L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-23/24 / Itzalpeko ahotsak (1989-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Yannis Ritsos

—Makronisos, Yaros, Leros—

 

Yannis Ritsos

 

euskaratzailea:

Iñigo Aranbarri

 

        Yannis Ritsos. Monemvasián jaio zen 1909. urtean. 34koa du lehen liburua: "Traktorea". "Epitafio" bi urte beranduago. Metaxasen diktadura garaia da. Liburua errearaziko du. "Kanta ene arrebarentzat", "Bedats sinfonia", "Ipurtargi batek gaua argitzen du", 1937koak hirurak. Hurrengo urtean "Uda eguerdi bateko ametsa" argitaratzen du.

        Europako gerra. Alderdi komunistako partaide. Mazedoniako herri teatroa. "Helenitatea" —1945-1947—, lanik ezagunena agian. Lehen gartzelaketa. Limnos —"Herbesteko egunkaria"—, Makronisos, Ais Stratis. Libro 1952an. "Gizon krabelinduna" 52an. Alaba. Eri deituko dute, Eleftheríaren laburpena, libertatea grekeraz. "Sonata ilazkipean" —poesia sari nazionala 56an—. "Munduko auzoak". "12 poema Kavafisentzat". "Mito kantak". Bidaiak. Itzulpenak: Maiakowski, Hikmet, Neruda, Guillén, Blok, Atila Iosef.

        Koronelak. Uharte madarikatuak berriro. Yaros. Leros. Saros 1968an. Izkribu galeraziak. Egeoko herri lau pintatuak. 1971an Gallimard editorialak "Harriak, errepikapenak, ziega hagak" argitaratzen du, gartzela poemak, Louis Aragonen sarreraz.

 

 

Aholkua

 

Borroka eta borroka —akiturik haiz jada. Gera

        hadi hada hemen bertan

amaiera baino lehenxeago. Ahantzi. Hertsi begiak

        beste iluntasun kutunarekin

bat egin dezaan heure baitan. Eta altxa hadi berriro

        eskena ederrak lantzera harrian

Akilesen erredolakoak bezalakoak, azken aldiz.

Baina saia hadi xumeenak hautatzen, pregoilariak nekaturik

        arteen pean, esate baterako; afaria

gaitzen duten soldaduak; Errege, zetroari buruz isiltasunean

        makurturik; mutil koskorra

oihuka muinoan behera —ahoa deiadarrik bage zabalik.

Emazteak atarietan esertzen dituk urrunera oso urrunera

        eta beren barnera begira,

ulertze irrifarre gozoz, egun hau ere joan baituk eta

        janariaren eta zereginen kezka—,

arropa garbi eta lisaturik duk apalean: garbi erratza

ate atzean; beterik pegarrak; hormako iltzetik esekirik

kriseilua; mahaipean haren itzala, hor handi beltz batena

bezalakoa— buztanik higitzen ez duela; artizarra

        ortzearen eskuin ertzean duk— lotsai eta

errenkura bage begira ziezaieketek beraz lorategiko liliei,

        pizten diren beirei

edota plazan dantzan dabiltzan neska ederrei,

        mutil gazteei

buruz buru ezarririk inoiz, inoiz itzuli bizkorka

eltzeginak bere dornuari frogatzearren emanikoen eran.

 

Utz ezak eskena hau azkenerako —honela behar dik—,

badakik —gazteen dantza—, ezen bihar hilen festa handia

argitzen baitik —etsai eta lagunena—. Eta bidaia berriro

Helenarekin, zilarrezko adatsez oroz ostendua.

69-06-24.

 

 

 

Gure arbasoen hobiak

 

Gure hilak eta haien indarra gordetzea komeni da

        ez dadin fortuna inoiz gure etsaiek

lurpetik atera eta eramatea. Eta orduan, haien babesik bage,

        bikoitza litzateke gure arriskua.

Nola bizi gintezke etxerik, gure altzaririk, gure lurrik

        eta batez ere gure

arbaso gerlari edo jakintsuen hobirik bage? Oroit gaitezen

        nola ohostu zituzten Tegeako Espartarrek

Orestesen hezurrak. Gure etsaiek non ditugun sekulan

        ez jakitea komeniko litzateke.

Baina nola jakin nor diren gure etsaiak edo noiz eta

        nondik ageriko diren?

Ez beraz hobi handiosoei, bitxi deigarriei.

Hauek soa eta bekaizkeria dakarte. Gure hilek ez dituzte

        inolaz ere behar —nahikoa dute beren buruekin,

apal eta isil orain, eztiura, doaia, aintza izunekiko

        ahierbageak.

Hobe da harri soil bat eta geranio ontzia, seinale sekretua,

edo ezer ere ez agian. Ziurrago da apika

geure barnean gordetzea, ahal badugu bedere, edo

hobe oraindik, geuk ere ez ezagutzea non dautzan.

        Gure garai hauetan gauzak dauden bezala

—nork daki—, baliteke geuk ateratzea lurpetik

        eta nonbaitera egoztea inoiz.

68-03-20.

 

 

 

Herakles eta gu

 

Handi eta goratsu izan zinela diote, Jainkoaren seme,

        eta irakasle ugariduna gainera:

Lino zaharra, Apoloren seme, Letrak ikas zitzazun

        berarengandik.

        Eurito,

arranbelariaren artea, Eumolpe, Filamónen seme,

kantua eta lira, eta guzietan zoragarriena

        Hermesen semea, Harpáliko,

kopeta erdia estaltzen zioten bekain handi eta usuak

        zituen hura,

ontsa irakatsi zion Argotarren artea: zangartea—

        honekin

irabazten dira gauzarik gehienak, bai borrokan

        bai Letretan ere.

Baina gu, hilkorren seme, maisurik bage, geure borondate

        hutsez,

gotortasunez, gogo beroz eta oinazez gara heldu

        garena izatera. Ez dugu ez geure burua

inolaz ere beheragoko ikusten, ez eta ere begirada jaisten.

        Gure pergamuetan

hiru hitz besterik ez: Makronisos, Yaros eta Leros.

        Eta egunen batez

dorpeak baderitzozue gure bertsoei,

honezaz baino ez oroitu, zaindarien muturren aurrean eta

        baioneta saihetsean genuela

izan direla izkribatuak. Eta aitzakiak ez dira beharrezko,

        —har itzazu daudenean, biluzgorririk—

gehiago esango dizue Tokidides hitsak Jenofonte trebeak

        baino.

68-03-23.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.