Saida Mnebhi
Casablanca
Saida Mnebhi
euskaratzailea:
Pablo Sastre
Saida Mnebhi Marrakech-en jaio zen 1952. urtean. Irakasle, 1976an atxilotu eta Casablanca-ko 77ko epaiketetan bost urtetako gartzela zigorrera kondenatu zuten artean. 1977ko azaroan, bere presokideekin batera 45 egun iraun zuen gose grebari ekin zion, bostgarren astean hilko zela, abenduaren 11ean.
Frantsesez izkiriatu zituen Saida Mnebhi-k bere gartzelaldiko poemak, Marrokoko Errepresioaren aurkako Borroka Komiteen eskutik 1978. urtean argitara emanak. Aldameneko poemak "La parole confisquée" (Editions L'Harmattan, Paris, 1982), marrokiar preso politikoen testu eta marrazkiz moldaturiko liburutik jaso ditugu, horietarik "Chaque fois" uste dugula berak izkiriatu azkena.
Zatarra da gartzela
Zuk marraztu duzu ene seme
ziega hagen eta girluen
trazu beltzez
Argi gabeko leku bat duzu pentsatu
ttikiak beldurtzen dituena
Hori adierazteko gainera
han dagoela dinozu
Eta zure hatz ttikiaz
puntu bat erakutsi
ikusten ez duzun txoko galdua
Beharbada andereño mintzo zaizu
gartzela izugarriari buruz
haurrak lapurtzen ibilitako
gaiztoak sartzen dituzten
zigor etxeari buruz
Orduan zure buruttoak egiten du galde
Nola eta zergatik
zuretzat eta beste haur guztientzat
amodioz beterikoa naizen ni
egon naitekeen han
Nahi dudalako bihar
gartzela gehiago ez izatea
(1976ko azaroaren 26an)
Aldi oro
Poxpolo bat hartu dut
Piztu egin dut
Su eman diot paperari
poxpoloaren sua urdina zen
paper txuria beztu egiten zen
Esku artean neukan papera
nire eskuek dardar egiten zuten
poxpoloa itzalduz doa
papera kontsumitzen ari da
denbora
behatzak erretzen zaizkit
erori egiten da papera
kontzientzia gaineko krimen bat bezala
maite den norbait
hiltzen den bezala
papera beztu egiten da
gora dator kea
jazmín usaina bezala
kareaz
txuritu berriko
gure etxeen lurrina bezala
kontsumitzen ari da eta ez da hiltzen
beltza da, ez da jadanik txuri
izarrez garbitutako
uda zeru baten gisa
suak oso eztiki, oso azkarki
lepamozten dituen izarrak
batzuk oraindik
paper txuri zati bat
zeru puska bat
eta gehiago deus ez
ez oraindik
suak klaskatzen du
ez da ase behin ere
garrasi tikiak ateratzen ditu
zartakaren hotsa
udazkenean
osto hildakoen gainean
gabiltzanean bezala
osto berdeen gainean
udaberrian
ilundu egiten da zerua
zure poemak
masa beltz bat
suak irentsia
debekatuaren beltzak
jandakoa
baina-ta nire leihoa ziren
zelda txar honetako
argi gabeko paretan
(1977ko urriaren 10ean)
|