Euses
Enea
Enea izanen haizela
eta enetzat soilik,
zin egiten diat.
Sufrea neure zainetatik desagertzerakoan,
izatea kristalezko latsa iruditzerakoan,
orduan,
Enea izanen haizela
eta sekulatasunerako,
zin egiten diat.
Bizitzaren argi azpitan
edo heriotzaren ilunbetan barna,
Enea izanen haizela
eta plazentziaren samintasunerako,
zin egiten diat.
Oinak lurretan tinkatzen dizkidan
bait da zerbait higan,
jainkoenganantz projektatzen nauen
bait da zerbait nigan,
Enea izanen haizela
eta leialtasunerako
inola ez fideltasunerako,
zin egiten diat.
Atzerritar anonimo bati
Haizea duk, haize,
gure soloa.
Burdina duk, burdin,
hire ogibidea.
Keia duk, kee,
guzion bizia...
Urrin duk, urrin,
maitasunezko jaioterria.
Lau iratxoen agerpena
AINTZINA agertu zen lehena
bizitzaren lainoen artetik
argiaren antza zuena.
Segidan, bigarrena:
Ezagutu al zenuen
BEREHALA, joandako gaztetasuna?
ZOROALDI deitutako hirugarrena
izan nuen etsai,
ene etsairik amorratuena.
So egin nau beldurrarenak
bera dela, esanaz,
azken puntukoa... LAUGARRENA.
Amodiozko bertsoak
Amodioa bera, zu zeu zara,
kontraesan eta gogo:
Zure haurtasuna,
ene pekaturik haundiena.
Zugandik isuritako laketa,
poztasunik dibinalena.
Burmuina eragozten didazunean,
nekez ditzaket gogora zeure irriñoak,
jauresten zaitut
eta horra hor beldurtzen nauena.
Zeren bada beste pasiorik,
barruntasun ilunenetik sortutako bideak,
xaxaro eta argi
zaren horrekin
inongo zerikusirik ez dutenak.
Horrengatik eskatzen
otoitzen dizut
niganako amodioa laga
ahantzi
lurperatu dezazula.
Amodioa bera, zu zeu zarelako,
kontraesan eta gogo:
Maite zaitudalako eta
zeure irriño birjinarrari
beldur diodalako.
|