L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-31 / Hegaberak lubakietan (1993-azaroa) —<susa2820>




 

 

Eroa eromenean ero

 

Ez dakit eta ez dut jakin gura Jadransko itsas trankileko kostaldetik barneko parajeetan darabiltena. Ez dut sikiera haren gaineko abururik jaurti nahi; ez bait daukat abururik, edo agian izaki goseti zoroen arteko gatazka latzei aburu berberaz erizten bait diet.

        Jakin ordea badakit Drazak gau hartan ez zuela etsipen soilez bere burua Neretva ibaira jaurti. Zergati edo zertarakorik ez zuen arren, nork edo nondik ezagutzen ez bazuen ere, Draza Umljanovic sentimendu primitibo batek menperatzen zuen, gaitzeri kontrolagaitz batek. Ingurunea zuen gorroto, arnasten zuen airea, ibai hura...

        Ez, Draza ez zen normala. Gerra hasi aurretik ere bazioten Gornja Grabovica herriko biztanleek. Ez familiarik, ez lagunik... Inork ez zuen bere hurkotasunaren berri. Gizon iluna, adinik gabekoa, badirudi Mostarretik etorria zela Gornjara; inor ez zen noiz oroitzen baina. Belabeltz haren egoitza antzina benta izandako baserri bakartian zetzan, jada mortairu serbiarrek ruina bihurtua.

        Zuela gutxi arte emakume zahar batekin bizi zen, gerra hasi eta berehala hila uste zena —izan ere hain ahul zirudien—. Haatik, ez zen inongo hiletarik ospatu, eta ez zitzaion hilerrian lur eman.

 

        Iluntzen ari zuen, eta Drazak ez zuen artean afaldu; bere bakartasunean, gau hartan zetorkiona somatzeak gosea ezinbidetzen zion. Etxebizitza suntsitutik at, bi aulki eta mahai hautsu batez atonduriko garajean pentsati ziharduen, baratzan ehortzirik zegoen bere arreba Anna zaharraz, edo agian nitaz.

        Emakume zahar hura, Anna Umljanovic zeritzona, frankotiratzaile batek erahila suertatu zen, lizardi batean ostera egiten zegoela. Drazak, bere bila irten eta odol putzutan aurkitu zuenean, gorpua maindire batean bildu eta baserrirat garraiatu zuen bere Ford furgoneta zaharrean. Gau hartantxe, buruari buelta asko eman ondoren, hilotza etxeko baratzan lurperatzea otu zitzaion, eta halaxe egin. Ez zion inori heriotza paren berri eman izan nahi, beldurrez, Draza Umljanovic balizkoaren identitate erreala argitara irtetearen beldurrez, nik topatuko nuenaren beldurrez, ikara hutsez.

        Jada ilundu zuen, eta Drazak ez zuen afaldu, eta ehorzketa haren palakada lur bakoitzak bere oroimenean durundi zegien, baxu elektriko baten nota beherenak bailiran. Bapatean nitaz oroitu zen, aire aurpegia bere erretina erauzietan isladatu zen, errealitate birtual batean; ordea ez nintzen mugitzen, nire irribarre hotzak geldi, hilik zirauen, berark utzi ninduen bezala, zurbil, hilotz. Abruzzoko ardo zuri basokada batek hobiz bestaldeko agerrera hura ezabatu ahal izan zuen, une batez bederen, ostera han azaldu bait zitzaion aurpegi zurbil hura, irriño sarkorrago batez honetan, kontuak eske lez.

        Ezinezkoa zitzaion guzti hura jasatea, ezin zuen nire presentzia jasan. Abruzzoko ardo zuri botila hartu eta aipatu aurpegiak zirauen paretaren kontra jaurtiki zuen, furia basatiz. Esfortzu horretan indar guztiak galdu bailituen lasaitu eta, besoak luze, mahai hautsuaren gainean pausatu zuen bere buru astuna, atzera ere bere pentsamenduetan murgilduz.

        Nik ez nuen inola ere nire anaiaren burutik aldendu nahi, eta hark, ni ostera ere nozituz, jazartzen zuten hoben gomutetarantz bultzatzen zuen bide iluna hartu zuen, atzerantz begiratzen saiatu ere egin ez zelarik...

        Haren anaia bera akatu zuen, ni neu akatu ninduen, bai. Ordea hura antzina jazo zen, eta lekutan... Draza ez zen noiz gogoratzen, eta ez zirudien mundu honetan agitu zenik, agian beste batean, etengabe atzetik zihoakion errealitate birtual hartan akaso —aizkora hura hain zitzaion erreal baina...—.

        Nire hilotzaren odol hotza izerdi hotz moduan zerion lokietatik. Ixildu zen nekez izio zirauen petrolio kriseiluari bueltaka zebilkion ezpararen bibrazio pisua. Non pausatu ote zen ezpara hura? Berak esku bat mugitzea iguriki al zuen, zelatan? Ni ote nintzen ezpara hura, ala berau? Asasinatzearen eskena behin eta berriro bizten zitzaion, izerdi hotzak blaiturik. Nire izena ahoskatu zuen, dardarti, boz beheraz.

        Datarik gabeko egun hark zelaiak gaitzerizko ihintz erregarriz itota arturratu zuen; goiz xoriek, kanta ezean, etsipen alarau zorrotzak egiten zituzten, aire dentsoan nekez. Nire anaiaren karez sumindu begiek oro hautematen zuten hala, deformaturik, distortsio jasangaitzaz. Ohatzea utziz, iguriki more izoztu baterantz bideratu zen, eta albotik oinezkoak bide ziren itzalak sentituz, itsaso solidotuaren gainetik paseatu zuen, Ezerez kezkagarriaren sopean. Hura ez zen ameskaitz ikaragarri hartan ostera egiten zuen lehen aldia, hainbat bider ere errealitate hartan harrapatua egon bait zen; inoiz ez luke Ezerez hark pentsatuko, ordea, hartan besteon mundua nahasiko zenik, horren era tragikoan behinik behin.

        Ez omen zen aldez aurretiko asmoz buruturiko krimena izan, hala onetsi bide zuten epaileek; ordea, krisi nerbioso betean obratu zuela-ta, ospitale sikiatriko batean sartu zuten, eta ez zuen ba handik azkar asko ihesi egin. Hori izan zen hurrengo egunean kasuaz ahantzi ziren egunkari merkeek gertakarien atalean argitara eman zuten bazter zutabe laburrean ziotena.

        Datarik gabeko egun hartan Drazaren begi urdinak aizkolaho distiratsuan mehatxagarri isladatu ziren. Bapatean goiz xori okaztagarrien durdurioa behingoz eten zen, eta linboaren ixiltasunean urruma hark, in crescendo zihoan berark, nire anaia adigabea asetzen hasi zuen. Berriro ere, bere begi gorriak aizkolispiluan isladatu ziren, lehertzear orain. Ezerez madarikatu hura bera izorratzekotan zebilela zirudien, edo hark bere nahi bati men eginez konplitzekotan. Drazak ez zuen, ordea, inoren bortxari men egiteko asmorik. Horregatio, urruma haren itturrirantz abiatu zen, eskuinean aizkoraren giderra sostengatzen zuelarik. Barruko bultzada hari jarkitzen saiatzeak ez zion ezertarako balio izan, eta azkenik Ezerez haren aurreko bere gaitasun ezaz jabetu zen, malkoak begi leherurrenetan. Oinez jarraitu zuen, ilunpean, soinu hartarantz. Dardara urduri bat bere gorputz ahulaz nagusitu zen, eta argi hotzetan behinola bere anaia izara kausitu zuen. Ordea, nire lekuan, etengabe bihurtu eta urruma hastangarri bat zerion izakia hauteman zuen. Bere begi beltz hutsak aizkolispiluan isladatu ziren, azkeneko aldiz.

        Izerdi hotz hora Drazaren lokietan sikatu zen, amaigabe zirudien itturria agortuz. Egunetan pilaturiko ugerrak desoroso sentiarazi zuen berau, eta zutitu zen, ageriko zentzurik gabe. Gau hartako minutuak kupida gabe zihoazen, eta Drazak han zirauen, zutik, hiltzear zegoen kriseilu ahularen aurrealdean.

        Behingoan, bere barrenean algara lehertu zen, histeria hutsaz, edo apika Radovan eta Aliaren ihardunaldi emaritsuak bapatean oroituz. Ezparak berriro ere hegalada zirkularrari ekin zion, kriseiluaren argi motela iraungi zen arte. Orduantxe, ilunpeak garajea inbaditzearekin bat, barrea eten zen. Ezpara berriro ere nonbaiten pausatu zen.

        Anna Petrovna Umljanovic, Draza Petrovic Umljanovicen arreba. Nire anaiaren arreba. Nik ez nuen ordea arrebarik sekulan ezagutu, ez gure Pëtr aitak alabarik sortarazi, ez eta ama halakoz erdi. Zalantzan jarri barne dut hora bazenentz, eta dudak ihes egin du sekretuen bidexkatik. Ez, Anna ez zen ero baten imentzioaren islada baino; bazen bai, baina Drazak usteltzat zeukan errealitatetik kanpo ez zen ezer, ezereza. Ezereza? Bere burutik egotzia, handik kanpo errealtzat zuena. Berak.

        Hala ere, lizardi batera ostera egitera zihoala oroitzen zuen, eta emakume haren hilotz odoleztatua Ford furgoneta zaharrean etxerat garraiatu zuela. Draza haren aurpegia irudikatzen saiatu zen, baina ezin. Larritzen hasi zen, dudan, guztia bere asmakeria ote zen. Orduan hasi ziren bere buruarekiko itaunak, zorrotzak, krudelak. Lokietako izerdi hotz itturriak atzera ere isurki likina jario zuen, eta Drazak, poltsikoetan ezkutatuz, marka italiarreko kleenex satsu bat atera zuen, hura sikatzekotan.

        «Ezerezak nahasi nahi hau, Anna ez huen hire buruko fantasma bat baino; ondo egin huen hura akatzean». Drazak eskuan zeukan kleenexaz bola bat egin eta zoruaren kontra jaurti zuen. Orduan, boz erlatsez bere barruko mintzo hari ihardesten ahalegindu zen: «Ez; frankotiratzaile batek...», baina bere eztarrian eratu zen korapiloak ez zion esaldia amaitzen utzi, eztul moduko hots bat egotziz.

        Orduan ulertu zuen, inuztura batek jota lez, inoiz ez zela frankotiratzailerik izan, berark hil zuela Anna zeritzon irudipena, fantasma bat ehortzi zuela baratzan.

        Drazaren Casio erloju digitalak 3.25 a.m. markatzen zuen, nahiko atzeraturik bazebilen ere ordu hura ez zitekeelarik guztiz okertzat har. Eztarriko korapiloa ez zitzaion oraindik askatu, eta baratzara irten zen, guzti hura ameskaizto bat besterik ez zela erakutsi ziezaiokeen argibide baten bila. Baina Anna edo zelakoaren lurremate lekua berak pilaturiko harri kozkorrek mugatzen zuten, barrualdeko esparruak kardabera eta bestelako basabelar sarriez estalia zirauelarik.

        Ordubete eman zuen hobia zulatu zuen aitzur herdoildu beraz hura profanatzen. Aspaldi ikusteke zuen maindirea kausitu zuenean presaz urratu zuen berau, egiaren bila. Drazaren begietako betseinak izugarri zabaldu ziren lehenik, aurki desagertuz. Orduan, aurrean zuenarekin zorabiatuz, begiak lausotu zitzaizkion, linterna argitsu batek aurrez-aurre itsutu balu bezala. Ikusmen apur bat berreskuratu zuenean, lehenago sinesteari jarki zitzaionarekin ostera ere gertatu zen, nirekin alegia. Behin izaki irreal bat bildu zuen maindire berean etengabe nozitzen zuena agertu zitzaion, ustelgabeko gorpu bat, irriño sarkorra...

        Drazak bazekien jakin aluzinatzen ari zela, agerpen hura ez zegokiola birtuala zen errealitate hari baino; ordea beldurrak menperatzen zuen, hezurretaraino sarturik zeukan ikara berark. Izu hartan murgildurik, bere anaia hilaren burua eskuetan, gaitzeria biztu zitzaion bere izatearen barrenean.

        Hats falta eztarrian, biriketan.

        Furgonetara igo, nekez arrankatuz, egundaino ezezagun zuen gurpide malkatxetik jo zuen, Ezerezak lematzen zuen mundutik ihes egiteko alferrikako esfortzuan. Sasitza joriaz eskoltatu bide estuan, ibilgailu zaharraren faro piztu bakarraren argia iluntasunean nonbait galtzen zen, eta gaueko intsektuak, milaka meteoritoren moduan, haizetakoan bortizki lehertzen ziren.         Behingoan, sasitza amaitzean, Drazaren ezker oinak zegokion pedala supituki hondoraino zapaldu zuen. Hark eragin zuen balaztadak, hutsaldia airean esekiz, aurreko gurpilak lubeta baten mugan utzi zituen. Eta lubeta haren hondotik, uholdotsez, Neretva ugaitz basatia leize abiaduraz iragaten zen, galkor.

        Drazaren begi erauziek, ur uherretan rafting eginez zihoazen izei abarren lekuan, etengabe oles zegioten izaki ezdeus iheskorrak irudikatzen zituzten, beronen beldur kontrolagaitzak zirenak, Ezereza zirenak. Mementu hartantxe, eztarriko korapiloa askatu zitzaion, eta haietako fantasma ezdeus batek eurekin betiko eraman aurretik neure izenez oihu egin zuen, indar osoz. Ahuldade osoz. Pizturik geratu zen faro bakar haren argia baino ahulago...

        Eta hurrengo egunean Radovan eta Aliak aurreko egunetik amaigabe utzi zuten mus partidari berrekin zioten. Eta Estatu Batuetako kaskourdin koadrila bat, zerbeza latak eskuetan, behinola Draza Umljanovic zelakoaren izandako bi aulki eta mahai batez atondu garajean sartu ziren, euren egunerokoan, elkarri txisteka.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.