L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-21 / Uda (1987-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Elur eternalaren zuriaren pareko

 

Mikel Antza

 

Azal zurikoa zen. Gure mendietako betiereko elurraren zuriaren pareko. Arroz-hautsen beharrik ez zekuan haren bisaiak. Arroserantz lerratzen zen zuritasun hartan ezpain haragitsu gorriskak sortzen ziren. Eta begietan esmeralda bi zituela pentsatu nuen segituan. Inori grisez tindatzea otu zitzaion esmeralda parea. Urre zaharraren koloreko ile adats luzeak mototsa single batez lotzen zituen. Eserita, bizkarra zut ikusi nuen lehen unetik, hura izan zen enetzat edertasunari buruz eman zitekeen exenplurik estonagarri eta, eraberean, lasaigarriena.

        Ez nuen instant batez ere begirada aldendu haren iruditik ikastaroko lehen hiru ordu luzeetan. Hark behin bakarrik so egin zidan. Irakaslea, guztiz arrotza zitzaigun hizkuntzaren lehen arauen berri ematen ari zitzaigun. Hark tinko so egiten zion irakasleari, aldian-aldian makurtu eta orri milimetratuzko bere kaieran zerbait izkiriatzen zuen, idazkera itxuroso baina azkarrez, berriro ere burua jaso eta irakasleaganantza begiratzeko.

        Noiztik eta behin boligrafoaren kapela ahora eramaten zuen. Orduantxe ikus nintzakeen bere perlazko hortzak. Perla biltzailerik anbiziatsuenarentzat amets liratekeenak. Hortz xuri irregularrak, mingain xuabe izan behar zuen batez bustiak. Hark behin bakarrik begiratu ninduen. Beranduago, gu bion artean sortu zen konfidantzak horretarako bide eman zuenean, aitortu egin zidan lehen begirada horretan zehazki adieraz ez zezakeen zerbait somatu zidala. Izutu egin zuen zerbait, baina amildegiaren ertzera erakartzen duen izuz. Horregatik, seguruaski, irtetzerakoan zigarreta bat eskatu zidan. Sua ere eman nion, eskailerak nola jeisten zituen so geratu nintzaion, eta briketa ene zigarreta piztu gaberik gorde nuen sakelean.

        Orduerdi lehenago egon ohi nintzen eskola aurreko tabernan eserita, kafesne izena merezi ez zuen isurgai zikinean kroasana behin eta berriro murgilduz; filtroraino erretako zigarreta blondak bata bestearen atzetik hautsontzi gainezkatuan amatatzen. Geroxeago, bapatean, klasera sartzeko ordua baino hamar minuta lehenago, bera agertzen zen. Txanponak zenbatu gabe uzten nituen mahain gainean, beti sobera, eta haren irudiaren atzetik abiatzen nintzen. Bere ibilkeraren kadentziari jarraikiz olatuak sortzen ziren nere baitan. Ezin ekidin eta apenas jasan nezakeena zen hura. Gonak jazten zituenetan, eta eskaileratan gora zihoala, eskuarki ikusten ez nuen berna zati berriaren bistan plazer hartzen nuen, begirada arriskugarriki tinkoz, ikaskideren bat ohar bait zitekeen ene interes gehiegizkoaz.

        Ikaslegoa atera iritsi baino lehenxeago hurbiltzen nintzen bere alboan, eta hizkuntza arrotzean gaizki ahoskaturiko "egunon" baldar batez agurtzen nuen, ondoren ene ohizko eserlekuan jezartzeko. Beraren parez pare. Lehen egunetik genuen ikaskide guztiok geure kokalekua hautatua. Eta eskola-paisaia finkotu haretan ez zuen ezerk esistitzen, ez bazen enetzat soilik distiratzen zuen haren gorputzak.

        Astebete inguru igaro nuen gisa horretan. Ezer gutxi eginez. Zer jaten nuen ere apenas konturatzen nintzelarik, gosea begietatik asetzen zitzaidan, ezinegona bizpahiru tabako paketeren keaz itotzen saiatzen nintzen, ez nintzen jendeak esaten zidanaz ohartzen, ez nuen deus ulertzen. Sukarraren poderioz hiria gantzu koipetsu baten distirapean nekusan.

        Non bizi zen banekien. Banekien ere bakarrik bizi zela. Posta bulegora joaten zela sendikoek igortzen zizkioten txekeen bila. Gauero, bederatziak girian norbait telefonatzen zuen etxetik hurbilen zeukan kabina publiko batetik. Berarekin gurutzatzen nituen hitzerdiei eta begirada urriei esker jakin nezakeen guztia banekien.

        Beste guztia ondorio subjektiboegiak eta lilura zorabiatsua zen. Ez nuen oraino bere azalaren suabetasun teorikoa praktikan dastatzeko aukera ttipiena ere ukan, kasualitateko enkontruak saiatu arren.

        Lokartzen nintzen bakoitzeko, amets berberaren aldaketa niminoak besterik ez ziren irudiak jabetzen ziren ene paradisuaz. Gauero, gauza bera, hura agertzen zen; goizaldero berdin, ene alboan zegoen, elkarrekin geunden. Musukatu behar genuenean, nire bizkarra ferekatzeko besoa luzatzen zuenean, zetazko izarez estalitako ohantze baten aitzinean elkarren aurrean bilutsik geratzen ginen bakoitzean, eten egiten zen. Ilunpean, oheratzerakoan alboan abandonaturik utzitako zigarreta paketea xerkatzen nuen. Azken zigarreta bat pizten nuen: eguneko lehena. Dutxatik atera eta gorputza koloniaz igurzten nuen, galtzarbeak ere lurrin-gozotzen nituen, garbitu-berriaren usaina galdu ez zuten erropa plantxatuak janzten nituen, eta orduerdi lehenago eskola aurreko tabernan eserita nengoen.

        Astebete inguru igaro nuen egoera horretan, kanpoko itxurak barnean neraman ekaitza sala zezan utzi gaberik. Bigarren asterako ene jokabidea aldatzea deliberatu nuen: argi ikusi nuen harengana hurbiltzeko neukan bide bakarra hizkuntza madarikatu hura ikastea zela. Irakaslearen aurpegia zimurdura fonetikoz gurutzatua zegoen; zenbait hitz ahoskatzerakoan jaulgitzen zitzaizkion listu xortak ikusi nituen; eta sujetoaren ondotik aditza ezarri behar nuela, beti, ikasi nuen. Zenbakiak, koloreak, zenbait esaldi ergel... Hitz batez, ene bizitza osoan sekula bururatu ez zitzaizkidan txorakeriak esaten aurkitu nuen nere burua. Irakaslea ohartu zen, nonbait, ene jarrera aldaketaz, eta ordurarteko mespretxuzko iruzkinak adorezko bilakatu ziren. Beste ikaskideen aurrean exenplutzat jartzen ninduen, niri hizkuntz hura ikastea zailagoa zitzaidalakoan. Hark ere gehiagotan begiratzen ninduen; batez ere irakaslearen txorakeriei egoki erantzuten nienean, irribarreño bat somatu uste nuen, haren ezpain miresgarrietan pliege eta marrazki sinestezinak osatuz. Hark irribarre egiten zuenean gibela ere alaitzen zitzaidan.

        Ez genuen hilabete lehen horretan goizetako hitzerdia baino gurutzatu. Bere ahotsaren errejistro gehientsuenak ezagutzen nituen, niri zuzenduak ez izan arren. «Nik unte dut...», edo «nire eritziz...», zioen bakoitzeko zentzumenak hari lotzen zitzaizkion.

        Gauetan berarekin amets egiten jarraitzen nuen. Agian, lokartu baino lehenago, orain ere egiten dudan lez, konturik haundienaz eta zehaztasunik zorrotzenaz bere irudia ene irudimenean berreraikitzen nuelako. Bera enea izan zedin desio beldurgarriak eztarria eta urdailak estekatzen zizkidala esnatu ohi nintzen. Eta ordubeteren buruan eskola aurreko tabernan eserita nengoen, bera agertzen zen kale kantoiari so.

        Goiz batez huts egin nuen neure buruari ezarritako kafetegiko zitara. Bezperako ajeak garuna iltzekatzen zidan mailu sendo baten kolpeen pean. Klaseak aspaldi hasia behar zuen eskolara heldu nintzen ordurako. Eskola alboko parkera zuzendu nintzen. Jubilatuek, turista unatuek eta parkeko lasaitasunean ikasgaiak berrikusten zituzten unibertsitariek betetzen zituzten eserlekuak. Usoak saldoka hurbiltzen ziren maitasunaren parodia eraiki nahiean ogi apurrak eskeintzen zizkieten atsoen baranora. Txori ttipiek ere hegalaldi azkarrez berentzat ez ziren ogi apurrak lapurtzen zituzten. Nire herrialdeko gereziondo bat bazen zuhaitzen artean. Goizerdiko eguzkiak giroa apaltzen zuen. Lorategia ureztatzeko gailuak martxan ari ziren itzalpeak freskatuz. Bertan eseri nintzen zigarreta bat erre asmoz, ohizkoari hutsegiteak ematen duen etsipen ubelaz tristaturik. Gereziondoa aurrean nuen, hiriko zaratak urrun. Beste zigarreta bat piztu nuen, eta lozorro sakonean murgildu nintzen.

        —Egunon, Issei...

        Ahots goxo hark esnatu ninduen. Bera zen, irribartsu ene harriduraren aurrean, eskolako liburuak bularren kontra estutuz, gona xuri arina zeraman soinean, ilea solte, begirada enetzat. Harriduratik atera nendin betarik eman gabe mintzatu zen berriro:

        —Goizean ez zara klasera etorri..., baina ez duzu askorik galdu..., oso aspergarria izan da klasea...

        Isildu egin zen ostera. Aurrean neukan. Zutik. Niri mintzo. Eta nik aski nuen begiratzearekin, ez nengoela ametsetan pentsatzearekin. Aurpegi estrainoa nuen nonbait, barre egin eta berriro hitzegin bait zidan:

        —Ze? Ez al didazu zigarreta bat eman behar?

        Elkarrizketa baldar harilkatzen zen gure artean. Eten gabe erretzen genuen, eta gure begiradetan desio argi bat hasi zen isladatzen. Halabaina, bere gorputzak kristalezko harresi bat altxatzen zuen gu bion artean. Esperantza xaloena ere harresi haren kontra zanpatzen zen. Eskolako gauzetaz mintzatzen ginen.

        —Beldur naiz datorren asteko esamina ez dudala erreusituko —esan zidan—. Subjuntiboa noiz erabili behar den ez dakit.

        —Nahi baduzu esplikatuko dizut —ihardetsi nion—, ez da eta batere zaila.

        Neure apunteak atera nituen. Ahal bezain hozki esplikatu nion subjuntiboa erabiltzeko ala ez, kontuan hartu behar zuela esaldiak nahikunde, desio, zalantza, sentimendu edo beharrezkotasuna adierazten zuen. Kaieran idatzirik nituen adibideak irakurri nizkion.

        Une horretan ijito eskale bat hurbildu zitzaigun. Emakume gazte bat, haurra besotan zeramala. Emakume zabal hark hunkitu antzean so egin zigun, eta bere umeari esnea eros ziezaion txanpon batzu eskatu.

        Hitzik gabeko ezezko batez erantzun genion bere eskakizunari. Orduan, ama gazte horrek, haserre ttipiena erakutsi gabe begiratu gintuen. Lehendabizi niri, gero Reneeri sakonki, arakatu nahi izango balu bezala, eta azkenik berriro ere niri begiratuz mintzatu zen:

        —Emakume honek hilekoa dauka —irribarre batez agurtu gintuen, eta alde egin zuen.

        Reneek, ez bait zuen guztiz ulertu ijitoaren esaldia, ea zer esan zuen galdegin zidan.

        —Hilekoa duzula esan dit.

        Begien sakonera so egin zidan:

        —Etorri nahi al duzu etxera?

 

Etxera sartu ginenean begi-kolpe batez aztertu nuen aurrerantzean ene bizilekua ere izango zen gela ttipia: altzari eta elektrodomestiko modernoekin kontraste eginez, atetik ezkerretara ohe zahar bat, eskubitara armairu handi bat, bohardilako leiho pean mahai bat, zoko batetan lababoa. Berak atea itxi eta elkarren aurrean geratu ginen. Begira. Eskubiko eskua hartu zidan eta bere ezkerreko bularrera eraman zuen mugimendu azkar baten laguntzaz. Zetazko atorraren azpian senditu nuen bere diti-burua gogortzen. Lehen aldia zen elkar ikuitzen genuela. Begietara so egiten zidan, ene erreakzioak ikertu nahi balitu bezala. Esku librea hartu zidan eta bere alualdera eraman. Gonaren gainetik nabaritu nion konpresa. Besarkatu egin ginen eta berak ezpaina horzkatu zidan, odol hari bat ateratzeraino. Jantziak galdu genituen, eta bera ohe zaharrean pausatu zen biluzirik, besoak buru gainera plegatuz.

        —Zatoz... —zingiratsu bat esan zuten haren ezpainek. Lurrean belaunikatuz, burua bere bularretan ezkutatu nuen, eta ene bizitza osoan dastatutako fruiturik gozoena sentitu nuen ene haginen erasoei ihes egin nahiean.

        Isilik zirauen berak. Burua altxa nuen, bere bisaia masail gorriturik ere barea zen, ez zuen intziri nimiñoena ere jaulgi bere aho mirestuak, eta haatik ene ahoan bero senditzen nuen bere bularretik isurrerazitako odola. Ametsik inspiratuenean ere zailki asma nezakeen zuritasuna zeukan bere sabelalde birjinak. Ezpainez markatu nuen ibilbide gorriska ezkerreko bularretik oihan blondaraino. Mingainaz musukatu nion alu barnealdea, bere eztarritik arnasestuaren erritmora oihu ttipi bat errepikatzen zelarik. Odoletan murgildu nuen zakila. Orduan bakarrik mugitu zituen besoak buru gainetik ene bizkarrean iltzekatzeko. Gero, emeki hastapenean, ez dakit zenbat denboraz zamalkatu ginen.

        Lokarturik bezala geratu zen ene azpian, berna zabalik. Odoletan bustirik atera nuen zakila, eta gorputza albo batera erortzen utzi nuen. Lainoaren urruntasunetik, eurijasaren presentzia nabarmenera igaroa nintzen. Eskura ezina zena, enea bilakatu zen instant neurgaitz batzuren buruan. Enea zela senditzen nuen, baina eneago nahi nuen, neurea nahi nuen. Estuki lotu nintzaion ostera bere gorputz epelari. Egun hartan ez zen bederatziak girian etxetik hurbil zeukan telefono kabinara jeitsi.

        Goizaldean ohartu nintzen lepoan neukan zauriaz. Haren hortz xuri irregularrak gupidagabeki barneratu ziren han, ni ohartu ere ez nintzelarik egin noiz.

        Eskolara iritsi baino bizpahiru kale lehenago banantzen ginen. Gu bion artean ezer berezirik ez zegoela itxurak mantentzea deliberatu genuen, gaiaz zuzenki mintzatu gabe. Beti bezala esertzen ginen, alkarrengandik urruti. Oroimenera, begiradaz nireganatu nahi nueneko garaia zetorkidan. Eta sufritu egiten nuen. Haren begiak ez ziren nigan pausatzen. Sufritzen nuen haren gorputzaren mututasunarekin. Enegandik urrundu ahala isildu egiten zela iruditzen zitzaidan. Berarekin bat izateko, edo hobe esan, bat egiteko, pentsamendua sortu zitzaidan. Urrunekoa desiratzen antsia itzali ostean, hurbiltasuna ez zitzaidan aski. Orain uste dut, eperik gabe iraun ahal izango nukeela eguerdi hartan parkean esnatu ez banindu, eta garrantzitsuago, ijitoa mintzatu zitzaigun egun hartan bertan elkartu izan ez bagina. Epe gabe iraun ahal izango nukeela hura miresten. Denbora eta espazioaren distantziek erakusten didate ez nintzela, orduan, nire begiraden esanahiaren jabe. Eta, areago, ez nuela harengandik halako erreakziorik espero.

        Klasean ikusten nuenean, sinestezin zitzaidan ordu batzu berantago elkarren ondoan egongo ginela. Eta hala izango zelako ez nezakeen jasan parentesi hori, parentesi barregarri hori. Baina berak ez zidan begiratu ere egiten, bere kaieran txukun idazten segitzen zuen. Eta klase amaieran, deskuidoan bezala hurbildu eta zigarreta bat eskatzen zidan. Ez zizkidan hatzak ikuitzen bere gela ttipira iritsi arte.

        Eta han zauritaraino maitatzen genuen elkar.

        Haren odol tanta bakar bat ere galtzea eromena zen. Gorputz osoa milikatzen nion, oharkabean eginiko zaurien xerka.

        Zakila erroraino sartzen nion; erroraino hartzen ninduen. Mingainaren luzerak ahal zuen guztia barneratzen nintzen haren ahoan. Eta gero, amaitzerakoan, bere gorputza zauriak sendatzen zizkion olatu bat igaro izan balitzaio bezala geratzen zenean, negar egiten nuen neure ezintasunagatik. Eta sekulan baino bakartiago sentitzen nintzen, ene gorputzarekin, ene arimarekin. Haren azalaren azpira sartu nahi nuen. Labain batez azala bere gorputzetik bereizi, eta barnean sartu. Bere odolean desegin. Haren biriketara iristen zen aire hori eta ez besterik arnastu. Ez nion berari horrelakorik esan. Ez ginen mintzatzen ia ezer, gero eta gutxiago. Gure gorputzak mintzo ziren, eta hitz guztiak alferrikako egiten zituen trebeziaz mintzo ere.

        Hiru hilabeteak amaitzera zihoazen. Ikastaroa amaitzera zihoan. Baina niri ez zitzaidan, hasiera batean, horrek ezer larririk erakar ziezagukeela pentsatzea bururatu; harik eta egun batez, klaseak amaitzerakoan, nigana zigarreta eskatzera hurbildu gabe, ni konturatu ere gabe, alde egin zuen arte.

        Parkera joan nintzen, lehen enkontru hartako eserlekura, esperantza ttipi eta inozo batek gidaturik. Edo desesperantzak gidaturik ziurrago. Gero agian edan egin nuen, moskortu egin nintzen, moskorrak alde egin zuen, negar egin nuen, malkoak agortu egin zitzaizkidan, oihu egin nuen, eztarria marrantatzeraino, baretu nintzen.

        Ez nintzen hurrengo egunean eskolara joan. Ez dakit bera joan ote zen. Baina bederatziak hogei gutxiagotatik, bere gelako ate alboan nengoen zelatan. Isilik eta lasai. Bederatziak bost gutxiagotan ireki zuen atea. Nire ezpainez estali nion arnasa, eskubiko aiztoaz lepoa ebaki bitartean. Azken biziarekin jaulgi zuen odolak ene eztarria ito zuen. Soinadarren azken dardarizoekin erori zen zolura.

        Atea ostikokada batez itxi nuen. Odoletan blai etzan nuen haren gorpua, bera osoa zena, ohe zaharrean. Ez zitzaidan bururatu ere egin gorpuarekin larrua jotzea, gero hainbatetan galdegin eta intsinuatu duten bezala.

        Gero eta eneagoa zen.

        Ez dakit zenbat egun izan ziren.

        Maindire odolduetan etzaten nintzen. Zoriontsu eta haren edertasuna enegan senditzen nuela.

        Atean jo zuten. Oinotsak, deihadarrak, garraisi histerikoak. Su-hiltzaileek hautsi zuten atea aizkoraz. Polizia batek eskuak lotu zizkidan. Beste batek zoroaldi batetan jo egin ninduen. Inspektorea heldu zenean zigarreta bat eskeini zidan, baina nik blondak besterik ez nituela erretzen jakinarazi nion, eta gainera zuela denbora asko ez nuela batere zigarretarik erre.

        Gorpuarekin zer egin nuen galdegin zidaten, gela guztia zipristintzen zuten odol orbain sikuek argi uzten bait zuten hila zela. Inspektoreak uler zezan moduan esplikatu nion, ez nion esan nigan zegoela, berak uler zezan moduan esplikatu nion guztia. Haiek uler zazaketen modu bakarrean. Eta hala ere mila aldiz gehiago galdegin didate guztia, gorpua non gorde nuen zen haien obsesio bakarra...

        Gaur, abioia Tokyiora iristerakoan gure mendietako elur eternalaren zuria ikusiko dut.

(Udazkenean agertuko den «Odolaren usaina»

izeneko ipuin-luburutik hartua)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.