Juan Pedro Bengoetxea kalitzeko bost manera
Jose Luis Otamendi
EZ DELA ETA BADELA
Partidua aurrera zihoala eta bero bero. Kea eta lamara zatarra. Aurretik zela Retegi, lau tanto behar zituela irabazteko, besterik ez. Artekariak abasto eman ezinda zebiltzala, Arretxek zuela sakea hamaseigarrenez. Zenbait jokozale haize-errota zirudiela zebilela, besoak dantza zoroan «ba» batera eta «ba» bestera. J.P.B. ere han zela zain, irabazi erraza nondik etorriko. Bentaja izan arren nekea igarri ziola Retegi zaharrari, itsu-itsu zegoela gorriaren alde. Tantoa galdu zuela Arretxek tontamente, 19 eta 16. Mila seirehuni jokoa, zeinua egin zuela J.P.B.k eskuineko erakuslea jasoz. Gustora ikusten zela jendea batzu beroan botatako erronkak kubritzeko larri ibili arren. Partidu luzea zegoela oraindik ordea. Afaneko txalotzen zituztela ikusleek pilotarien pikardia eta sasoia. Distraitua zegoela J.P.B. artekariak pilota bota zionean papeletarekin. Hiru ilada gorago joan zela, baina konturatzerako emakume batek ekarri ziola irrifar gozo batekin. Aspaldi bi izotz kozkorrak urtuak zituen kubalibreari tragoa eman ziola. Hura izan zuela azkena. Orduantxe egin zuela eztanda pilotak. Latza izan zela, bertan bi pertsona hil zirela eta ertzain bat ere bai.
HEROIAK
Ordenadore aurrean zegoela eraso zion birus informatikoak. Zentzumenak baldartu zitzaizkion derrepente: entzumena moteldu, bista erdira jaitsi. Alferrik ahaleginduko zen Juan Pedro Bengoetxea jauna zirkinik egiten; betazpietan metatu zitzaizkion ezabatutako emozioen kondarrak. Soraiotasunak giharre eta nerbioak beretuak zituen mihina ahotik erori zitzaionean. Azken oroitzapen-gurariak, bizitzako fitxategi sekretuak berehalakoan jan zizkion gaitzak. Bi minutu eta hamaikasegundu zeramatzan hilda ospitalera iritsi zenean anbulantzia, garunak ahazmenaren mintz lingirdak hartuak.
Martiartu bataloiko ikurriña gainean zuela eman zioten lur. Jende ugari izan zen hiletan, aurrean ibilizalea asko. Ertzantzaren musika bandak lagundu zituen elizkizunak. Kanposantuan egundo ez bezala harrapatu zituzten klarineteek notarik altuenak.
KONPARAZIO BATERA
Amaren ezpainak bere umearentzat barkamen eske bezala errestatzen zen barea bidezidorrean. Beroa zen arratsa inongo arriskurik susmatzen ez duenaren izerdia bezala. Putzuetan eguzkiaren uhara jarraikitzeko lehiatzen ziren igelik gazteenak igeri eginez eskubeteka. Lekukorik gabeko itsasoa baino ilunago jarri zuen ortzea. Boladatan belarra zutitu egiten zen suge harro saldoa bezala, sugeak etzanda zeuden aho luzeko labanak legez. Trumoia jo zuen eta zotinka hasi zen besoa bihotz gatibu bat bezain larri. Oste-zaparradak haurren ametsak bezala zulatu zituen hostorik zabalenak. Azpian gordea zegoen barea Jainkoak ahaztutako aingeru bat nola. Gogotik hasi zuen txingorra, ertzaina zirudien larrosa gorria harrapatu eta bertan hil zuen. Juan Pedro Bengoetxea Imaz zeritzan, «Beltzetan» ibilia behar zuen aspaldiko garaietan.
YUYU
Sargori dago. Juan Pedro Bengoetxea ertzainetako sarjentua ezin du loak hartu. Leihoa zabalik dago, pertsiana botata. Kaleko eta auzo hurbileko zaratak mailaz maila heltzen zaizkio belarrietara: jende eta auto hotsa, telebista-irratietako jardunak, hizketak, zaunka urrunak, soinu definigaitzak. Belarriak apurka-apurka goataz estaltzen ditu batzuk, potin mutuetara eraisten dira zenbait, eta iturri bakar batek hobesten du gogoa nahigabe, deblauki.
Juan Pedro Bengoetxea ertzainetako sarjentua gero eta garbiago aditzen dagoena auzoko telebista batetik dator. Telefilmea, murmurio ulertezina zena, hotsez hots aletuz doa, hitzak eta sintagmak doitasunez lotzen ditu lokartu ezinak. Eta perpaus gardenez osatutako diskurtso bati helduta dago gizon bat loaren hegia dagoeneko ikusten ez dela; haztatuz, ezin lehorra atzeman. Argudioa topikoa da, polizia bat bahituta daukate bi sikopatek. Batak besteari esaten dio ongi lotzeko polizia buila batean, eta pertsianaren zirriztuetatik hiru zartateko entzuten dira. Juan Pedro Bengoetxea ertzainetarako sarjentuak estu sentitzen ditu eskuturrak ipurgainean eta urdail-sabelaldea minbera. Presaka mintzo dira bahitzaileak, ihesa ari dira gertatzen, gauzak lurrean zilipurdika. Juan Pedro Bengoetxea ertzainetako sarjentuak aditu du ahots bat «Txakur puta hori, hau ikusten al duk?» diona, eta tximetako tirazoarekin atzera bota behar izan du burua, eta baietz esateko gogoa dauka baina ezpainak lehertu zaizkio. «Hau nire andregaia duk eta hirekin nahi duela ziok!» bota du ahots berak; «Uztak hori eta hator hona!» agindu dio ondotik besteak. Eztarritik behera dario odola, bularreko ilaje izerdituan etzatera doana.JuanPedro Bengoetxea ertzainetako sarjentuak urrun, oso urrun egon nahiko luke baina ezin du, bere hitz jarioarekin hunkitu nahiko lituzke denak eta ezentzun ezer, ezer ez.
Beregain ez dago aditu nahi ez duena entzutea. Ez du entzun nahi, badaki zein kate labur ekarriko dion gaizkileen ihesi asmoak entzun izanak. Telebista aparailua amata dezaten, kanalez alda dezaten desiratzeko kemena du eskas. Urrun, oso urrun pasatzen dira jendea batetik bestera daramaten autoak; urrun, oso urrun hustutzen dira tabernak beti legez; urrun jotzen dituzte emazteak etxeetan.
Juan Pedro Bengoetxea ertzainetako sarjentuak ez du aditu nahi baina entzun egiten du entzun nahi ez duena; bi, mila bider entzun du. Luzatu egiten baita ikaragarri hitz bakoitza, zarata bakoitza, aieru bakoitza. Entzun egiten du adi-adi hesteetan sartu zaion berotasuna, eta nola hedatzen den maindireetan berotasun morea. Eta entzun egin ditu polizia autoen sirenak, eta «Lasai, lasai!» diotela sabel gainean mantak botatzen dizkioten bitartean, eta anbulantzia. Juan Pedro Bengoetxea ertzainetako sarjentuak azkena bere bihotza entzun du urruntzen aspaldiko bafore bat bezala. Eta loak hartu du.
BELTZEZ
Astiro dator auto beltza kalean gora. Gizonezko beltz baten aldamenean geratu da, leihatila ireki dute barrutik, zerbait ihardetsi du eta aurrera egin du ostera. Balkoi askotan loretan dira geranio beltzak. Autoak ehun metro beltz egin eta espaloiaren kontra gelditu da. Parkean ume batek ura edaten du kaniletik, inor ez dabil zinbilizanbuluetan. Neska gazte bat etxera doa beltzez jantzita ittul betea buru gainean. Gidaria atera da eta itsuaren begiratu beltzak inguratzen du bazkalondoa. Txartel bi erosi dizkio eta diru txikitan ordaindu. Gabanaren patrikatik sastakaiaren kirtena ageri da. Pantyak burutik behera sartu dizkio eta estu-estu lotu lepabueltan. Papar erdian sartu dio gogortasun batek bidea eragotzi dion arte, okotza labanaren aho beltzituaren gainean abaildua. Zaurietatik oxigenoa sartzen zaio gorputzari, ikusi egiten da. Hiru odol mataza hautseztatu dago espaloian. Juan Pedro Bengoetxa «Itsua», ez lezake inork begizta, zerraldo dago bere kaxetan. Ertzain kondekoratu ohiari zahardade eroso baten esperantza beltza eten diote. Industrialdeko aireak ezabatu du autoa.
|