L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0 (1984-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Poemak

 

Xabier Kintana

 

Udazkenez

 

Eta ba doaz egutegiko horbelak

haizeaz hegaka, udazkenean,

eta ene zaldi behiala beltza

zuritzen hasia da.

Eguzki eder gorria,

urre bizi suzkoa,

ez hadi, otoi, itsasora!

Ardantzetan,

oraindik biltzeko,

mahats ugari baitago

eta galburuen gainean dugu

kantuz oraino,

ttikitasun-txoria.

Edan dezagun lehenik,

ditzagun huts geure ontziak,

ez gaitzan gauak eraman

lotara baraurikan.

 

 

Neguko gau batetako ametsa

 

Erloju hilen hondartzaraino

lagundu zaitut,

denborak bere nekeen uhinak

lehertzen dituen marraraino,

eta gau amestuen,

—urruntasunagatik—

ia mitikoen bazter grisetan,

fosforozko lore zurbilen argitan

ibili natzaizu, ondotik beti,

zuri adi, ixilik, begiz begi.

Ez,

ez dizut ezer esan,

nitaz dena baitakizu

ene biluztasunean.

Baina, halere, ez naiz,

ezin, zugandik joan.

Zirriborroz, geure bidean,

existentziaren muga lainotsuak

aurkitu ditugu

eta kontura gabe

haietan murgildu gara.

Han, ordu loakartuen arima iraganak

izan ditugu lagun,

eta elkarri

geure pentsamendu inoiz esan gabeen

sekretu guztiak, hizketa mutuan,

agertu dizkiogu,

belarrak eta ihintzak

egunsentiro

segurki

egiten omen duten bezala.

 

 

Bilboko hilargipean

 

Begira maitea nola doan

hilargiaren txalupa zuria

hodei beltzen itsasoan,

izar iheskorren bila

agian.

Galde egiozu, ene maite, hari

edozein gauetan, nire berri

eta beraren ispiluan, zurbil

ikusiko nauzu, etengabe, ni,

zain, zuri so, zain beti,

denbora ezinezkoen esperantza

etsian ia,

azalez izotz, barnetik gori,

argizagi urrunen lehiakide.

Berak baitaki,

nik baino hobeto,

nolatan, zenbatetan

pentsatzen dudan

zugan gaurero;

eta han zu, beti suz,

ilunaren hegaletan

zaude zilarrezko, argitsu,

amets betibizi,

jainkosa hilezina

enetzat.

Begira maitea nola noan

hilargiaren txalupa zurian

hodei beltzen itsasoan

zure bila beti

abian.

 

 

Urtebetetze batetarako oparia

 

Maitasunuren mugaraino

estimatuko zaitut,

ezin erosizko, sal ezinezko

sentimenduaz.

Zeugatik.

Deus nahi gabe

zugandik.

Adiskidetasunaz.

Espero gabe ezer

eta dena —bizitza barne—

emateko prest.

Kendu nahi baitiet,

behingoz bederen,

beren balio hutsala,

brontzezko bihotzaz,

urre-zilar zitalei.

Holaxe nahi nuke

izan ledin

oraingoa beti,

ene laguntxo maite.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.