L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<ttut0400>— Ttu-ttuá-0,3 (1984-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

Amodiozko gutunaren historia

 

Bittor Uraga

 

                                                                       Stat rosa pristina nomine,
                                                                       nomine nuda tenemus.
                                                                                             Abelardo

 

Leihotik so dago Klara, begirada urruneko izarretan galduta, begietan malko bana, eskuak aurpegiratu eta hasperen egin duenean.

        Bere logelaren iluntasunaren erdian dago Joan, begirada sabaian tinkaturik, sua begietan, ukabilak amorruz itxi eta estutu dituenean.

        Arrosa usaineko gutuna zeraman postaria gizon serioa, zen esana bete eta lanera garaiz joaten dakien horietarikoa. Posta-bulegoan egoten zen egunero, azkeneko hamabost urteetan, goizeko zortziretan, behin ere hutsik egin barik. Bulegoko zaharrenek ere ez zuten gogoan inoiz berandu joan zenik. Parkatzekoa zen, beraz, atzerapena, areago, alaba gazteena zela eta ez zela zeukan kezka larria jakin-jakina zelarik. Lasai egon zitekeen, inork ez zion ezer ere esango eta.

        Ez zen, postariau, ostera, lanera berandu heldu eta lasai-lasai gelditzen diren horietarikoa. Ez horixe! Lanera heldu eta gutun-banaketara abiatu zen berehala. Bulegoko lankideek irribarre egin zuten, gutun-banaketarako poltsa hartu eta itxi ere egin barik, abiatzen zela ikusirik. Bulegora heldu eta berehala gutun-banaketara abiatu zen, galduriko denbora irabazi gurarik. Bulegoko zaharrenak, burua astinduz, esan zuen: «Ez da, ez, aldatuko gure gizona». Eta bulegoko lankideek irribarre egin zuten.

        Hain harrigarria da, orduan, erreka zeharkatzean gutun bat —bat bakarra, bestalde— jaustea? Postari larrituari leporatu behar zaio galduriko gutunaren errua? Ez al da hori edonori jazo dakiokeen gauza?

        Errekasto gazteak kulunka eraman zuen arrosa usaineko gutun azala, atxikirik zegoen zigilua, apurka-apurka, aldendu zen arte.

        Minutugarrenean, azala zabaldu eta ura arrosa-usaineko berbetan zehar barruratzen hasi zen; eta urak ezabatu egiten zituen letrak, banan-banan hasieran, maite haut, ezin hi barik bizi esaldiaren lehen ma ezin irakurrizko bihurtu artean eta bortitzago gero, iparrak horbela astintzen duenean bezalaxe. Laster, ezin zitekeen ezta hi ere maite banauk idatz iezadak azken esaldia ere irakur.

        Postariak aurrera egin zuen, arineketan, galduriko denbora irabazi gurarik, alaba gazteena zela eta ez zela zeukan kezka larria buruan zuela, arrosa-usaineko gutuna ur gardenetan murgildu ostean ere.

        Leihotik so dago Klara, begirada urruneko izarretan galduta, begietan malko bana, eskuak aurpegiratu eta hasperen egin duenean.

        Bere logelaren iluntasunaren erdian dago Joan, begirada sabaian tinkaturik, sua begietan, ukabilak amorruz itxi eta estutu dituenean.

        Ez hau maite —pentsatuko du Joanek— idatziko zian, bestela. Ez diagon zereginik —pentsatuko du Klarak— ez din erantzun. Eta arrosa-usaineko gutun-azal jadanik tankera bakoa itsaso zabalean galduko da, betiko, azkenean, arrosatik, izena baino ez da geratzen eta.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.