Mugaz bestaldeko auzoan
Gerardo Markuleta
Bizi izan naizen hiri guzietan
bazen beti gizon bat leihoan biluzik;
adarbakar urdinen bat, bidea galdurik;
hamasei urteko neskatxak,
neba-maitasun eske;
eta orduen gurpila berba-makilez trabatzen zuenik,
bai eta bide ertzeko aldaretxoetan
larrosa bat eskeintzen zuenik ere.
Maite izan ditudan hiri guzietan
bazen axolik gabeko gauzekin arretaz arduratzen zenik,
eta ordurako ez gazte, ez garbi, ez abertzale ez zenik;
hiztegiak, salmoak eta kalenderak maite zituenik,
bai eta Lisboako mapa-saltzaile zaharrekin
hitzaspertuak egiten zituenik ere.
Bizi izan naizen hiri guzietan
bazen eginbeharraren iheslaririk,
eta ipuin eske zebilen ezpain umelik;
bazen neska biluzirik pasiloan barrena;
ekaitz gauetan hustutako oheak zenbatzen zituenik;
ibaien ezpondak biltzen saiatzen zenik;
txakur deslaiak ferekatzen zituenik;
bai eta komuna publikoetan pornografia irakurtzen zuenik ere.
Maite ditudan hirietan
badira banatu arren bizialargundu ez direnak,
eta atsotitz, errefrau, zuhurtitz eta kanta zaharrak biltzen dituenik,
bada marrazkiak burmuinaren alde izkutuaz egiten dituenik;
poema anhidridotan barrena labain egiten duenik;
umeari gauero ipuin zahar bat kontatzen dionik;
hegoari txoraize edo andraize esaten dionik;
eleekin biderketa eta mugekin kenketa egiten duenik;
bada hontza iruditxoak biltzen dituenik,
eta txantxikuak, eta marraskiloak, eta trikuak; bada kronopioa etxean eta batzutan ohean onartzen duenik,
bai eta dordokei azal lehorrean elai bana marrazten dienik ere.
Bizi naizen hirian
bada oroimenaren laberintoan haria galdu ez duenik,
bada sofa-oheak maite dituenik,
eta mimosaren eztandak liluratzen duenik;
zinismoaren maldetan etzan ez denik;
erret-bide bazterreko aulkiei ezetz esaten dienik,
bai eta bere harria murrailetik kendu eta zubian ezarri duenik ere.
Bada beltxuririk, bada agoterik, bada ijitorik,
bada azken maitasun istorioa beti bukatu berria duenik,
bada ahazturaren pardela
desegin eta berregin etengabe dabilenik.
Bizi izan naizen hiri guzietan
bazen mugaz bestaldeko auzorik.
Maite ditudan hiri guztietan bada
mugaz bestaldeko auzorik.
|