Dan Turrell
Dan Turrell
euskaratzailea: Joanes Urkijo
Kopenhagen arturratzen duenean altzairu tximurtuzko urdin goibela da zerua, eta kaleratzen diren lehenengoek begiekin ulertzen dute kale artez eta zuzen haiek ez direla jadanik aintzina izandako mundu osoko hippien satorzuloa, hiriburua, Christiania, gaur egun hiltzeko zorian polizia sozialdemokrataren setioak itota. Christianian ez da hippyrik geratzen, gehien bat ezkondu eta orain udako musikaldietan baizik ez dira azaltzen, burusoil, tripaundi, haurrez inguraturik baina beti bezain hash-pipa luzeetatik erretzen. Ez, hippien Christiania groenlandiar mozkorti eta atzerritar ezlegalez beteta dago gaur egun.
Baina gainontzekoaren bezainbatean ezer gutxi aldatu da: nola gure artean kaleak taberna-hilara amaigabeak diren, hala Kopenhagen ere edozein era eta gustotarako sex-shops aurkitzen dira, han fotonoelak, giza neurriko panpinak, kateak, kremak etabar luze bat eros daitezkeen dendak. Eta zeure kaisa egin beharrean sexubidea gureago baduzu, kalean bertan eskainiko dizute prezio zerrenda bat aukeratzeko, eta azkenean txinatar jatetxe baten ondoko atari zehar eta zikin batek irentsiko zaitu infernu pobre eta kaskar bateko ahoa balitzan, espaloian jezarrita dauden lagun pare baten begirada antsikabeek jarraitzen dizutelarik. Behin betiko desagertu zarenean heuren adia eskutartean daukaten botilara itzuli da... edo beharbada, litekeenago, goilarean prestatzen ari ziren txutera. Eta prest daukatenean, larru azpian oraindik beldur pittin bat geratzen baldin bazaie orube edo atari ilun batera sartuko dira xiringa zainetan lasaigoan jostera, harik eta igoaldia heltzen zaienera arte. Geroago, beti legez, deslai abiatuko dira kalean barrena zer egin ez dakitela edo agian ezer egiteko gogorik gabe, bueltaka, noraezean, heuren barrukoak suak hartu dituela eta orain gelditzea erabat ezinezkoa litzateke eta. Horrelaxe jarraituko dute jeitsialdia heldu arte, eta ondoren ezinegonak kafetegiraino gidatuko ditu artezean, han kafe bana eskatu eta jezarri egingo direlarik azkenean, orduz geroztik hurrengo txutea itxarotea beste egiterik ez bait dago.
Orduantxe sartuko da tipo arrotz hori, hegal zabaletako kapeladuna, berrogei urte ingurukoa. Inori begiratu gabe jukeboxera hurbildu eta segur aski aspaldiko Jerry Lewis-en kanta bat aukeratuta, garagardo bat eskatu eta junkien aurrez aurre jezarriko da.
Tipo honek Dan Turrell izena du, eta bizirik dirauten hippy gutxienetakoa da. Jakina, ilea aspaldi moztu zuen baina gogoa orduan bezain garbia darama oraindik. Bere sekretua, Allen Ginsberg, Timothy Leary, Gregory Corso, Hammet eta Chandler etengabean irakurtzea, Humphrey Bogart-en filmeak gogoz ikastea, eta era askotariko musikak entzutea: Rolling Stones, Bill Haley, Lou Reed, John Cale, Grateful Dead eta batez ere jazz. Horrela ez beste inola uler daiteke nola bere hogei bat poesia bildumei (Arena, 1971; Edozeri buruzko eskuzkribuak, 1972; Karma-Cowboy, 1976; Alhambra, 1980, etabartxo) azken urteotan kriminoela batzu erantsi dizkien: Erahilketa Maltan, 1982; Erahilketa ilunpean, 1983...
Dan Turrell oso hospetsua da Danimarkan, eta gehienek arlotada eta bitxikeria guztiak barkatzen dizkiote halako liburu gozoen truke. Gaur egunean ere, ikusi duenaren eraginaz, jabea den «Kafé Sommersko» edo «Dan Turrell» kafetegietan jezarri, bere aspaldiko adiskide hash-pipa piztu, eta itzuli ondoko poema idatziko du birritan hausnartu gabe:
Junkiea kafetegian
Hortxe zegok jezarrita
horko hori bai
junkiea duk
txitxildutako begi baredun hori
hortxe zegok kafe kikara batekin denborapasa
plastikozko aulki batean jezarrita
hurrengo txutearen zain
edo agian bere kontaktua etorriko delakoan
horko hori bai
bere betseinetan ikus zitekek
baita bere higidura mekanikoetan ere
txute batetik bestera bitarteko orduak zenbatzen dizkik
eta segur aski xiringa ohe azpian ezkutzatzen dik
ezin duk junkiea zer den imajinatu, ezta
izugarri zaila, txo
beti noraezean arrastaka materiale bila
zigarroak beti eraman beharra
edo homosexualen eguneroko baselina baino gogorragoa
beti diru guztia gramo eta kapsulatara itzultzen
eta sekula ere ez kontuak borobiltzeko adina
zainetarako bero kimikoa egun batetik bestera
garestitzen bait da
begira nola egiten duen hatz
sumindurik zeukek larru guztia
ahal balu bere gorputz barrutik egingo likek ihes
jeitsialdian zegok
frijidurazko usain barreneko jeitsialdian
egia aienatzen deneko zola gaineko ezoreka gor eta
kulunkari horretan alegia
eta gero dardarak
baina ez duk ordua oraindik
laster bai komunera joango zaiguk noski
hain duk iraingarria komunerako bidaiatxo hori
txute bat hartu behar den bakoitzean
baina ohiturazko arazoa azken batean
eta bera ohituta zegok
hortxe zegok zain
bere aurrean marmarka zebilek kamareroa
garagardoa eta saltxitxak erosteko hilaratik
saiheskara begira zeukek jendea
tipoa besterik gabe jezarrita bait dago
heroinazko aura batean
baten bat egunkaria irakurtzen zegok
zenbait haurrek izozkiak erosi dizkitek
eta junkiea ez duk higitzen
bere egunkaria begirada bait da
izozkirako nahikoa zeukek mihiarekin
kamareroaren begiak taberna osoa ari dituk ekortzen
eta erlojua minuturik minutu zioak aurrera
une batez zabalik ireki dizkik begiak
bere buruari non dagoen erakusteko edo
eta gero irrist egin zaizkiok berriro
bapatean ezinbesteko bihotz zimikoak asaldatu duela-eta
hauxe bai eguneroko junkie-xoua
kontuak atera dizkik behin bat gehiago
bazekik zenbat materiale geratzen zaion
eta txutatzeari betirako uztea erabaki dik
orain ez duk berriro heroinak helduta ibiliko
gero eta garestiago eta gogorrago bihurtzen ari bait da
eta gainera indar guztia xurgatzen dik
akaboa
bihardanik aurrera hasieratik hasiko duk
bihardanik aurrera agur txutatzeari
eta horrexegatik zeukek gaur dosis bikoitz ekstra
baterako eskubidea.
|