Galtzailearen xendra
Xabier Gantzarain
Carlton Way-n bizi zen Charles Bukowski ni jaio nintzenean, 1975eko urtarrilean; Los Angeleseko auzo txiro batean, puten auzoan, berak esan ohi zuenez. Ordurako argitaraturik zituen liburu batzuk, eta jada bazituen jarraitzaile sutsuak eta detraktore are sutsuagoak. Beti izan ditu.
Bukowskiren obra ezagutzeko bere bizitza ezagutu behar da, baina aldi berean, bere bizitza ezagutzeko ezinbestekoa da bere obra ezagutzea. Beti esan ohi da idazle baten obran garrantzi haundia duela bere bizitzak, baina kasu honetan, beste hau ere esan daiteke, Bukowskiren bizitza ezagutu eta ulertzeko bere obra oso erreferentzi puntu garrantzitsua dugula. Hau da, Bukowski gaztetatik hasi zen idazten eta beti idazle profesional izateko amets hori betetzera bideratu zuen bizitza osoa. 40 eta 50. hamarkadetan lanpostu eta etxebizitza finko barik bizi izan zen, han eta hemen, Estatu Batuetan barrena, hemen lan hau eginez, han beste hau, motela, alkohola eta tabakoa ordaintzeko lain ateratzen zuen, eta hori, zortea zuenean. Makina bat aldiz moteletan ordaindu gabe ihes egindakoa dugu Bukowski. Orduan ere idazten zuen, nola ez. Idazle profesional izateko ametsa betetzea beti lehen helburutzat, horrek asko baldintzatu zuen bere bizitza. 50. hamarkadaren bukaeran poemak argitaratzen hasten da aldizkari undergroundetan. Argitaletxeek baztertu egiten dute. Galtzaile batez ez dira fido, aidanez. Estatu Batuetan galtzailea izatea gutxi bada, Bukowski mozkor eta emakumezale publikoa ere bada.
«Zure neskei buruzko poemek
50 urte barru iraungo dute
neskak joanak izango direnean»
esaten dit nire editoreak telefonoz
Editore maite hori:
Badirudi neskak joan direla
jadanik
Badakit zer esan nahi duzun
Baina emaidazu benetako emakume bat
gaur gauean
nireganantz ibiltzen zolan zehar
eta zuk poema guztiak gorde ditzakezu
onak
txarrak
eta hau bukatuz gero idatziko ditudan guztiak
Badakit zer esan nahi duzun
Badakizu zer esan nahi dudan?
Edozein momentutan eztanda egin dezaketen koktel molotova dira bere bizitza eta obra. Eztanda hori 60. hamarkadaren bukaeran izango da. Bere lehen liburuak jada erakusten du american dreamaren beste aldea: galtzaileak. Prosa zorrotz eta zehatzaz eraikitako ipuin eta nobelak, galtzaile baten abenturak gureganatzeko aukera, poema sinple eta bortitzak. Hasieratik sistemaren aurka doa, ez du sinesten american way of life topiko inozoa. Bizitza ez da hain polita galtzaileentzat. Los Angeles ez da paradisua, eta hala nola bizi da Bukowski. Honekin batzutan, horrekin besteetan, gehienetan bakarrik. Ardo merkea eta idazmakina zahar bat. Emakumeak. Jada ospea hartzen ari da, eta horrek ez dio poz handirik ematen. Pertsona gehienak ez ditu gustoko, oso da antisoziala.
Ezin ditu jendearen inozokeria eta hipokresia jasan, horregatik da hain sinzeroa bere obra. Eguneroko bizitza gogorra bere obran maisuki islatzen duen idazlea da, hiru orrialdetan egoera bortitz eta deseroso bat islatzen duen idazlea. Eguneroko bizitza ikatza bezalakoa baita, beltza eta gogorra.
Baina eguneroko bizitza hau umore bereziz jazten duen idazlea da Bukowski, inguruko dekadentzia politiko eta sozialari barre egiten dio lotsagabe, eta berak badaki aurrera jarraitzeko modu bakarra hau lela: kritika zorrotza, umore pixka bat eta bi botila ardo.
ai, utzidazue bonba atomiko txiki bat
besterik ez
ez gehiegi
apur bat bakarrik
kalean zaldi bat akabatzeko adina
baina kalean ez dago zaldirik
tira, lorontzi bateko loreak botatzeko adina
baina ez dut ikusten
lorerik
lorontzian
gutxienez, orduan,
nire maitea beldurtzeko adina
baina ez daukat
maiterik
tira
utzidazue bonba atomiko txiki bat orduan
bainontzian narrazta nadin
haur kuttun eta zikin bat bezala
(bainontzia badaukat)
Sistemari kiratsa dario. Badaki. Hiri basa honetan bizirik irautea bera ere ez da erraza, zoriontsu izatea ezinezkoa da, baina Bukowski bere bizioez bizi da, bizi-o-ez-bizi alegia: zaldi lasterketetako apostuak, alkohola, tabakoa, sexua, idazmakina (gu denonak bezalakoak, bamos!). Bere obra bizioei gorazarrea da, existentzialista, filosofikoa eta punkya.
Literatura sistemari aurka egiteko aukera bat izan daitekeela uste dutenentzat, eredu bat izan daiteke Bukowski, beste askoren artean bat.
Bere obrako lanak ugariak eta ezberdinak dira: narrazio laburrak, ipuinak, nobelak, poema liburuak, antzerkiren bat eta elkarrizketa liburu bat. Denetik eta ugari idatzi du Bukowskik; ondo edo gaizki, hori beste norbaitek esan beharko du, nik ez behintzat. Dena den, zalantzarik gabe, gazte eta ez hain gazteen idazle gustokoa da, seguraski ez arrazoi literarioengatik bakarrik, baina berak erakusten digun mundua, bizi eta biziko dugun mundua da, dena Estatu Batuetatik inportatzen den egun hauetan eta barka diezadatela japoniarrek eta taiwandarrek eta korearrek eta kolonbiarrek.
Bukowskiren ipuinek deskribatzen duten mundua jasan beharko dugu. Eta mundu horri nolabait aurre egiteko bide bat behar dugu, xendra bat, galtzailearen xendra, adibidez.
Bukowski hilik da. Eta omenaldiak egitea modan dagoenez, hau ez da omenaldi bat, Bukowski ezagutzera animatzeko dei bat baizik, literatura arrosak eta maitasuna baino zerbait gehiago dela uste dugunontzat batez ere, baina besteok ere irakur dezakezue Bukowski, ez dizue kalterik egingo. Sistema inoiz baino krudelago pairatzen dugun egunotan, bizitza hau ez baita debaldeko festa, aldarrika dezagun ardo gorri nafarra eta literatura subertsiboa.
Hala ere Bukowskiren lanak ez dira hil eta liburutegi eta liburudendetan aurki ditzakezue. Hori bai, ahal baduzue ez erosi, lagunen bati eskatu edo ostu, sistemak ez du zuen pezetarik merezi, eta are gutxiago Bukowski erahil duen sistemak. Orain ere, ez zaigu gelditzen mendeku gosea baino.
Azken bolada honetan jende askok deitzen dit telefonoz.
Denak dira berdinak.
«Zu al zara Charles Bukowski idazlea?»
«Bai» esaten diet
eta haiek nire idazkiak ulertzen dituztela
esaten didate
eta haien artean batzuk idazleak dira
edo izan nahi dute
eta lan astun eta izugarriak
dituzte
ezin dute beren etxebizitza pairatu
gau horretan
norbait behar dute mintzatzeko
eta ezin ditudala lagundu
hitzak ez ditudala ezagutzen
ezin dute sinestu.
Ezin dute sinestu
orain sarritan
nere gelan sartzen naizela,
errai oraka
esaten dudala
«Jesus, Jesus, berriro ez».
Ezin dute sinestu
maitasunik gabeko jendea
karrikak
bakardadea
hormak
ere nireak direla.
Eta telefonoa zintzilikatzen dudanean
nire sekretua ezkutatu egin dudala
pentsatzen dute.
Nik ez dut jakinduriaren bidez
idazten.
Telefonoak jotzen duenean
nik ere atsegin izango nituzke
kontsolamenduzko hitz batzuk.
Horregatik dago nire zenbakia
zerrendan.
Artikulu honetan ageri diren lehen eta hirugarren poema Xabier Montoiak itzuli zituen Susa aldizkariko 4. zenbakirako, 1982ko urtarrilean.
|