L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-25 (1990-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Nere Portillo

 

Aspaldikoak

 

Aspaldi saldu genizkion

Deabruari gure arimak

Ez esan

Gaizki dagoenik.

Aspaldi salatu genuen

Poterearen aurpegi zikina

Ez esan

Gaizki dagoenik

Aspaldi ikasi genituen

Sekretuen artean sekretuak

Ez esan

Gaizki dagoenik.

Aspaldi kontaratu ginen

Denbora ilusioa zela

Ez esan

Gaizki dagoenik,

zeren aspaldiko gauzak

Ez dira ahazten

Buruan gorderik ditugu

Basamortuak harea bezala

 

 

Amets guztietan —II—

 

Bukaeraren hasiera

Borobilaren azken partea

Gerizpearen lepoa

Espiluaren bizi imaginarioa

Argiaren ilunatsuna

Umearen lehen negarra

Bidaiaren itzulera

Zeruaren infernu ezkutua

Hitzaren oihartzuna

Txori beltzen kantua

 

 

Beranduegi

 

Itsasontzia zatitzen hasia da

Itsaso heserretuaren erdian;

Galdurik dabil, noraezean.

Norbaiten berotasuna gehien behar

Duenean, ez da inor azaltzen

Eta horrela itsasoak irentsi

Egingo du, baina gauerdian,

Itsasneskak lo daudenean,

Ilargia zurien dagoenean,

Haizea ametsetan dabilenean,

Orfeoren lira isiltzean,

Itotakoaren bihotzetik, arimatik,

Sekulako intziriak entzungo dira.

Orduan, dena alferrik denean,

Zuek denok joango zarete

Galdutako itsasontzia eskuratzera.

 

 

Haizearekin doaz hitzak

 

Azkarregi heldu da gure azken trena

Eta ez dut beste aukerarik

Zu bertan utziz ni bajatzea.

Hurrun sentitzen zaitu nire barruak,

Mementu hauetan odol-euria dario

Nire hesteei, minarekin ohitu baino

Ez daukat, baina handiagoa da egunero

Ondorioz, laster, minak nire gorputza

Estaliko du eta ni desagertuko naiz baina

Zu, edo mina, berdin da, hemen geldituko zarete

Nire epilogo bezala.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.