L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-32 / Hau muturreko pila! (1994-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Pasteur doktoreari

 

Mikel Reparaz

 

Ohatzea. Sukarra. Maindire eta burusi astunen azpian egostea... Ez al da aparteko zentzazioa? Ba ote da munduan mihipean termometro bat eustea baino plazer handiagorik? Eta jarabe mingots hura hartzeko unea iristen denean... Urri dira bizitzan zehar halako mementu ahaztezinak. Hordigarria guztiz eguerdian burusi astunen azpitik lankideak imajinatzea, eztul isekariz. Eskua jaso beharrean nago. Eskua jaso eta hitz egin, asko daukat-eta esateko. Horixe baietz. Entzungo nau irakasle moduko hor aurreko horrek, ulertu beharko du guztia errore bat dela. Zorigaitzeko errorea. Bera bezalako mediku serioa naizela, profesionala.

        Drogatak ezkerrera, drogatak eskuinera... Argituko diot bai nik zein den nire iritzia. Drogaten artean ni, beranduegi damutu diren yonki hipokritaz inguraturik, axuri aurpegiak han hemenka... Eta ni haien parean. Eskua altxa beharraz lotsorrez gaitzeratzen nau, jasangaitz. Bata zuridunaren begiak gain gainean dauzkat, apika naizenaz ohartuz. Zein fakultatetan ikasi duen galdegingo nioke... Auskalo zertan espezializatua, behar bada apaiz ere izango da. Izorra bedi fakultatea! Izorra berau. Eskua jaso beharrean nago, artaldetik aldegiteko.

        Halakotan, neure buruko ahots honi inguruko istorioak iragazten zaizkio. «Nik hamalau urterekin», «nik berriz hamar besterik ez nituen hasterakoan...».

        Hotzikarak ematen dizkit pareta gris horrek, itogin ilunez margotuak. Poster soil batek dekoratzen du, makurra gainera, baina ezin dut han dioena irakurri. Letra txikiegiz idatzia dago, xumez... Gripearen mikrobiotxoak baino are xumeagoz... Gripea, elgorria, nabarreria... Nabarreri dosi bat da oraintxe hartuko nukeena, nabarreri kargatu-kargatu bat. Eta hura osatzen duten milaka izakitxo uniformatuak nire zainetan gora bidali, batetik bestera ibiliz gal daitezen.

        Gogora datorkit elgorria harrapatu nueneko hura. Apartekoa. Miragarria izan zen, astebete zerutiarra. Klaserik ez, etxean, bero, amaren artape samurrean murgilduta... Artean enoratzen nuen gaiak suhartu ninduen orduan, antimedikuntza hereseak alegia. Hala jarraitu nuen urteetan zehar, suhar, eta antimedikuntza ikasketak burutu nituen, eta antimediku bilakatu. Antimediku suhar. Fakultate garden hartako laborategiak bereziki erakartzen ninduen, etengabe deituz, kristalezko ontzitxo ordenatu eta sailkatuen ahotatik eskuarki. Eta ni, elizan sartu den akerra lez, men, hurbildu, neure burua hango jaun eta jabe koroatu arte. Zinez liluratua bainindukan apal sail hark, kolore guztietako likidodun ontzi haien sostengu, eta ontzi bakoitza bere etiketaz, edukiaren ezaugarri. Izen exotiko haiek aditasun berezia piztu zuten nigan, alkoholikoa upelartean bezala, haurra gozotegian sentitzen nintzen. Oroitzen dut bai altxor haren kokapena, formol pote eta primate kaskezur bilduma hautsuaren artean, hantxe zeuden birus arraroenak berzeuzkaten ontzitxo etiketatu haiek, urrea baino distiratsuago mantentzen nituen beraiek. «Poxavirus», «Mixovirus», «Rhabdovirus»... Gero eta arruntago egiten zitzaizkidan izenak, kutunago.

        Gogoan dut oraindik lehen egun hura, osasuntsuegi nengoen eguna, apal haren aurrealdean etsita. Xiringabete «Orthomyxoviridae» izan zen, besterik gabe. Gripe arrunt bat. Erpuruaz bultzatzen nuen heinean sentitzen nituen izakitxo haiek zainetan gora, astebeteko lasaitasuna emateko helburu bakarraz. Eta antimedikuntzaren meza beltz haiek, bata bestearen atzetik, gaurdaino iraun dute. Gripearen astebeteari barizelarenak jarraiki baitzion, eta hari zazpigarren zenbakia zeraman ontzitxoarenak... Baina nire jakinmin asegaitz hark urrunago eraman ninduen, eta hasiera batean jokotzat neukana obsesio itxura hartzen joan zen, pairaezin bihurtzeraino. Ezin nion tuberkulosi edota malaria pixka bat gabe eutsi, eta gaitzez gaitz ibili behar nuen etenik gabe. Gaurdaino.

        Uste dut bata zuriduna ez daukadala jada so, izan ere ez baita inon ageri. Eskua jasotzen ikus nazan nahi nuke, baina beranduegi ez ote den galdegiten diot ene buruari, gela hutsik baitago egon, eta fluoreszente bibrakorrak ixilik. Hobe nuke nik ere aldegin, bai. Hala ere entzun beharko du, baina bere kide antimediku hereseak esan beharrekoa, horixe baietz. Dena den, oraingoz Rhabdovirus dosi batekin konforme.

        Louis-i eskerrak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.