Kamerinoko Biblioteka
«Antzerkiaren 3. Kongresua»
Zenbaiten artean
Azpeitiko Udala, 1987
Honakoak ezer baino lehen liburu bat nola ez zen kaleratu behar erakusten digu: azalean ezaugarritxoren bat agertzea den txikiena izanda ere, ez da ba horrenbesteko lana!
Gogorragoa beharko lukeen erritaldia bere horretan utzita, esan dezagun txalogarria dela Azpeitiko Udalak Euskal Antzerki Topaketak urtero antolatuz egiten duen ahalegina. Iazkoan Topaketekin batera Euskal Antzerkiaren kongresu moduko bat ere eratu zuten, eta bertan esandako guztiak liburu moduan bildu.
Dozena erdi bat mahai inguru izan zen, eta gaiak, honako hauek: antzerkia komunikabideetan; antzerkia hezkuntza barruan; egile eta itzultzaileak; antzoki, egitarau eta dirulaguntzak; antzerkia gizarte elebidunean; eta antzerkiaren heziketa. Horrez gainera aurkezpena, debatea eta erabakiak. Mahai inguruetako bakoitzean laupabost partaide; beraz, guztien zerrenda luzeegia.
Ahoz botatakoak jasotzen egundoko lana hartu dute azpeitiarrek, nahiz eta freskotasunaren ordaina koherentzia galtzea izan. Hala ere, hori ez da larria: okerragoa da liburuari eman zaion itxura zaindugabe eta zabarra; ez da ba horrenbesteko aldea behin lan hori bizkar gainean hartu ondoren gauzak txukun xamar egitea! Ez dakit gainera liburua salgai jarri ote den; neri partaide izateagatik edo bidali zidaten. Mila esker.
Esandako guztiak laburbiltzea ezinezko litzateke. Bada han eta hemen gogoeta gai franko, eta ez da gutxi. Antzerkiaren arazoentzako konponbide zuzenik nahi duenak ordea jai du. Neri beti iruditu izan zait batzarre, biltzarre, batza, batzorde, bilera, bazkune, bilkura, batasun, biltoki, batzoki eta bar guzti horiek ezer gutxitarako babo dutela, baina tira! denok ez duzue ni bezain eskeptiko izan beharrik, eta horrek ez du azpeitiarren ahalegina ukatzen.
«Nekrassov»
Jean Paul Sartre
Antzerki 74. zbka. 1985
J.P. Sartreren teatrogintzan komedia bakarra dugu: «Nekrassov» hain zuzen ere, neri behintzat gehien gustatzen zaidana, askozaz. Sartrek 1955ean idatzi zuen gerra hotzaren bortitzean, prentsak eta zuten antikomunismo amorratuaren satira modura. Gaur egun ere ezin esan liteke bere gaurkotasuna guztiz galdua duenik. Orain arte batzu «Bederen 1» talde donostiarrak taularatu zuen eta haientzat itzuli zuen X. Olarrak. Argitalpena Antzertin egin zen: honen edizio gehienak itxurosoegi ez baziren ere (inprimategi huts mordoxka eta atar), tamalgarria da antzerki publikaziook geldi arazi izana.
Agintarien utzikeriaren edo gestio txarraren adierazgarri.
«Bi antzerki labur»
Anton Chejov
Baroja, 1982
Txejov bere ipuinek eta antzerkiek egin dute ospetsu eta ezagutu eta batzuetan nahiz besteetan erakusten du umore mingots samar bera, ekintza eta jende arranditsuetatik urruti ibili ohi den sentsibilitatea. Horren froga bi dasta ditzake irakurleak liburu honen bidez.
Orain unte batzuk Txejov modan jarri zen nonbait, eta «Higa» taldeak bi hauek antzeztu zituenean euskarazko itzulpena egin zuen Begoña Lasak. Bietako lehena, «Ezkontzarako baimena», garai berean «Akelarrek» ere jokatu zuen, «Maitasunezko hiru istorio Euskadin» muntaian, non Luis Iturrik Txejov nolabait «euskaldundu» egin zuen. Guzti honek adieraz liezaguke errusiarra aski modan egon zela garai batez eta gaur agian, beste asko bezala, ez dagoela modan.
Hala ere denbora joan ahala xarma apurrik galtzen ez duen egilea dugu Txejov, nere uste apalean.
«Hamar manaminduak / Apetitu on»
Guillaume Irigoyen
Susa antzerkia, 7. zbka. 1987
«Hiruak bat» talde garaztarrak nabarmentzea merezi duen ezaugarri bikoitza du: alde batetik Iparraldeko usadiozko antzerki moldeari lotzen zaio, hau da, herrian bertan sortzen den asmoari jarraiki, jendearen parte hartze zuzen eta oparoz herriari itzultzen eta ematen zaio ikuskizun atsegingarria, amateur gisa, xumeki baina duintasunez egin emankizunetan; beste aldetik, herria kezkatzen duten arazoak hartzen dituzte abiapuntutzat, kezka honetan oinarrituz burutzeko bere lan txalogarri eta irrigarria.
Azpimarratzekoa da, era berean, herriaren kezkak aipatzean bi eratakoak ditugula, elkarri loturik: bata, mundu osoa, eta euskaldunak ere bai beraz, inarrosten duten arazo nagusiak; biga, Euskal Herrian, Iparraldeari zuzenkiago dagozkion prolema latzak. Liburu honetan biltzen diren bi obrak guzti horren adierazgarri ditugu. «Apetitu on» deitu lanak munduko gosetea du mintzagai, eta 86an egin zen, gai hori puri-purian zebilenean komunikabide guztietan. 87an jokatutako «Hamar manu minduak» obrak berriz, Iparraldeko herri ttikietan izaten diren liskar eta kalakak aipatzen ditu. Beti ere umoretsu, ironia ausarki erabiliz, ikusleen irri eta farre algarak sortzeko.
Gillaume Irigoyen garaiztar gazteak beste lan asko ere eskainiko digula espero dugu, eta Euskal Herri osoan zabal daitezela. Esan beharra dago, batzuen pozerako eta besteen zailtasunerako antzerkilanok Garazi bailarako euskaraz idatziak duela.
«Jo ezak berriro, Sam»
Woody Allen
Baroja, 1986
Obra honekin euskal teatroan aspaldi honetan lortutako arrakastarik haundiena eskuratu zuen «Zintzilik»ek. Orain ikusteko dago zelako atarramentua izango duten «Pipin» brodwaytarrarekin. Allenen «Play it again. Sam» bi hizkuntzatan eman zuten, euskarazkoa espainierazko «Aspirina para dos» Artecheren egokipenaren itzulpena izaki. Angel Valdesek egina.
Woody Allen zinemagatik ezagutzen dugu, denok, baina badu antzerki lan mordoxka bat egina ere. Hauxe dugu haietako bat. Ikusi ez duenari esan diezaiogun Woody Allenen filmeen ezaugarri nagusi guztiak dituela antzerki honek ere. Protagonista ere Allenen ohizko alter ego horietako bat da, bere betiko neura eta prolema guztiekin. Egileak berak egin zuen han protagonista lana, eta hemen Ramon Agirrek, nahiz eta irakurketan ezin den noski, interpretazio bikain hura atzeman.
«Haunditasun ametsak / Hiru morroiak»
Imanol Elias
Susa antzerlzia, 8. zbka. 1987
Imanol Eliasek eta Azpeitiko «Antxieta» taldeak aurrera daramaten lana nik badakit ez dagoela modan, baina guztiz sinistuta nago txalogarri eta komenigarria ez ezik beste herri askotara zabaldu beharra dagola. Antzerki profesionalaren alde egin da apostu; «kalitate» haundiko muntaia garestiak lortu nahi dira. Badakit horren aldeko arrazoi asko badirena, konforme. Hala ere, teatroa jendearen ohizko bizimoduan txertatutako errealitate eta dibertimendu izatea nahi badugu ezin dugu den-dena goitik etorritako dozena erdi bat talde onen baitan utzi, oinarrian sortzen diren esperientziak ere zaindu beharra dago, sasoiak ere ez baitira antzerki taldeak perretxikuak bezala sortzeko aproposenak.
Imanolek idatzi eta «Antxieta»k 86 eta 87an emandako bi lanak bildu dira liburu honetan: «Haunditasun ametsak» eta «Hiru morroi». Biak ere antzerki molde tradizionalekoak, erraxak egiteko eta ikusteko, irrigarriak. Egia esan neri ez zait «egungo» teatroa iruditzen, badakit ez direla literaturaren historiara pasatuko, baina zoazte San Inazio bezperatan Azpeitira, estreinaldian, eta antzokia gainezka ikusteaz gain jendea algaraka entzungo duzue. Zenbatek esan lezake beste horrenbeste?
|