L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-20 / Gernika (1987-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Paraxutista

 

Violet Font

 

Ustekabean harrapatuko ditugu. Abioien burrunbak entzungo dituzte akaso. Urruti baina. Loak hartuko ditu berriro. Eta beren ametsetan izango gara laster. Ez dago arriskurik. Ezta tiro bakar bat ere, zelatariek gure bengalak ikusten ez badituzte behintzat. Lur hartu aurretik hogei bat metrotara bota behar ditugu bengalak. Lehenago ez.

        Hogei metro bakarrik falta direnean: bengalak. Aterrizajea kontrolatu behar da derrigorrez. Segunduko bost metro egingo ditugu erorketan. Eta gogorra izango da kolpea. Oinazerik nozituz gero, kexu garraisirik ez! Kexurik ez. Ez dago zertan arrisku egoerarik sortu beharrik. Adore apur bat, lagunak, eta beren ametsetan izango gara laster!

        Paraxutak automatikoki zabalduko dira abioiari kateatutako zintak etenda. Berrogei metro segunduko abiaduraz goitik behera... Ez dago inolako arriskurik; presio atmosferikoaren kausaz belarri barrenak ez itotzeko orroe egin behar dut. Hori da, orroe eta gero aharrausi, zorabioa baretzeko. Ez ahaztu: ahoa beti zabalik. Izarrek printz egingo dute, eta alimoz agurtuko ditut konpañeroak: Españako gizonak, laster izango gara beren ametsetan!

        Lotan egongo dira haurrak eta emakumeak. Ordubiak laurden gutxi izango dira dagoeneko. Ze abiaduran ote doa abioia? Ai, zigarreta bat erre ahalko banu. Iluntasun honek nerbiotsu jartzen nau. Sikiera burrunba etengabe hau pikutara bidaliko balute! Erotu egingo nau! Baina tira, ez dago batere arriskurik. Ahozpez salto egin, eta kitto! Zigarreta bat piztuko dut lurrera ailegatu ahala... Eta hanka apurtzen badut? Edota arbola batean trabatu eta bertan ametrailatzen banaute?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.