L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-31 / Hegaberak lubakietan (1993-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

abenduak 31

 

Kaixo Garazi

 

Etsipena zure argazkien kolorea hartzen ari da azken aldian. Ilargiak zure herrian adokinak lanbroaren eskutik paseiatzen dituen orduetan, berauen malenkonian igeri dihardut gauero.

        Burdinbide baten arrastoan galdu ziren azken begiraden taupadak, fatalitatean, eta ordutik badakit joana zarela. Joana, amodioaren lubakiak soilik maite dituzten bihotzetara. Joana beste behin, nire eskuetatik. Ihesi. Hiri handiaren erraietan irudikatzen zaitut, iluntasuna ikusten den lekuetan, isiltasuna entzuten den geletan, nireak ez diren ezpainak afalduz, dagoeneko amoranterik geratzen den peoretan.

        Tristurak soilik daki hemen zure helbidea, non ni, sentimenduen fusilpean hilik, ez naizen oroitzen jada zure etxaurrean urturiko minutuez, malkoz bataiaiuriko marmolezko klepsidran. Ez. Ez naiz oroituko gau hartan gaztain erreek zure begi beltzak ordezkatzen dituzten artean, etsaiaren tiro hotsek zure pianoari darion eztia estali bitartean. Urrun gelditu dira dagoeneko egun haiek. Naturaren espaloietan ametsak urratzen genitueneko egunak. Sua eta izarrak kulunkatu ohi ziren iluntasunean, adiskideen kitarrak lauhazkan zebiltzan bitartean, gauak zipriztinduriko erresuman barrena. Beltza zen orduan ere dena. Beltza bizitza, beltza zure adatsa, gaua. Beltza nire esperantza... Eta beltz geldituko ziren argazkiak ere sutzar baten inguruan akordez tindatu ez balira, izar euriaren esperoan elkarrekin lokarturiko garaietan.

        Joan egin zinen gero ordea. Joan ni bakarrik utziz, itsasertzetan bere uhinez beste eginiko hondartzei intzirika. Bakardadearen beste kopia hat aurkitu nuen poltsikoan, telefono mutuak modan zeuden abuztu hartan. Joan, doinu berriak jasotzera, egunen batean berriro itzultzean niretzat soilik abesteko.

        Gure lubakietan ezina da kantari bakarra orain. Irudimenaren frekuentzian soilik entzun daiteke, gauero adiskideentzat kantuan: «...ez naiz ni zurekin ahaztu dena, beste norbait izango zen hura...»

        Urrunean aldiz, olatuek beste itsas bazterrik aurkitu dutela dirudi, eta etsipenak hartua du dagoeneko zure argazkien kolorea.

 

        «Eta malko guztiak agorturik, paper mutu bat eskuratuz, esan dut nire baitarako, zaila izango dela aurrerantzean soldadu bat nigarrez imajinatzea.»

 

 

Zer esanak

 

GAU beltzak

diren horietan,

ispiluaren pozoin,

       ezerezaren balantzan konpentsatuak,

       ametsetatik ihes eginak,

       isiltasunean ahaztuak.

 

Gauaren nekean

intzirika dabiltzanean,

       Beltza lekuko eta

       Bakardadea epaile

lilura eta desioa

ostu nahian.

 

Taupadarik gabeko

maitasun gauetan,

malkorik gabeko

ameskaiztoetan,

gau beltz horietan,

 

       oihuka dezala euriak

       mehatxuka,

       ttantta baina izar

       dituela

       gauak

       bizitzaren isladapean.

 

 

 

INFINITOAREN misterioak

Unibertsoaren zergatiak

 

Maitasun ametsak

Frakasua

Esperantza

hausten direnean.

Errealitatetik urrun.

Oso urrun.

Denborak beste esanahi bat

duen desafioan.

Amildegiaren zainetan.

INSEGURITATEAREN ERTZEAN.

ARRISKUAREN LIMITEAN.

 

        Heriotza da erresumarik zabalena eta nik besoak baino ezin zabal ditzaket. Eta itzalirik egunak ametsen ganbaretan, jada lau eratan baino ezin imajina dezaket soldadu bat: ihesi, bizirik, hilda, hegaberei beha. Sebastianek helarazi zidan liburua eskuratu dut.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.