separata
Begien bizkar
Joxean Muñoz
AIZTOZ EGITEN DIREN SEINALEAK
Hona lirika. Behardu desorduetan eta kontraeran ibiltzen jakin. Desmasien eta bakarmin urratu berrien lurra.
Poemotan bidaia bat kausitu uste dut, hondamendi osteko aldi berri baten hasikinetatik oasis beteko hondakinetan jausi artekoa. Ez da ezer gertatzen, paisaiak igaro, pasatu eta erre-pasatu egiten dira, behin eta berriz. Maitatzea eta oroitzea obsesioa da, ezinbestekoa bezain minbera hala ere. Muñozenean esperientzia etenik gabeko zera da, poesia dela alegia, eta poemak maitea beti faltan duten eskenatoki hauskorrak, erresistentzi kutxak, mezu zifratuak dira. Idazkera oso zehatza da, neurriz gaineko bertsolerro txalogoseetan trabatzeko ez izan beldur.
Hirian, Donostia koxkeroan ere bai, elefanteen azken aterpean bezala ororen ezkutuan jazotzen dira sufrimentuak. Sentimentuak azken muturreraino behartuak daude, amildegia jo eta pasa egiten da maitasun poema hauetan. Errepideak, autoak bidaia bertikalerako eman lezake bide, eta hartara gorputzen erorikoa hotz hotzean ageri. Tangoak beirazko geruzen azpitik.
Ez da konbentzionala Muñozi darion lirikotasuna, berea duen mundu oso koherentea moldatzen badaki. Irudi apur batzuekin etxea altxatzen du, bizpahiru flashetatik amodio eskena sortzen da. Pausoz pauso jarrai litekeen ibilia da, egia intimoen satorbidean aritutakoa apal mintzo da horren min dituenaz. Irudiek eta zentzumenen memoriak garamatzate maitasunaren orbainak nozitzera geure baitan. Fatala da bizitza. Azkenean denbora pasa egin da, min ematen digu oroitzeak, eta oraindik duda sortzen zaigu, ez gaude seguru. Gordin dira asmoak, interesgarria saioa.
Luze isilean gordetakoak peto petoan deklaratzen dakizki, ez da amarrurik, ez eskupekorik, ez keinu lagunkoirik. Zauri zahar eta berriek zimelduak ditugu barnemuinak. Estimatzen diogu.
Muñozek ez dio beldurrik poesiari, «Parentesiak (etabar)» (Hordago, 1983) liburuan erakutsia zuen ez ziona, orain ordea gehiago daki. Ur handitako lanak eskarmentua du berarekin. To lirika.
JOSE LUIS OTAMENDI
Autobusez
Sasiak.
Argia ahulago.
Lur superbibiente bat.
Ez duzu zer
begiraturik.
Tren
guztiak
antzinatearen kolumna
inguruan.
Aiztoaren muturrea-
-n ikusi harramazkak
denboraren aztarna bakan: su
amatatuaren arrastoa,
eta hainbat ilenti ttiki
ordenen baten bila.
Ahultzen datorren argia,
Zikin-
durik.
Nekea bizkarrezurrean armiarma.
Leku bat
garaje bat, billak, hostal bat, neon-
ezko fletxak
hemen
nire
zatoz
leku bat, beste bat,
orpoz orpo otearekin,
argiz
lur superbibiente honetan
argi
seinaleak.
argiz
Beste leihatiletatik
argi
sakabanatzen dira orain
argiz
argi
azken sasiak
bizirik iraun duten
pizti, orru, keinu mekanikoak.
Flash back
Geroztik
hainbat auzo
dira
hainbat kale hainbat
bidegurutze huts.
Geroztik eremuak,
baratz abandonatuak,
gaua. Iragarkiak zut
eta etzan
eta aidanez dizdir
karreteraren bi saihetseetan.
Hotza sabelaren
hodian.
Fite noa.
Zigarroa piztu.
Zu.
Itzalak itzalaren meneko.
Ezpain haiek
hain mantso eurituak.
Erre.
Kea biriketan erabili.
Perfume akre hura
zainak gihartzen dituena.
Sabel hartan inora ez
galdu nintzenekoa.
Zuk.
Bular herabeak, bular herabe iratzarriak.
Euria eta parabrisetako
eskobilak.
Hasperen eginez.
Egarriari zabaldu nintzaionean
ekaitz
sakon-
enak
harrotzen. Deitzen. Lehertzeraino
erakartzen.
Zu.
Euriaren kortina opakoa
belarrietan,
zigarroaren anestesia
eztarrian behera.
Hitz izatera heltzeko debekua zuten
hitzak esanez,
izenik gabe deika,
izuti.
Zu.
Zigarroa itzali,
zigarroa bota,
gaueko haizeari irekitako leihotik.
Txinparta
gorriak salto-
ka karretera zo-
lan hil-
ik.
Argazki dedikatuak dibujatzen
Sasiak so egiten du argia
eta eman, berde ilunagotan.
Itzal uzkurragoen ertzak harrotuz
larre zurbilagotan zanpatzen bere burua.
Gatazka horrek izen urdina du
eta horia instante oso azkarretan.
Iheserakoan herdoilaren abizena hartuko du
trabeskako errainuez
Etxearen atzekaldeko paretari
koloreak lehertzen dizkiolarik
presaka.
(gero atariari eta harri busti
erretiratuagoei)
Helbide bat asmatzen dut
direkzio bat.
Halako eta halako.
Bi puntu.
Gero karretera zolak bakarrik egiten du
argiaren atakearen aurrean
dizdir.
«Berebilez»
BAT, hemen hasten naiz kontatzen, ordubiak aldera dira ibaia amildurik dago, ez dago lurrinaren atzean zauri trabeskakoa. BI, nekez eusten dio azken argitasunak munduaribere kargu hartua badu ere mendiz,etxez eta inoiz itsasoz seinalatzea itxiturak eta lautadak eta orain iluntasunak zamatutako arbola da, arbola da eta oraintxe gaua zen eta orain bizkarrez harrapatutako seinalea da eta oraintxe gaua zen. HIRU bazter, irekirik sekula aurkitu ez duzun ostatua, atarian autoaren plastikozko estalkia bidezidorra, sasiak une batez begietan itsasirik. Kontra datorren kamioiaren izua ekarri du LAU tarte zabalagoak ikumena besterik ez balego bezala. Dena erreala izan da momentu batez. BOST Hirurak dira. Ordubata t'erdiak ziren. SEI Argiek ihes egiten dute. Suizidatu egiten dira edozein trabaren kontra, gelditu egin ohi dira zenbait, argiak, zenbait horma zokotan, zenbait bide, leiho eta aterpe itxi, zolagaineko zenbait gurpilarrastotan. Bi lagun. ZAZPI. Zigarro bat, ke mendalorearen zaporezkoa. Hainbat irudi zintzo, hainbat izen. ZORTZI Errepasatu: Berriz hasi: BEDERATZI bat, hemen hasten naiz kontatzen. Ibaia. Gaua. Bi, hiru, bizitza euskorragoa. Luze laburrean basoak,ezkutatu alde: egoitza. Lau. Egoitz mina. Bost, sei, hartu egin nizun zigarroa ezpainetan. Zazpi: erre egin naiz; eri naiz. Zortzi, betazal haundi baten babesean. Bederatzi: errepasatu.
Uztailan bisita
1.
Pinuak krak lehertzen ditun
poliki poliki
1.
Iratzeen azalik euskorrena
kilker zeruari
orratzez itsasirik.
2.
Zama bertikaleko itzalaren
ordu
tan
3.
algodoizko eguraldia hire begietara
egiten dun etzan
egiten dun piztu
5.
Gero irrifar egingo dun, gero
sukar ttiki bat irristatu zitzainan
8.
soinean behera, lakuak bila ari bailitz
edo olatuak bere harrokeriarekin topo egin behar baitluen
13.
eta hala ere pinuek krak
etengabe eta mantso
21.
eta iratzeak eguraldiari amore ematen zion
eta egiten dun
etzan
34.
egiten dun umildu.
Adio
Lehen eguerdia zetzanan hemen
dizdizari, bete eta oso,
neguko eguzkiak
(orduz kanpo, garaiz landa)
babesten duen
moteltasun borondatezkoaz.
Orain tren asko igarotzen dun
norabide guztietan.
Dagoeneko burutua din
denborak
bere satorkeria.
Erori ditun prologoen
hitzezko baldakinoak,
sakabanatu dun eguerdia
eta presaka jarri gaitun bizitzen
norabide guztietan.
Nire buruarekin akordatzen naun
«Kaixo!» esaten
itxura despreokupatuan.
Gaur ordea ez haunat ajendan aurkitu
eta hotza hegaldatu dun tamarizen erraietatik
eta amiltzen ari ditun antxetak
(ia zaratarik gabe)
asfaltoaren gainera.
Bazetorren.
Begietan entzun dinagu tren-
aren eztanda.
Oihu egin nahi dinat:
Adio
hire izena esaten saiatu
berriro
galdera eginaz bezala.
Heltzen dinat lepotik
azken minutua
norabide guztietara markatuz
(ia esperantzarik gabe)
Bost
Hiru Bi
eta eskura ditudan
kodigo guztiak
Bat.
Zerk su zerk
ekaitz
zerk akabera
uhin kolpe bortitz
amildegi torturatuaren
baitara?
zerk tximista zerk
kixkaldura
kolpetik ekarri?
zerk (etzan) zerk (iratzarri) zerk
harrien tranparen kontra
eztanda egitera behartu?
eta gero
zerk itzal
patxada lauso berrian?
zerk hain heze, hain izuti
zerk, isil, esaten du
gauaren kontra zurbil
begi-ninien atzean
hemen
atsedena dago tolesturik
eta zai?
Ez da egia bihotzean zaitudana.
Bihotzean ezer ez dago, odola
ez bada eta bizitzaren ort-
ots ikaragarria.
Katxeorik latzenean ere ez
didate
zure aztarnik aurkituko
baina egon
begien bizkar itsuan daude
zaude
belarriaren habirik ezkutuenean.
Zantzuok ez dira ikusten, ez dira aditzen ez
dira ukitzen. Baina nere entzumenean
zaude, doinuak hautatzen
eta oihartzunak iragazten,
nere ikusmenean zaude zeru urdin
bapateko hau eraikitzen, isats
luzeko txori hori
behatzez seinalatuaz
nik ez
baina zuk badakizun izenarekin.
Ni bizirik naiz, bihotzaren ort-
otsa biziago dabilkit,
itzal hori ere, begiak urratzen
dizkidan arratsalde hau ere
zuri balegokizu bezala,
ezer esan gabe,
ezer markatu eta zigilatu beharrik gabe.
Begiek ikusi, belarriek entzun
eta behatzek maitatu egiten duten
lege (on)ez.
Ez bakarrik
Ez bakarrik
egunaren atzekaldeko patioan
«deituidazu» esanez
markatu zenituen orbain zoragarriak.
Hori, eta nere hostroek zurea ez den euririk
ez dutela nahi
ekaitz haundiko arratsa izanikan ere.
Ez bakarrik zure euria
sorpresa esakto bat izana
nere zain behartuei.
Hori, eta nere egarriaren
zu zaitudala ase-neurri.
Ez bakarrik ura
baizik eta hezetasunaren itxaropena.
Kolore guztien estalki bakarrerako joera.
Horregatik
eta kimu txikiak heltzear daudelako
irrikiaren izenarekin,
dakit
neguak ez datozela etsai
eta arratsalde hospelek ere lilura bat ekarriko dutela bihotzean
hostroa irekitzen zaiolako euriaren susmoari, zai
eta euria landareon hurren
osatzen delako, gozo.
Arratsaldeak erretzen
Bat.
Behin.
Haremunetan lore urdinak bezala.
Bi.
Ezin asetuzko setaz
arratsaldea nola ipintzen den
belaunbitan.
Leiho bat.
Leiho bat.
Nola amiltzen den itzala bal-
koirik balkoi.
Zenbat aldiz.
Esperatu.
Erloju itsu batek begiratzen zaitu.
Ibil zaitez, egonean bazina bezala.
Egon zaitez, guztia ibili dabilelarik.
Bat.
Ibaia adi adi.
Nola izan litekeen bat
egunaren adineko.
Bi.
Zenbat aldiz.
|