Jon U. Baltza
«Et ideo, ut beatitudo sanctorum eis magis complaceat,
et de ea uberiores gratias Dei agant, datus eis ut
poenam impiorum perfectae intueantur».
Sanctus Tomae Aquinatis
Summa Theologica, supp. qu. 94, art. 1
«Beraz, santuen dohatasuna gehiago konplitu diezaieten,
eta beragatik Jainkoa anitz eskertuagoa izan dedin,
inpioen doluak perfektoki kontenplatzea ematen zaie".
Akinoko Tomas
Summa Theologica, supp., qu. 94. art. 1
Guztiz errespetagarria eta Jainkoak profeta patriarka apostol eta batez ere Jesukristoren bitartez mundua eta gizon haragikoiaren salbatzeko bai testamentu zahar bai testamentu berrian xehetutako betebeharren konplitzaile amorratu eta puntuala izan da Donantonio bere bizitza osoan, mantxarik gabeko gizona, puruen puruena.
Mundu galkorrak bereziki gaztaroan eskeintzen zizkion zenbait gauza erakargarriz errenuntziatu du beste etortzekoa den munduan zientoporuno konpentsatuko dioten espero.
Bertute teologalez aparte (Fede, Esperantza, Karitate) bada beste bertute xumeago baina ez horratio inportantzia gutxiagokotan aritua, Tenplantzaren ekilibrio endredatsuetan bai bere familia bai lagunentzat ere eredu distirantea izanik.
Nahiz eta gaztetan fraile bizimoduaren nolabaiteko antsiak izan azkenean Jaunaren Loria Probidentziaren Gustu Munduaren Iraupen eta Emaztearen Handiztapenerako prole dexente bat sortarazteagatik inklinatu zen, hamar bat seme alaba ondorioz.
Herriko popular ezagun eta aberats famili blasoidun batetan jaiotzeari esker medizina ikasketak, herritik kanpo egiteko aukera izan eta espezialitatea ezin hobeki amaitu ondoren mediku ospetsu eta maitatua izan da bai aberatsen aldetik (Antonio) bai pobreen aldetik (Donantonio) zeinek milatan izan baitute hainbat eta hainbat faboregatik osasun fisiologiko nahiz osasun espiritualaren mailan esker eterno eta apalak besterik ezean emateko abagadunea.
Konfesoreak esan bezala Fedea benetazkoa izatearren ezinbesteko dudak eta zalantzak kamertua periplotu behar denez geroz Donantoniok ekin izan dio noizbehinka Trinitatea Amabirjinaren Birjintasuna eta Jesukristoren Jainkotasunari buruzko kezka larriak izateari, azken batez egiaz inporta zaiona balledeiagrimas honetatik pasa ondoren eternitate oso bat Jainko Guztialdunaren alboan gozatzeko zai daukala da, eta dogma aldaezin honengatik izan ez balitz inoiz ezin izango zituzkeen berak pasatu dituen motatako frogarik agoantatu hainbeste denporaz.
Kontzientzia zeharo garbiz ikusten ari da orain bere bizitza paradisura heltzeko azken plataforma den zahartzaro lasai honetatik, hainbat gaixo sendatuak ditu kurrikulunean, hainbat pobre sokorrituak, hainbat familia errekontziliatuak, hainbat ondra salbaturik. Inork betiereko atseden dibinoa merezi badu bera da dudarik gabe.
Hil da Donantonio eta Santamariko parrokian arratsaldez zelebratzen ari den puntzioa gainez gain dago, herriko denda gehienak hertsirik, lanak paralizatuak, eskela pila bat (multikolor), eta periodikoko kronikatxoan oroitu dira halaber bere bertute eta manifizentzia guztiak goraipatzeaz, denok ongi ezagutzen zuten fede porrokatua bereziki mentzionatuz.
Iritsi da zerura eta Sanpedroren ordezkari batek barrura pasarazi ondoren arraro xamar iruditu bazaio ere badoa Donantonio pozarren bere sakrifizio eta bertuteen praktika merezi bezala sarituak izanen direla pentsatuz konturatzen denean zinetokietan egoten diren antzeko gelatxo ilun eta aireakondizionatu batetara daramatela, Jainkoaren argitasun eta sekulako distira hobeki ikustearren ote. Hartu dute bi aingeru bizkorrek beso banatik eta ongi kateatu aulki beltz ezeroso batetan, burua finko pantaila haundi bati begira duela. Piztu da pantaila eta lehendabizi ongiegi ezagutzen ez duen zerbait esbozatzen doa, gero eta argiago munduko zenbait irudi direla ikusirik. Donantoniok ez du oraindik ulertu non Jainkoa non Inpernua non Santuak baina bat batean urrundik Jainko eta inpioen arteko orgiaren kriston zurrunbiloa apenas iristen zaion bitartean bere beatitudea oraindik haundiagoa dadin bera bezalako milaka Donantonioren doluak eternoki kontenplatzeko grazia kontzeditu izan zaiola konprenitzen du beranduegi.
|