L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-29 / Polizia (1992-abendua) —<susa2616>




 

 

—separata—

 

Euskal narradore on eta gaiztoei buruz

Herrizaingo Sailburuarentzako Txostena

(lehen bilduma)

 

1999ko abenduan, Independentziaren 2. urtean,

ARKAITZ IBAÑEZ MANTEROLAk

Kultura Saileko Liburuzaintza Alorreko

Aholkularitza Batzordeburuak.

 

 

Herrizaingo Sailburuarentzako Txostena

1999ko abenduan, Independentziaren 2. urtean

 

        Arkauteko ertzain-ikastegian euskal literatura edo elertiaren ikasgaia sartu behar dela eta, orain sei hilabete Herrizaingo Sailak premiazkoa eritzi izan zion, euskaraz idazten dutenen artean bereizketa eta jorraketa justua egiteari.

        Bai Aurkauteko ikastegian bai gainerako ertzaindegietan, tokian tokiko irakasle, arduradun eta agintariek beren eginbeharra ahalik ongien bete dezaten, hona hemen euskal eleberrigileei eta euren liburuei buruzko iritzi eta juzkuak jasotzen dituen lehen bilduma.

 

 

ANTZA, Mikel (benetako izena: ALBISU, Mikel).

Zerrendako lehen izena, eta aldi berean euskal idazleek ezizenak eta goitizenak erabiltzeko duten joera arriskugarriaren lehen adibidea. Bera ere arriskutsua eta odolzalea. Guztiz debekatua bere liburuen irakurketa. Lehen bilduma 82-84 izeneko ipuin liburuan barregarri utzi zuen ministro bat, nostalgia maitekorrez laudatu zuen rockero drogazale bat, inditar piromano baten andantzak kontatu zizkigun, eta errukirik gabe garbitu zuen irrati lokutore bat. Odolaren usaina, bigarren ipuin bildumak ez du parekorik. Odolez zipriztintzen ditu orrialde guztiak, joera antisozial guztien aldeko gonbitea egin guran.

 

ARISTI, Pako.

Kuidadokoa. Luma librekoa, pozointsua. Trilogia espantagarri baten egilea: Kcappo, Irene eta Krisalida. Trilogiaren amaieran, terroristak merezi bezala jipoitzeko balentria agertzen badu ere, ertzainak ere inuzente eta nazkantetzat hartzeko erreparorik ez du falta, azken batean gaizkileen parean jarriz. Zerbait salbatzekotan, Iraileko ipuin eta poemak liburuko pasarteak erabil litezke. Hala ere, hobe fotokopiak baliatzea, liburua ikasleen eskuetan utzi gabe.

 

ATXAGA, Bernardo (benetako izena: IRAZU, Joxe).

Kontuz eta apal ibili beharreko idazlea. Kategoriakoa: Espainiako literatur sari garrantzitsuena irabazitakoa. Gutxienik espainol eta frantses eta ingeles eta aleman eta italiar eta katalan eta portuges eta polones eta norvegiar eta errumaniar eta danierara itzuli izan dira bere idazkiak. Babes sozial mundiala handia du. Kultura Sailburuak estima berezia dio Obabakoak liburuari. Gure ustez ordea, ez da fidatzea komeni. Goxo-goxo idazten du, baina baita ziri ederrak sartu ere gutxien uste duzunean.

Kontuz: parabola zalea da, eta gaizki-ulertu konponezinak sor ditzake ikasleen baitan.

 

ARRIETA, Joxe Austin.

Gizon hau nola tratatu beharko genukeen, beraren obretariko baten tituloak ematen digu: Manu militari. Nobela-edo mardul honetan aintzinako soldadutzan izaten ziren gorabeherak azaltzen dizkigu, militarren lepotik trufa eginez. Noski, beste garai batzuk ziren haiek, zer esanik ez, baina ez dut uste Arkauten ditugun ertzain kumeak halakorik irakurtzeko gai direnik. Antza handiegia, akaso. Gero, Abuztuaren 15eko bazkalondoa ahaztu beharrekoa, zeren gure Lehendakaria Salve-ra agertzen den guztietan zergatik tratatzen duten tratatzen duten moduan, egun horrek abertzaleentzat duen garrantzia eta abar ageri dira horretan.

 

BORDA, Itxaro (bataio izena: BORDA, Bernardette).

Emakume honek bataio izena ezezik bataio bera eta, areago, Eliza Santu Katoliko Apostoliko eta Erromatarra ere ukatu du. Basilika izeneko eleberri herejeak lapurtzea ere ez du merezi, zeren bera izanik Bernardette, harako beste Bernardette Santusa hari Andra Mariaren agertzean oinarrituriko trufazko istorioa egin bait dio. Iparraldeko anai-arrebei ez die batere mesede egiten. Bestalde, beltzak, senar gabeko amak, nekazari jipoituak eta halakoen alde agertzen da Urte lehorraren kronika delakoan. Eta Frantziako polizia kideak toki txarrean jartzen ditu; diplomazia maltzurra!

 

GARATE, Gotzon.

Lasai irakur daiteke. Gehiago oraindik, derrigorrezko irakurten zerrendan sartzea gomendatzen dugu. Bere eleberrietako Jon Bidart ikerlaria gure ertzainaren aitzindari zintzoa dela esan genezake: euskalduna, fededuna, bizkorra, garbia, azkarra eta zorrotza. Zer ikasi asko daukagu harengandik, beharbada eritzi politikoetan makur samar badabil ere. Kalterako gutxi eta osasuntsua gehiena.

 

GEREÑO, Xabier.

Daukagun onena, argi eta labur esanda. Bere eleberri ugarietan, zintzoak beti zintzo eta gaiztoak, aldiz, itsusi eta terrorista. Esate baterako: Gadafi eta Khomeini-ren etsai amorratua. Euskara oraindik ongi menderatzen ez dutenek ere ez dute ulertzeko arazorik izango. Beraz, irakurgaien zerrendan lehentasuna behar luke. Ertzaintzaren irudi aproposa indartu asmoz Herrizaingo Sailak Euskal Telebistarako telefilmeak egiteko daukan proiekturako, gidoi modura aise egokitu ahal dira bere eleberriak.

 

HERNANDEZ ABAITUA, Mikel.

Guretako uste izan genuen. Etorriko haiz nirekin? du izenburua bere lan garrantzitsuenak. Indarkeriaren kontra ageri da bertan, «alde batekoa zein bestekoa» izan. Dotrina hori ongi zegoen orain dela hamar urte, baina gauzak aldatu egin dira: gure armak demokratikoak dira; besteak, gaizkile eta kriminalak dira; gu, Legebiltzarraren esanetara gaude. Gaur egun ez du zentzurik «alde batekoak zein bestekoak» zaku berean sartzeak. Ez dirudi arriskugarria denik, baina pasarte aukeratuak fotokopiatzeak konponduko dizkigu egin litezkeen irakurketa zalantzazkoak.

 

IRIGOIEN, Joan Mari.

Bakezalea (itxuraz behintzat). Sustraien bila dabiltzan mistikoentzat egoki izan daitezke bere nobelak. Hala eta guztiz, anaiak borrokan ipintzeko joerak alferrikaltzen du orohar, eta gehienetan batek ez daki doi-doi zein diren zintzoak eta zein gaiztoak. Haatik, egoki bideratuz gero, bere eleberrien geure aldeko irakurketa egiteko ez luke zailtasunik erakutsi behar. Euskal Herriaren barne-historiaz jabetuko dira gure ikasleak Babilonia izenekoari esker —liburu salduenen zerrendetan azaldu izan da beti—.

 

IZAGIRRE, Koldo.

Poema xamurrak idazten hasi zenak okerreko bidea hartu zuen kontaketa lanetan hasi orduko. Euzkadi merezi zuten eleberriari beldurrik ez: laburra izan arren, inork gutxik ulertuko du eta hirugarren orrialderako laga egingo du. Alabaina Mendekuak izenekoa, ezta ukitu ere: koktelak, barrikadak eta era guztietako sabotaiak nola egin erakusten du, insurjentziarako eskuliburua bailitzan. Okerrago Metxa: dinamita hutsa; insurjentziarako bigarren eskuliburua; eta oraingo honetan 'sinpatikoa' eta ironikoa (umorez eta goxo idatzia).

Erne: ertzainek egiten dituzten etxe-miaketetan idazlearen lanak konfiskatzea proposatuko genuke.

 

JIMENEZ, Edorta.

Ertzain bizkaitarrentzat maitagarria izango da Atoiuntzia ipuin liburua. Baina ez aipatu sekula nobela bat idatzi duenik: Speed gauak, izenburuak berak argi adierazten duenez, drogomenpekotasunaren apologia besterik ez da. Hasiera antologikoa: kutxazain automatiko baten barruan ezezagun batekin txortan. Eta bekatarien artean bekatariena den pertsonaia: Masturbatzaile Eroa, kanposantuan etengabe kanpaia jotzen diharduena. Hala ere, Bilboko delikuente moeta guztien ibiltokiak deskubritzen dituenez, agian gidaliburu erabilgarria izan liteke ertzainburu ongi adiestratuentzat, Zentsura Batzordearen garbiketa txukun baten ondoren.

 

JUARISTI, Felipe.

Polemika zale izaten denez gero, kontuz honekin. Poesiatik prosara eta prosatik poesiara ibiltzen da, horrek adierazten duen guztiarekin. Argiago esan beharrik al dago? Arinago duk haizea, Absalon, eroek ere ulertzen ez duten liburuan, zera dio eskaintza gisan: «Euskadi den eroetxe honetan oraindik bizitza umorez hartzen dakien orori». Ea bada gure goi agintariek jakiterik duten, oraingo Euskadi berria eta liburua idatzi zenekoa bata bestea bezain eroa dela pentsarazteko motiborik emango dien gure neska-mutilei.

 

KINTANA, Xabier.

Idazle honen curriculuma puntu beltzez josita badago ere, Ta Marbuta eleberri laburra eredua dateke guretzat. Euskaldunok oporretan Mossad-eko lagunekin nola kolabora dezakegun, musu truk —eta hau literalki diot— edozein terroristaren aurka (liburuko kasuan palestinar odoltzaleen aurka). Ukronia izenekoa ez dago berrargitaraturik, zorionez, zeinetan euskaldun zintzoez iseka ugari idatzi bait zuen, anartean Jon Mirande eta halakoen eragin kaltegarriaren menpean, seguruen. Talde lanean egin zuen hiztegi ospetsuko lehen edizioko zenbait orrialde debekatu beharrekoak dira, hala nola, Sabino Aranaren dotrinei ziria sartzen dienekoak.

Ez ahantzi: Alderdi Komunistaren Manifestuaren euskaratzailea da.

 

LERTXUNDI, Anjel.

Narradore maisuen artekoa. Edukinari buruzko iritzi orokorra: bat bai, bestea ez. Adibidez: Hamaseigarrenean aidanez irakurtzeko arazorik ez, gure betiko Euskal Herri basati eta arlotea irakurlearentzat mingarria izan gabe erakusten bait du; Tobacco days horretan, aldiz, polizi hustelkeriak nabarmenegi darabiltza, guztiz kaltegarri; baina Kapitan Frakasa (nahiz eta parabola intelektualegia izan) mafiatik ihesian gurera gizarteratu nahian dabilenaren buruhausteak dakartza. Azkeneko hau, Kultura Sailburuaren kuttunetakoa ei da, oso-osorik irakurri ezinean dabilen arren.

Gogoratu: gazte literaturako idazkietan gutxi dago Lertxundiren parekorik.

 

MENDIGUREN ELIZEGI, Xabier.

Danger. Ez du bereizten amodiotik bortxakeriara dagoen tartea. Baina hain da neurrikoa bere kontaketa jarioa, ezen irakurleak ere ez bait du bereiziko amodiotik bortxakeriara dagoen tartea. Gaztetan denok izan ditugun amodio traumak isladatzen ditu Sei ipuin amodiozko liburuxkan, eta bigarrenean, Hamalau izenekoan, ezin nabarmenago ditu joera patologiko txikitzaile eta bortxatzaileak. Antisoziala eta makabrokeri zalea. Eta hori gutxi balitz, heroi komunistak ipintzen ditu haurrentzako idazten dituen ipuintxoetako protagonista bezala. Gaiso dago.

 

MINTEGI, Laura.

Gezurra ematen du itxura batean horren goxoa izan, eta gero halako erresumina eta gaiztakeria isurtzea gu bezalako ordenazainen kontra. Bere lehen ipuinak hainbeste maite izan genituenok harrituta utzi gintuen Legez kanpo eleberri inmoralarekin. Ez dago zertan luzamendu gehiagotan ibiltzea merezi. Nahikoa da esatea bai... baina ez, idazle honen lehen nobelaren izenburua bera baliatuz.

 

MONTOIA, Xabier.

Poema liburuak ezagutu genizkionean fitxatu genuen: drogazaleen, gizon-otso haragigoseen eta mendekari paranoikoen laudatzaile porrokatua. Ez genuen ezer hoberik espero lehen nobela iragarri zuenean. Non dago Stalin? ustel eta higuingarriak gure gizartean on, garbi eta santu den guztia erasotzea beste xederik ez zuen. Sekula ez egin ez egingo ez duena egiten ipini zuen Ertzaintza: torturatzen. Eta Herrizaingo Sailaren zerbitzu sekretuetako gizonik estimatuena sexu ekintza kontaezinenak burutzen asmatu zuen. Euskal idazlerik antisozialena izan zen. Gaur egun, arazorik ez. Euskal Herriaren Independentziaren bigarren asterako bere obra guztiak konfiskatzeko agindua bete genuen.

 

ONAINDIA, Mario.

Literaturak betirako galdu duen idazlea da Onaindia. Espainian bizi da. Dena den, zoritxarreko egunen batean terrorismo aztarnarik ttikiena somatuko bagenu, eskuliburu antiterrorista egokiak utzi zizkigun, Grand Placen aurkituko gara kasu. Bibliografian aipatzea ez inoiz ahantzi (badaezpada), nahiz eta derrigorrezko irakurketen artean sartzeko nahikoa merezimendu ez duen. Irakurriz gero, ertzain-ikasleek barkatuko ahal dizkiote ortografi eta sintaxi akats etengabeak!

 

SAIZARBITORIA, Ramon.

Beldurgarria. Bernardo Atxagak duen bezainbateko babes soziala dauka. Baina beldurgarriena da, aspaldian libururik plazaratu izan gabe ere jarraitzen duelako babes hori gordetzen. Beraz, bere nobela inmoralak bibliografietan besterik ez aipatzea izango da bidezkoena, momentukoz. Ene Jesus ezin uler daiteke (hasteko), 100 metrok terrorista bat goraipatzen du (jarraitzeko) eta (amaitzeko) abortoaren alde ari da Egunero hasten delako horretan. Eleberriok agortutzat joez gero, hobe.

Oharra Fitxategi Nagusian: nobela argitaragabe bat dauka eta argitara ez dadin presioak egiten ari gara argitaldari guztietan.

 

SARRIONANDIA, Joseba.

Ni ez naiz hemengoa hartan —Independentzia egunaren ostetik berriro ere hemengoa da, truko literarioa— eman zuen ezagutzera ze ideia klase zituen herri honi buruz. Harez gero, ez du liburu garbi-garbirik argitaratu: Narrazioak, Atabala eta euria, Ifar aldeko orduak... Badute denek, hemen ez bada han, gure begiak zorrozteko lainako motiborik. Dela boterearen esku izkutua, dela gizartearen marjinalietan dabilen jendearekiko sinpatia, ez du besterik zenbaitek faman Atxagarekin alderatzen duten idazle honek. Onartu behar da, eta esan egingo dut, trebea dela pertsonaiak eta egoerak beste itxura batez azaltzen. Horregatik, ekidin badaezpeda ere Erdi Aroko eta urrunean gertatzen diren ipuin guztiak. Arthur erregea Lehendakaria izan daiteke.

Egokiagoa euskara ikasteko —sinonimoak, kontuz hatxeekin— literatura klaseetarako baino.

 

SASTRE, Pablo.

Idazle temoso eta egoskorra, beti bere txaramelari eragiten, beti behe-klaseetako pertsonaiekin, beti gai ilunekin: zinta bat agertu dela Petritegin, Mariaren Mendeako sufrimenduak direla, edo Joxemi izeneko bat Iparragirre internazionalista baten modura dabilela hara eta hona iraultzak eta erreboltak eztandarazi nahian, akabua. Hotel magikoa izeneko eleberri luze bat idatzi bazuen ere, ez dut uste horko pornografiak eta lizunkeriak beste hotelik merezi dutenik, guk dakigun horixe baizik. Honek bai kopeta, bere liburuetako argazkietan inozente aurpegia erakusten digularik.

 

TXILLARDEGI (izena: ALVAREZ ENPARANZA, J. Luis).

Garai batean kontu filosofikoak eta existentzialistak idazten zituen, eta geroztik isildu balitz gure autore hautatuen artean sartuko genukeen, abertzale antimarxista zen aldetik. Geroztik ordea, indarkeriaren apologian ihardun izan du. Buruberoen esku-liburua da Exkixu eleberria. Gure politologoek esaten dute ekintzaile berei egiten dietela kalte buruberokeria horiekin eta bere horretan utzi behar genukeela. Diskisizio eskisitoegiak ordea, gure ustez.

 

ZABALA, Juan Luis.

Anarkista eskizofrenikoa. Bihotz barrenean piztia suntsitzailea du atezuan, jauzi egiteko prest. Kaka esplikatzen izan da bere azkeneko eleberria —higuinkeria onartezina izenburutik hasita—, ideologia antisozial akrataren errainu zuzena. Gainerako liburuetan ere nabarmen utzi nahi du bizitzaren zentzugabekeria ipuin zentzugabeen bitartez. Gertaerei begira narrazio liburuko lehen kontaketetan pistola-zale hotz eta kriminalak deskribatzen dizkigu: horietako batek haur bati tiro egiten dio burura; beste batek, bi polizia garbitu eta, lurrean daudela, euren gainean hustutzen du burdina. Zalantza barik, piztua du atezuan.



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.