
Eskua luzatu eta zerbait gogor aurkituz, harriduraz errefusatu zuen. Lerondek barre ezerosoa bota zuen.
Barka esan zuen, baina ez da ezer ikusten eta laino hau madarikatuki beroa da.
Hala esan zuen Overtek.
Bere brageta irekiaz pentsatuz, minduta sentitu zen, Lerondek ideia berbera izan zuela egiaztatzean.
Orduan, gero arte esan zuen Lerondek.
Gero arte Orvertek, bere gerrikoaren belarria ezkutuki askatuz.
Prakak oinetara erori eta kendu zituen, gero eskaileretako zulotik boteaz. Egia zen, lainoa untxi sukartu bat bezain beroa zela; eta Lerondek bitrina airean bazeraman, Orvert ezin zen jantzita gelditu. Dena ala ezer ez.
Jaka eta alkondara hegaz joan ziren. Zapatekin geratu zen. Eskaileretako azken mailaraino heltzean, ataltzain andrearen atea jo zuen.
Aurrera esan zuen besteak abots eztitsuaz.
Ba dago gutunik niretzat? galdetu zion Orvertek.
O Latuile jauna barre egin zuen andre lodiak, beti humore onez. Nola doakizu?... Ongi egin duzu lo? Ez zaitut molestatu nahi izan... baina ikusiko bazenitu lainoaren lehen egunak!... Denak zoratuta zebiltzan. Baina orain... beno, dagoenekoz ohitu gara...
Latuilek bestea hurbiltzen zitzaiola nabaritu zuen, lurrin bizkorrak langa esnetsua zeharkatzea lortu bait zuen.
Bakarrik da ezerosoa kozinatzeko esan zuen. Baina laino estrainio honek... elikatzen du, alegia; begira nazazu neu esaterako, ongi jaten dut... eta hala ere, duela hiru egun, ogi puska bat eta baso bat ur hartuta, ase nago.
Argalduko zara esan zuen Orvertek.
Ja, ja! kolokatu zuen besteak, seigarren solairutik erortzen den intzaurrez beteriko zaku baten antzerako barreaz. Ukitu hemen Orvert jauna, ez naiz inoiz hain ongi egon. Nire urdaila ere irme jarri da... Ukitu hemen...
Baina... uh... esan zuen Orvertek.
Hemen ukitzeko diot.
Andreak itsuka eskua hartu zion eta aipatu urdail baten puntan jarri zion.
Harrigarria! egiaztatu zuen Orvertek.
Eta berrogeitabi urte ditut ataltzain andreak. E! Ez nukeen halakorik susmatuko! A!... neu bezalakoa izateak, pixka bat lodia alegia, zentzu batetan abantaila bat da.
Baina, aizu! Orvertek hunkiturik... larru gorritan zaude!
Eta zeu zer? esan zuen andreak.
«Egia da esan zion Orvertek bere buruari. Zein ideia leloa izan dudan.»
Esan dute irratitik jarraitu zuen ataltzain andreak aerosol afrotxotxokaria dela.
A!... Orvertek; ataltzainak arnasestuka haztakatzen zuen eta berak instant batez laino madarikatu hartan murgildurik zegoela sentitu zuen.
Momentu bat! Entzun, Panuche andrea erregutu zuen. Ez gara abereak. Laino afordisiakoa bada, eutsi beharko diogu.
O! O! Panuche andreak abots tartekatuaz, eta bere eskuak doitasunez jarri zizkion.
Berdin zait Orvertek, itxurosoki konpon zaitez zu zeu, nik ez dut ezer egingo.
Bada murmurikatu zuen ataltzainak patxada galdu barik, Lerond jauna zu baino begikoagoa da. Zurekin, neuk egin behar dut lan osoa.
Begira Orvertek, gaur bertan itzartu naiz... Oraindik ez nago ohituta.
Neuk irakatsiko dizut ataltzainak.
Gero gertatu ziren gauzetaz hobe dugu mundu pobrearen mantuaz estaltzea, Noeren miseria bezala, Salamborena, eta Taniten beloa bibolinaren gainean.
Orvert oso bero irten zen ataritik. Kanpoan zegoela, belarria gelditu zuen. Hona hemen faltan hartzen zuena: automobilen zarata. Baina zenbait kanta entzuten zen. Leku guztietatik zirtakatzen zuten barreek.
Apur bat txunditurik, espaloira irten zen. Bere belarriak ez zeuden ohituta hain horizonte ozen sakonera eta apur bat galduta zebilen. Abots goran pentsatzen zebilela ohartu zen.
Ze gehiegi esan zuen. Laino afrodisiako bat!
Ikusten denez, aipatu erreflexioak berdintsuak ziren. Baina bere lekuan jarri beharra dugu: hamaika egunetan zehar lo egin ondoren itzartutako gizona dugu; iluntasun oso baten gunean itzartu, zeina pozoadura lizun antzeko zerbaitekin konplikaturik dagoen, eta gainera bere ataltzain lodia, titiak zorrotz eta tente dituen Walkyria eta ustekabeko plazerrez beteriko leize baten gogatsu dagoen Circe bihurtu dela.
Mekauen! gehitu zuen Orvertek, bere pentsamendua doitzeko asmoz.
Bat batean, kale erdian geldi zegoelaz konturatu eta beldurra izan zuen, hormarantz atzeratuz, bere hegalari jarraitu zion ehun metroz. Han zegoen okindegia. Higiene aplikatuak, ariketa fisiko nabarmen ororen ondotik, elikagairen bat kontsumitzea agintzen zion, hortaz, ogitxo bat jatera sartu zen.
Zarata handia zegoen dendan.
Orvert, aurreritzi gutxiko pertsona zen, baina okindegiko andreak bezero bakoitzari exijitzen zionaz ohartu zenean, ileak tente jarri zitzaizkion.
Bi liberatako ogia ematen baldin badizut esan zuen okin andreak eskubidea dut dagokion neurria exijitzeko, ze arraio!
Baina, andrea protestatu zuen aguretxo zahar baten abots zorrotzak Orvertek Curepipe jauna zela igarri zuen, kamingainaren ezkinako organojolea... baina... andrea...
Eta zuk tutudun organoa jotzen duzu! esan zion okin andreak... Curepipe jauna haserratu egin zen.
Bidaliko dizut nire organoa esan zuen harroki, eta aterantz abiatu zen, baina Orvert han zegoen eta topekadak arnasa moztu zion.
Hurrengoa! oihukatu zuen okin andreak.
Ogi bat nahi nuke esan zuen Orvertek nekez, urdaila masaiatuz.
Lau liberatako ogia Latuile jaunarentzat oihukatu okin andreak.
Ez, ez kexuz Orvert, ogitxo bat.
Basto halako hori! okin andreak.
Eta bere senarrari:
Aizu Lucien, zerbitzatu zuk honi, horrela ikasiko du.
Orverten ileak zutitu egin ziren eta korrika bitrinaren kontra jaurtiki zuen bere burua. Ez zen hautsi.
Buelta eman behar izan zuen eta azkenean kaleratu zen. Okindegian orgiak aurrera segitzen zuen. Aprendizak umeak zerbitzatzen zituen.
Azkenean, kontxo amorratuz Orvertek espaloian. Eta neuk aukeratu nahi badut? Okin andre horrek duen aurpegi gogorrarekin...
Eta gero gogoratu zuen zubiaren bestaldean beste gozodenda bat zegoela. Bertan zerbitzari zegoen neskatxak hamazazpi urte zituen, ahoa bihozño bat bezala, eta amantaltxo estanpatu bat... apika orain amantaltxoa eramango luke soilik.
Orvert pausokadaka abiatu zen gozodendarantz. Hiru aldiz oztopatu zen gorputz elkarlotuez, nahasteak aztertzera gelditu gabe. Baina, kasu batetan behintzat, bost pertsona zegoen.
Erroma! murmurikatzen zuen Quo vadis! Fabiola! Et cum spiritu tuo! Orgiak! O!
Burua igurtzen zuen, zeren bitrinarekin izandako kontaktu laburrean koskorreko ederra lortu bait zuen. Eta ibilkera arinduz, zeren bere pertsonaz parte hartzen zuen presentzia batek, baina hazbete onak aurretik zihoana, hainbat arinen heltzera bultzatzen bait zuen.
Helburua hurbil zegoela pentsatuz, etxeen lerrora hurbiltzen saiatu zen, ukimenaz gidatzeko asmoz. Antikuariaren bitrina berrezagutu zuen, arrakalatu bitrina sostengatzeko zegoen kontraxaflatu atorlojatuagatik. Bi etxe beherago gozotegia zegoen.
Eta betebetean egin zuen topo, sorbaldaz zegoen gorputz geldi baten kontra. Garrasi bat bota zuen.
Ez sakatu esan zuen abots sendo batek eta ahalegindu zaitez hori nire ipurditik ateratzen, bestela gaizki pasatuko duzu.
Baina... uh... Zer uste duzu? Orvertek. Ezkerretara jo zuen aurreratzeko. Bigarren topekada.
Zer dugu? beste gizon abots batek.
Iladara, mundu guztia bezala.
Barre handiak entzun ziren.
Ha? Orvertek.
Bai hirugarren abots batek, seguru asko Nellygatik zatoz.
Bai zizakatuz Overtek.
Orduan, gorde ilada esan zuen gizonak. Ba gara hirurogei.
Orvertek ez zuen ezer erantzun. Deskontsolaturik zegoen.
Alde egin zuen, Nellyk bere amantaltxo estanpatua zeraman jakin barik.
Lehen kalean ezkerretara jo zuen. Emakume bat kontrako zentzuan zetorren.
Biak lurrera jausi ziren.
Barka esan zuen Orvertek.
Errua nirea izan da emakumeak. Zure eskuina zeneraman.
Altxatzen lagun zaitzaket? Orvertek. Bakarrik zaude?
Eta zu? besteak. Ez zaizkit bospasei gainean eroriko?
Seguru zu emakume bat zarela? segitu zuen Orvertek.
Baiezta ezazu zuk zeuk esan zuen emakumeak.
Bata eta bestea hurbil zeuden, eta Orvertek masailaren kontra bere ile luxe eta zetazkoak sentitu zituen. Belauniko zeuden bata bestearen aurrean.
Non egon gaitezke lasai? esan zuen.
Kale erdian erantzun emakumeak.
Hara joan ziren, espaloiaren ertzaz gidatuz.
Desiatzen zaitut esan zion Orvertek.
Nik zu ere emakumeak. Nire izena...
Orvertek ixilarazi zuen.
Berdin zait esan zuen. Ez dut jakin nahi, nire eskuek eta gorputzak jakingo dutena baino gehiago.
Zurea da emakumeak.
Bai horixe baieztatu Orvertek biluzik zaude.
Zu ere bai emakumeak.
Orvert bere gainean etzan zen.
Ez gaitu ezerk kezkatzen emakumeak. Hasi oinetatik eta joan igoten.
Orvert harrituta zegoen. Esan zion.
Horrela kontura zaitezke esan zuen emakumeak. Zuk esan duzunez, gure azala baino ez dugu aukeran, ikerketarako. Ez ahaztu ez dudala zure begiradaren beldurrik. Zure autonomia erotikoa uretara joan da. Izan gaitezen zintzo eta zuzenak.
Oso ondo mintzatzen zara Orvertek.
«Les Temps Modernes» irakurtzen dut emakumeak.
Ea ba, adoretu zaitez eta egin nire sarbide sexuala.
Eta hori egin zuen Orvertek askotan eta modu desberdinetan. Emakumeak jarrera dudagabeak zituen, eta posiblearen alorra zabaldu egiten da, argia pizteko beldurrik ez dagoenean. Eta gainera, hori ez da gastatzen, edonola ere. Orvertek, irakatsi zizkion hiru artifizio ez mesprezagarriak eta zenbait aldiz errepikaturiko lotura simetrikoek, beren harremanari konfiantza eman zioten.
Eta hau bizitza sinple eta samurra zen, gizakiak Pan jainkoaren irudi eta antzera egiten zituena.
III
Edonola ere, irratiak informatu zuen jakintsuek fenomenoaren atzerapen erregularra nabaritzen zutela, eta laino geruzak egunez egun jaisten zirela.
Kontseilu handi bat bildu zen, mehatsuaren parekoa. Baina laister aurkitu zuten irtenbidea, zeren gizakiaren jeinuak mila fazeta bait du, eta lainoa barreiatu zenean, detektagailu bereziek erakutsi zuten bezala, bizitzak zoriontsua izaten segitu zuen, denek begiak arrankatu bait zituzten.
|