L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,3 (1984-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

Astrobiologiako problema  bat

 

Kanko

 

Josua Lopez-nauh bere lanerako bidean zihoan Berenger auzotik abeltzantza sailera doan garraioan; abeltzantza saila azken geltokian dago eta goizeroko albistegiko berri guztiak ikusteko ahalmena zeukan. Egunero bezala berri zientifiko, kultural eta politikoak ikustea espero zuen; beti Lemanda konfederaziokoak edo beste hurbileko konfederaziokoak; inoiz ez lurrekoak. Ba zirudien lurra ez zela existitzen, inork ez bait zuen aipatzen ere. Hiri espazialeko lurtar bakarra zen eta lurtarra izateak ez zion harremanetarako inolako erraztasunik ematen; alderantziz, jendearen lepoa besterik ez zuen ikusten eta berarekin aurrez aurre hitzik ez egitearren lanerako agindu guztiak telepantailan jartzen zizkioten.

        Egunero bezala, garraio aurrean zegoen jarleku bakartian jezarrita zihoan lanera, abereak zaintzera, eguneroko potaje berdeska ematera eta eguneroko garbiketak egitera. Bere ardurapean zeuden berrehun eta hogeita hamar sasibehiak zaintzera. Betzain espaziala zen.

        Garraioko berripantailan betiko emakume (neskato?) liraina agertu zen. Jada Josuak ez zekien atsegina zitzaion ala nazka ematen zion. Emakumeak aurpegi luzea zeukan (zurbila ere) eta ilea beltzurdina (Terrako polinesioak bezalakoa) eta distiratsua. Hau gustoko hartzen zuen Josuak baina aurpegiko beste parteak amorratzen zituen: aurpegiko zurbila, ezpain txiki eta urdinduak eta begi txiki urdin distiratsuak. Ba zekien alborantz edo atzerantz begiratuez gero antzeko aurpegiak ikusiko zituela. Ohituta zegoen halako gorputzak ikustera.

        Berripantailarantz begira zegoela inoiz imajinatu ez zituen edifizioak agertzen ziren... Lemandako instituzio minerologikoak egindako azterketaren ondorioz... «Harrituta zegoen; buru kolpe batez atzerantz begiratu zuen. Aurpegi zurbil guiztiak memelotuta zeuden telepantailari begira»... Piro-3 planetan orainarte ezagutugabeko hiri baten aztarnak agertu dira... «Zer Ostia da?» pentsatu zuen Josuak. «...dirudienez Lemandako konfederazioa sortu aurreko hiri oskatu bati dagokie eta historiadoreen eritziz Lubir hiri sekretuarenak izan daitezke...» Albistea luzatzen hasi zen, hango historiadore baten eritziak, aztarnak aurkitu zituenarenak, modan zegoen sasijakintsu batek zioenak eta hiriko detaile batzu edo beste. Azkenean harrigarriena gertatu zen: ostera ere emakumearen gerritik gorako gorputzerdia agertu zen eta irrifarrezko antza keinu batez... «...Terrako zientifikoek aztarnen berri jakin bezain laster Piro-3 planetako aztarnen ikerketan hasteko baimena eskatu dute. Orainarte bidalitako imajinak ikusi ondoren Lubir hiria ezin dela izan aitortu dute...» Eritzia entzun ondoren garraioko jende zurbil guztia farrezka hasi zen, algaraka eta Josuari begirakuneak eginez.

        Ez zuen gehiagorik aguantatzen! Josua astrapaladan irten zen garraiotik. Atea zabaldu bezain laster abeltzantzako pasilotik zihoan deiadarka, astrapaladan. Inork kasurik ezta hitzik ez egitea gogorra bazen, norberari farre egitea gogorragoa zen eta jada ez zuen aguantatzen. Behisaldoa zaintzera joan zen arrapaladan, arrapaladan ere sailetik zehar pasatu zen Pinta, Maruja eta Gorria ikaratuta barrez hasi zirelarik. Laneko buzo zildartua jantzi zuen marmarka eta presaka, eta marmarka ere buruz zekizkien egun hartako lanak irakurtzera abiatu zen panel partikularrera. Eskua zabaldu eta panelaren gainean ipini zuenerako Josua Lopez-nauh-en despidoa agertu zen: «...lana betetzeko ahalegin nahiko egin...» ez dituelako eta bere «...psikea ongi ez dagoela kasu askotan ageri...» duelako. Behiei izena ipintzea eta beraiekin hitzegiteagatik pentsatu zuen Josuak; ez zeukan beste inorekin hitzegiteko ahalmenik.

        Nahiz eta desperdituarren Josua pozarren zegoen orduan; despeditu zutenean zor zioten soldata osoa eta indemnizazioa ordaindu zioten: Berrehun eta berrogeitahamar dolar-libera eta, are gehiago, nahi zuen tokiraino joateko bidaia txartela. Azkenik espazioportuko zona askatura joateko ordu bi ematen zioten.

        Hamar egunez ibili zen espazioportuko geletatik zehar, zetozen astrontzietako tripulanteekin hitzeginez. Beste hiri espazial eta abarretako gertaerei buruz solasaldietan mintzatzen zen. Beno, mintzatu baino entzuten zegoen.

        Bederatzigarren egunean, bere libertate berriaz piska bat aspertzen zegoenean traje zurizkidun emakume bat hurbildu zitzaion bere aurpegi zurbilean inolako keinurik agertzen ez zitzaiolarik.

        Lopez-nauh piloto batzurekin hitzegiten ari zen Argonauta-Terra astrontzi zientifikoari buruz; harantz, Lemanda konfederaziorantz zihoala edo Luytens 726-8 sistemarantz...

        Emakumea (ala neskatoa?) taldera hurbildu zen. Lopez-nauh-en begietara begiraru zuen. Solasaldiko gizonak isildu ziren eta goitik behera eta behetik gora so egin zioten; ez zuten holako emakumerik ezagutzen; gizonak bai, baina espazioportuko arduradunak. Josua Lopez-nauh harrituta gelditu zen, han ohi zuena zen. Eguneroko albistegian agertzen zen, lokutorea zen. Hain nazkagarria zirudiena.

        Inguruan zeuden pilotoak begira begira geratu ziren. Begiak ere, antza zenez, beren lekuetatik alde egin nahian edo.

        Abeltzantzarako garraioan ikusi zuen bere burua. Mantis nazkagarri haren atzapar artean jaustear zegoen, ala ez?

        Jezarteko keinua egin ondoren, neskatoa zena, jezarri zen pilotoen iparreguzkia zelarik eta hauen begien kokagunea.

        —Zurekin hitzegin behar dut, jauna.

        Isiltasuna eta aho zabalik oraindik. Hamar segundu pasatutakoan...

        —Bai... bada..., hitzegin ezazu (Lopez-nauh torpetxo agertu zen baina berehala espabilatu zen). Diru gehiago irabazi nahiez gero, beste mila dolar-libera (ez da gutxi, ezta pentsatu ere) hiri espazialaren ohorea... bada, gorentzeko. Baina zein lantxo da hori? Piro-3 planetan agertu diren aztarnetara joatea eta Terra zientifiko taldearen laguntzailea izatea. Terrak zer irabaziko luke? Hain murriztuta daukan presupuestoa igotea, erraztasun burokratikoak eta laguntza teknikoa. Terrarekin hitzegin duzue? Bai, eta konporme daude, zuk laguntzaile gisa lan egingo zenuke. Noiz irten beharko dugu? Bada, hiru ordu barru. Eta zergatik neu eta ez beste bat? Hemen dagoen terratar bakarra zarelako. Ondo!

        Behar ziren orduak pasatu ondoren Josua Lopez-nauh, eta neskato galanta (Lopez-nauh-entzat nazkagarria zena) astrontzi batetan zihoazten Piro-3 planetara.

        Ez edozein astrontzitan ez, hiri espazialeko astrontzi bakarrean baizik. Besterik ez baitzegoen. Neskato galantak gidatzen zuen; hortantxe ikusten da Lemanda konfederazioko jendea ondo ikasita dagoela, edozein gauza egiteko balio du eta.

        Bada, egia esan, mutil eta neskato bi haiek ez zuten bidaian hitzik egin, ezta gabon ez egunon esateko ere. Espazio erdian horrelako gauzak esateak ez du inolako garrantzirik eta. Are gehiago holako gauzak gezurrak dira, beti baita eguna.

        Hitzegiten zuten, hori bai, baina bakoitzak bere jendearekin. Neskato galantak bere hiriespazialeko agintariekin eta mutila Argonauta Terra astrontzi espazialarekin, espazio urruna eta ezezaguna ikertzen diharduenarekin. Batak instrukzioak hartzen gau t'egun (denbora guztian) eta bestea espazio urrunean zer aurkitu zenaren zai eta jakin minez. Neskatoari arin amaitu zaizkion agintarien instrukzioak eta asper asper eginda astrontziko mandoak (lema espaziala eta handik agertzen ziren botoi eta panelak) garbitzen, besoko mangaz igurtziaz ez zegoen hautsa kentzen ziharduen. Bestea, Lopez-nauh, alderantziz, ikertzaileen astrontziko informazioa jaso eta jaso. Azkenean astrontziko informazio bulegoko arduradunak hain aspertuta zegoen zeren konputagailuarekin komunikazio zuzena eman zion.

        Gaurregun ere informazioa jasotzen ari da komunikazio hori konputagailuko memoria guztiak izorratu gabe ebakitzea ezinezko baita.

        Beste gauza bat. Astrontzia ez da oraindik Piro-3ra heldu eta ez da inoiz helduko. Zergatik? Bada, zilo beltz baten barrura sartu direlako, edo hobeto esanda haren orbita eternalean jira eta bira dagoelako.

        Modan dagoen teoria batek dioenez orbita hortatik ezin da irten eta gazte sartuez gero gazte mantenduko du (sartzen den pertsona). Orain galdera honi erantzuna eman: Eternitate osoan elkar amorratzen badute ez da ezer gertatuko, baina pakeak egin ondoren semealabak edukitzea erabakitzen badute, zenbat denbora iraungo dute eta zenbat pertsona kabituko dira astrontzian?.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.