«Belatzen Baratza» saila
(Krutwig-en romana)
Mikel Etxebeste
Federiko Krutwig Sagredoren lan literarioa goaz komentatzera aldi honetan. Idazle honen lan teorikoak nahiko ezagunak dira bai erderaz, frantsesez edo euskaraz ere. Ikus dezagun mantsoago.
Duela zortzi urte (hots, 1979an) argitaratzen du «Mikelditarrak» liburua bere «Belatzen baratza» izeneko romanaren lehen alea izan nahi zuena. 1980ko maiatzean «Ekhaitza» argitaratzen du, elaberri fantastikoa. 1982ko otsailean «Belatzen baratza» saila berriro idekitzen du, baina oraingoan Haranburu-Editor S.A.-ren eskutik eta ez hasera batetan antza «Ediciones Vascas»-en eskutik.
Azken sail honi emanen diogu garrantzi nagusiena idazlan honetan, zeren bederatzi liburu bait dita komentatzeko eta laburkiro egin nahi dugu lantxo hau, orohar harturik bizkaitar idazle honen obra. Sail hau osatzen duten liburuak hauexek dira: «Igibarziaren iphuinak», «Jakintza-Baitha», «Otsoaren Bidea», «Erroten Burgiko Mystêrioa», «Harbelnoren Amazônak», «Mystagintza Zaharra», «Ortziren Zaldiak», «Garaziko Oihanaren Thauma», eta azkena «Sua ez da hilten».
Hizkuntza aldetik denok dakigu Federikoren aukera zein den eta ez dut horretan denborarik galduko. Liburutxo bakoitzaren amaieran hiztegitxo bat agertzen da hitz berriez josia, zeinak diren grekeratik hartutakoak; orohar uste dut hitz hauek hizkuntza teknikoaren sailean sartzen direla, halaz ere iruditzen zait azken liburuetan adjetiboak ere nagusitzen joaten direla lausoki. Leizarraga da Krutwig-ren maisua, haren euskara erabiltzen enplegatzen da, hark hitz teknikoentzat latinaren aukera bazuen, honek grekerarena sostengatzen du.
ROMANAREN BEREZITASUNAK
Bederatzi liburu hauen barne historia ezberdinak kontatzen dira, hortaz pertsonaia nagusi desberdinak ba ditugu ere. Esan daiteke pertsonaia nagusi hauen artetik bat bereizten dela argiki, Heiko, bere izena lehen liburuan, eta Heiko Mendigurutar azken liburuan. Heiko da idazle honek proposatzen digun «heroia». Heroi erromantikoen bereizgarritasunak betetzen ditu, funtsean bere jaioterriari dion amodioan sostengatzen da bere erromantizismoa, lehen liburuan, «Igibarziaren iphuinak», agitz argi froga daitekeenez.
Heikok, beste pertsonaiekin batera, sekta moduko bat sortzen du bigarren liburuan ikus daitekeenez, «Jakintza-Baitha» izendatzen dena liburua bera gisa. Pertsonaia bakoitza bere bidea jarraitu beharrean aurkitzen da, ia denak intelektualak dira sekta honetan, baina ez inolako intelektuak baizen nazio minoritarioetako gizon jakintsuak. Horretaz beti interesgarria da pertsonaia hauen ibilbidea nondik nora doan ikustea. Esate baterako hirugarren liburuan, «Otsoaren Bidea» deritzana, Otsoa deituratzen den pertsonaia nagusiaren historia kontatzen da eta bere esperientzia Alemania Modernoan. Oso interesgarritzat jo daiteke liburutxo hau gaurko Alemaniaren egoera ezagutzeko. Dudarik gabe libururik berriena uste dut gaiaren aldetik bederatzien artean.
Leku desberdinak agertzen dira romanean zehar: Paris, Brujas, Venezia, Alemania, Ipar Euzkadi, e.a. Egileak bizi izan dituen lekuak eta denborak dudarik gabe, eta leku hauen bitartez zenbait euskaldun jakintsuen katramilak jakitera hel gaitezke, batez ere Espainiatik at Europan zehar bizi izan zirenak, hala nola Jon Mirande, Oihanburu, Marc Legasse, eta beste zenbait. «Luki» izenez izendatzen du oker ez banago Marc Legasse eta haren piguraren omenalditxoaren medioz amaitzen azken liburuan, «Sua ez da hilten», romana osoa. Ipar Euskal Herrian girotzen dira azken liburuak, eta oso interesgarria da ETAren jaiotza, urte haien giroa nolaz azaltzen duen egileak bere ikuspuntutik.
LITERATURA ALA FILOSOFIA
Jainkoak jakin badaki Larramendiren «El imposible vencido», edo Descartes, hala Platon, filosofia edo literatura edo aszetika edo zer diren. Egile honekin gauza bera esatera ausart gaitezke; uste dut bere literatura, literatura bada, Platoni gehiago hurbiltzen zaiola beste europear roman literario nagusiei baino. Horretaz literatura aszetiko-didaktiko edo filosofiko baten barnean kokatuko nuke. Alajaina, herri honetan horrelako literatura moetan oso aberatsak garela diot eta bere romanean balio hori onartua behar litzatekeela laudorio guziez.
Platonen irakurketak gogora etortzen dira liburu hauek irakurtzerakoan. Hots, pertsonaia desberdinek hitza hartzen dute eta beraien artean elkar hizketatzen dira; hau da nere uste umilean lan honen muina. Platonen elkar hizketetan zehar ideia desberdinetako jakintsuak ezagutzea posible da, kasu honetan antzekoa suerta daiteke, ezen ideologi desberdinetako pertsonaiak mintzatzen dira eta bat bestearen aintzinean ideiak parekatzen. Honelaz idazleak bere idazkera nahi duen puntu eztabaidagarrietaraino eramaten ahalegintzen zaigu oparoki. Literatura filosofiaren alorra al da, edo alderantziz. Hor dago koxka!
KRUTWIG VERSUS ORTIZ-OSES
Iritziak botatzeko ordua iristen da. Nik ez dut deus aurkakorik botako. Krutwig-en ideiak eta eboluzioa bere azken «Computer Shock, Vasconia año 2.001»n garbi agertzen dira, bakoitzak izanen du berea gordea liburua irakurri ostera. Aitortu behar dut liburu hau, bere romanaren antzera gutizia ikusbera izugarriarekin irakurri dudala. Bi eragozpen botako ditut:
Bata, aurkakoa, bere roman osoan zehar agertzen da kritika zorrotza feminismoari, batez ere feminismo erradikalari. Gai honetan beste jakintsu batek, Andrés Ortiz-Osés, uste dut aurkako ideiekin azaltzen dela gai berdinak ikutzen dituenean; hala nola feminismoa orohar, matriarkalismoa, euskal herria, (Werter dela edo besterik), e.a. Batez ere egile berri honen azken bi liburuetan, hots, «El inconsciente colectivo vasco» eta «Antropología sinbólica vasca». Bai Krutwig eta bai Ortiz-Osés, biak kultur mailan oso jantziak, batez ere alemaniar kulturaz.
Bestea, aldekoa, ordua da Krutwig-ren mamuarekin amaitzeko, oso jakintsua dela, hobe! Eta azkenik mamu galantena: arrazakeria. Mesedez! Bere ikuspuntua ez da inolaz arrazakeria sendotzeko, alderantziz baizen. Nazio honi dion amodio sakonak mugitzen du bere baitan bere ideien erakuntza. Hortaz alderantziz da, zorra ordaintzeko ordua dela uste dut.
|