Andoni Tolosa
Etzi ibiliko gaitun
nahigabe ere
harresietan zehar biok parrez
basamortu guztien ertzetan
asko ditun miloi bat kilometro
nahigabe ere
hiririk ez aurkitzeko bidean
etzi egongo gaitun
nahigabe ere
karretera alboan
autobus muttuen joan etorriak
koloretan marrazten
Laban hotzagoak goizarenak
furtiboak gibelaren noraezak
negugorriaren atarian pilatu laztan minduak
ezintasunaren pobrezia akaso
iluntasun sargoritsuan
oilar okerrak
erregerik gabeko tango lizunaren zai
hondakinen garaipen kantua
iluntasun bera ernaldurik
maitemindu
zimur gazietan ezkutatzen ziren larrosak bailiren
eta gu mozkorrik jada
beste erresumaren bat desiratzen
beldurrez bait ginen goizarekin
eta haren laban hotzekin
Argazkiek ito haute gosetan
inguratu zurrumurruka
non inora begiratzea zaila den
ez bada jarioen zorian
ttanttaka
ttanttaka
malkoetan bezala
blues hau hiretzat
ez ezan ahaztu printzesen patua ere badela
lo egin ezean pozoinduretan galtzea
ez garela negarretan ari amestea
Zer ote dakite hezurrek poesiaz
dagoeneko kolpetan ez jantzitakoa
nakarrezko balek
elurretan beste biktimekin topo egitean
zulo irekiak izango gara
goseak akabatutako beste batzu
ez galdetu belaunei orduan
non ez diren lokartzen eskeletoak
Zer ote dakite hezurrek baladez
nekean ordurako bildu ez dutena
hitzez hitz
jaio da harresi belaunaldi berria
eta haragitan ordaintzen da muga beroen zerga
larruan idatzitako konsignak dira
daukagun guztia
eta aspaldi galdu genuen
inozentziaren azken txarter hegaldia
Hotel honen zimurrak eta igitaiak
bizitza gehiagoren tirabirak
pasiloen larru adintsua mintzo denean
begiratzea pekatu ez dela diote
garbitzaile eta aingeruek
badaezpada
komunetako basurdeen ozpina
izara kementsuen aferak
hitz gozoegien lentejuelak
sakeletan isiltzen dituzten artean
badaezpada
hotel honen arnasa
biharko txokolatezko promesa
bezeroek goiza gogorik gabe
gosaltzen dute
badaezpada
|