Izoztaldeak
Omar Nabarro
I
Beti negua deneko eremu zurietan
labantzen da gogoaren begiak esku bakarra bailiran
isiltasuna.
Itsasoa ere zuria deneko elur mortuetan
irristatzen da ekia planetan behera
isilik
urak azulen diren aerografozko bakarraldeetara
hara
non
mutua den oro.
II
Eta gogoetaren begiek laztantzen dute paisaia
hotsik eragin barik
haizeak bera haizea denik ere jakin barik
ez bait du osto-zuhaitzik dardaraziz
haizearena egiten
gogoetaren begia dira dardaraz
izoztetan pausatzen
zuriduraren oihartzunen atzean
Eta haize deritzagu hunkidurari.
III
Urdina da han gaua
Urdina baita
Etorri ez diren oren nini bakarra
Urdina inon ez diren hartzen narrua ere.
IV
Diamantea amesten dut izotz ortzemugan
eta dena urtzen da
ekia biderkatu egiten bait da
beirazko poliaiztoaren aurpegietan
ahoetan ebakita
Bestela zerk hedarazten du
nagusitzen ari den gorridura
eta beronen kara ñabarrak
iceberg-etako urdin ubela
izotz-ertzean iragazten den azula
beti ere laster ferdea datekeen errainua
eta berezko uhin zirkularretako bits zuriagoa.
V
Isiltasunean datza neguaren segeretua
altzairuaren formula hoztua,
bero barik erretzen den sua
isiltasuna zuhaitzik astintzerik ez duen
haizearen eskutsak bait dira,
zeintzuetan higidura barik
kristaldurik dirauen zeropekoaren gardentasun ekuruak.
VI
Beherago
izeiez izeturiko harkaitzak,
lehen basoak,
katagorriak izan zituzkeetan
adar eta enbor kraskatuzko oheantzeak
zeintzuetan
haize txistukaria dabilen
amildegiarteko labirinto ia geometrikoetan lez.
VII
Baina sua beherago da
esmeralda eta koralek
ardoa eta ferdedura isuri duten
urpetako urgainetan.
VIII
Ordoki submarinoa
Gardentasuna hari duen oihal ikustezina
Kristalezko muin mutua
Iz-Basoa
Itsaso
|