L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-20 / Gernika (1987-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Guttietsien mendekua

 

Jon U. Baltza

 

N'gaiei ez zen egun hartaraino sekula ere ausartu bere munduko muga zehatzak transgreditzen. Horregati akordatzen zen akaso goizalde hartaz eta eguzkia egunero bezala epeltasunez agurtu zuelaz. Ez zekien leinuko buruzagia haserretuko ote zen, edota aztiak konjuroren but dedikatuko ote zion, baina guzi hoiek baino benetan preokupatzen zaena zen izpirituek begi txarrez begiratuko ote zioten ala alderantziz bere entrepresa ausardi hura ospatuko zuten. Badaezpada ere, ohizko otoitzak egin ondoren beste pare bat ere asmatu zituen nola edo hala izpirituak ez amorrarazteko.

        Basoan barna egiterakoan ezkutuan leinuko agureei aditutako berriez zuen bete beterik, ba omen zegoela zelai izugarri haundi bat, bai eta behin ere akabatzen ez omen hibai zabal zabal bat, eta oraindio arritzekogoa zena, ba omen zeudela larru erabat zurbil zuten gizon (edo ez ote ziren beste gauzaren bat izanen?) batzu, oso jende arraroa gainera, inolaz ere txantxetan hartzeko modukoak. Entzuna zuen gizon haiek berebiziko botereak zituztela, berak ezin entenitu indarrak ezkutatzen zituztela, eta ez zela komeni ez heik ernegatzerik ez eta lagun izaterik, hobe zela ahalik eta aparteen egotea. Bazekien inguru haietaraino ez zela horrelako jendetzik hurbildu, baina halarik ere bere erreserba guziekin eta arreta haundienarekin zebilen. Kontsiderazio hauek zirela eta, tipo zuri hura bidetik pasatzen ikusi zuenean zeharo zen asaldatu, instintiboki zartaka baten atzean makurtuz.

        Beraz egia zen. Eta bere arropa ere bere musua baino askozez zuriagoak! Eta, gaineti, zintzilikatua zeraman gurutze ttiki hura... Txunditurik zegoen N'gaie. Hurrundu zenean, konturatu zen zerbait zegoela lurrean, berak inoiz ez ikusitako objeto zimur bat, xuriz jantzitakoari eroria naski. Berehala pozak zuen N'gaie inbaditu: ziur heiek erabilitako arma boteretsuren bat zela, jainkoek berarentzat zeinu dibinal gisa utzitakoa, mandataritzat hautatzen zutela adierazteko dudik gabe.

        Ongi bada: berak erakutsiko zien orain leinukoei nor zen egiatan agintzen zuena. Bere kuidado osoarekin jaso zuen gauzatxoa, eta ikusi ahal izan zuen lakatz xamar zela, laru eta itxuraz behintzat zaharra. Mantxatxo batzu ere bazituen, goitibehera, leinuko aztiak lurrezko plaketan egin izaten zituen antzekoak. Han zeuden bai kontzentraturik unibertsoko mana guzia, jainkoen nahiak, bere eskuetan jarritako eginbeharrak. Aldaretxo bat eratu zuen, eta segidoan otoitz egin bere deskubrimenduari. Inork ez zion sekula gehiago bozik altxatuko, ez eta isekik eginen, begiramendu eta errespetuz zuten tratatuko behingoz, bera baitzen aukeratu izana, bera eta ez beste. Ez alperrik Patuak beregana zuen eramana zurien herritik etorririko hura, eta honek berriz berarentzat utzi boterea konferitzen zion arma itzel hura, ez alperrik, ez, ez zen gehiago izanen leinuko azken txotxoloa, ez zituen atzenduko iraganean eginiko trufa eta irriak, jainkoen eta heiek emaniko ahalmenen izenean mendekua hartuko baitzuen orain, berak ongiegi konprenitzen ez bazuen ere han baitzegoen den dena, aurkitutako zera hartan, aztiak lurrezko plaketan grabatzen zituen mantxatxoen antzeko zera haiez osaturiko zera zimur, laru eta zahar hartan:

«La vesania fascist...

Gernika, en llam...

Como si se tratara de simbolizar la victoria del amo...

el odio, en la villa foral aparecen intactas la Casa de...

y el Arbol de la Libertad»

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.