L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-20 / Gernika (1987-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Nerbioi ibaian galdu zen gorpua

 

Josu Landa

 

1936ko azaroa

Amak behin esana zion abioi horiek ez zirela aldeko, "begira, ama, ze abioi politak!", "Hoiek ez ditun gutarrak, Euzkadik ez din abioirik", Jexuxak alabaren ezpainak estali zituen poltsikoetatik azkar ateratako eskuez. Biharamonean goizetik, zeru argitsua puztuz zihoala, amaren hitzak hedatu zitzaizkion bekokiaren barruko mintzean Iñaxiri. "Hamahiru urteko neskatoa ardo bila bidaltzea ere" pentsatu zuen Ledesma kaleko dendari makuludun hark, baina Iñaxik lehenxeago pozik asko luzatua zion besoa amari eta ardo-garrafoiarekin batera duroa hartu ere. Auzokoen lagunari egin zion dei, eta Ana Mari eta biak elkarrekin abiatu ziren Ercilla kalean barrena, garrafoiaren euskarri banatik helduta.

        Iñaxiren familia pasaitarra zen jatorriz, baina bi arrazoin nagusi izan zituzten Pasaia utzi eta Bergara barrena Bilbora helbideratzeko: batetik; aita Campsa-ko txoferra zen eta beti erretagoardiatik frentera ibili ohi zen pausa gabe; baina bestela ere —eta hau liteke arrazoi indartsuena— Irungoa bertan behera joan eta biharamonean lehergailu batek su bihurtu zuen pasaitar etxe ondoko ikuilua, familiaren sostengu ziren zerramak instantetan kiskaliz. Aitaren Campsa-ko soldata behar bezala baliatzeko Bilbora joan behar.

        Arrazionamendu-txartelak ez zituzten sekula faltan eduki baina. Ohizkoaz gain, Campsa-koa eta Solidarioena ere jasotzeak berebiziko altxorra bilakatu zituen etxeko armairuak. Baita almohadak ere. Sei senidetako familia hartan dozena bat almohada eta kuxin hirinaz eta babarrunez beteak ziren, eta etxekoandreari ere kasik inoiz ez zitzaion gaueko ohantzean senarra falta. Haatik, guztiak kezkatsu eta zorion gabe, bezperan lehenengoz entzun ziren hegazkin haien burrunbak aztoratuta. Ledesmako bodegatik bueltan zetozen neskato biak, garrafoia balantza arinez, eta ia arineketan. Ama harrikoa egiten utzia zuen etxean, eta hark bukatu baino lehen zuen ardoa itzultzeko agindua. Berriz ere motorren zaratots urruna etorri zitzaien airetik, eta jendea inoiz ez bezala teilatu aldera erreparaka hasi zen. Etxea urrun zuten oraindik eta alboko etxe batetatik emakume bat hasi zitzaien leihotik orruka, sartzeko eskaratzean, eztanda dezente gertu batzu entzun zituztenean. Ikarak inmobilizaturik espaloiaren alboan, kalean bertan lehergailu andana jausi zen. Iñaxik uste zuen hiri handi horretan horietatik salbu zela baina bistan zegoen ezetz. Ondoko etxe batetako paretak lurrera abaildu ziren, eta hauts keztua trinkotzen ari zen supituki. Ana Marik bizkarretik heldu zion eta eskaratze barrura bultzatu, gotorlekurik ez zuen hiri ikasi gabeko hartan. Kaletik barrukaldera egindako saltoan, espartinetako bat kalean geratu zitzaion, soka luzea askatua. Iñaxi zistu batetan irten zen berriro eskuinetik hankutsik, une horretan bertan aurrez aurreko etxea leherketa erraldoi batek jo zuela. Ez zeukan ezer ere ikusterik eta ahal bezala itzuli zen laguna zegoen babesleku eskasera. Haiekin batera babestua zegoen gizona maldizioka hasi zen, sotoetan ere babesa aurkitzerik ez zegoelako ahopeka marmarka. Abioiak urrundu zirenean, galdutako alpargata ez zegoen kalean, eta erdi hankutsik bueltatu behar izan zuen etxera. Kanpainak beranduegi hasi ziren joka egun hartan, Bilboko lehen bonbaketako egun hartan, eta hurrenetik aurrera hasiko ziren sirenotsak abisu ematen jendeari.

 

1937ko apirila

Hantxe aurrean ikusten nituen berriz ere arerioen hegazkinak. Ez nuen ulertzen nondik deabru atera zuen Iñaxitak guk hegazkinik ez genuela esames katramila hori. Ez genuen ba izango! Mundakatik behera nentorren arratsalde hartan Gernikarantz, goiza Bermeo inguruetan egin nuela, baina lehenagoko mendiska batetan gelditu nintzen, hegazkinek Gernika inguruan botatzen hasi ziren lehergailuek kamioiaren hotsa ere mututu bait zuten. Ahal bezala errepidetik atera nuen nire zisterna-kamioi zaharra, baserri baten ondoan utzi, eta bailaran zehar luzatu nitueri begiak, gerra labur baina hondoratzaile hartan behin ere ikusi ez nuen bezalako bonbaketa haren aurrean. Kea beltzegi zen Gernika gainean, eta suteen dirdira beroek edukin geldierazlea zemaioten hiri gaineko masa beltzari. Bertan galdu nuen nire kamioia, etsaien ekintzak uste baino gehiago iraun bait zuten. Gure inguruetara ere iritsi ziren kaza batzu, eta haietako batek gogor heldu zion neureari, gasoilaren leherketak ondoko baserria ere pikutara eraman zuelarik. Bonbaketa bukatu ondoren orduak oro, eguna ilundu arte, jendeei kontsolamendua emanez pasa nuen, hain zen handia errepideetan gora eta behera noraezean zebiltzanak. Gernikara hurreratu nintzen azkenik, eta sua oraindik itzali gabe zegoen. Han ez zegoen zer eginik, eta ni kamioirik gabe geratu. Nola demontre bururatu zaio nire alaba buruarin horri hegazkinena? Noski guk ere baditugula, nabaritu ez arren. Sobietikoak ziren, gainera, baina gutxi nonbait. Gutxitxo aukeran. Errusia handiago balitz...

 

1937ko ekaina

Iñaxi ferian dabil, eta amaren enkarguz abiatu da oraingoan ere Atxuri aldameneko azokara. Artxandako aldatzetan gudariak gogor ari dira eta egun gutxi barru dena hutsa izango dela komentatzen da, Bilboko defentsak ez duela luze iraungo. Aita preso hartu zutenetik, Iñaxi eta bere familia La Rochelle-ra eramango dituen baporearen zain daude, Artazako ikatz-untzietako bat izango ei da, hauetako egunen batetan. Hirian honez gero guztiak eztandetara ohituta daude, eta zer esanik ez hegazkinen zaratetara. Guztiak faxistei buruz mintzo dira, arrain-postuetakoak zein barazkitakoak gerrari buruzko zurrumurru biltokiak bilakatu dira, moroen basakeriaz, faxisten ongi-etorriaz etabar, baina jendetza bazkaritara joateko orduerdi eskas falta denean Ibaizabaletik behera hegazkin batzuren oihartzuna gorpuztuz doa apurka-apurka. Elkarrizketak eten egin dira. Ikusi ere egin daitezke iada, sirenek gogor jotzen dute, eta emakume guztiak ateroe bila ari diren bitartean haietako bat vivaka hasi zaie piloto ustez gertuei, Españaren goratzarrez besoa tinko zerurantz. Keinu ausarta lirudike, plazaren erdi-erdian irribarre zabalez mehatxu hegalariari ongi-etorria eginez. Ematen du paraxutistak jausi daitezen desiotan dagoela. Hegazkinak pasatu egin dira halabaina, eta propaganda baino ez dute jaurtiki, gerora ere itzuliko direla gogoraraziz. Egun gutxi falta omen dira derrota osorako.

        Ondotik Iñaxik ikusi duena patuaren ezinbestea baino gehiago izan da. Bera, hamalau urteetako lotsa eta beldurrak harrapaturik, ez da bere gotorlekutik irteten eta handik ari da besteen portaera segitzen. Minutu bi pasa baino lehen, abiadoreei aupaka aritu zaien emakumea preso da sututako beste feriakideen artean, "traidorea" eta "Gora Euzkadi" ojuka batzu, gogorkeria eskutan gehienak. Dozenaka inguratu eta xixatuz ari zaizkio pausa gabe. Ez da beste minutu pare bat ere gehiago behar izan. Ukabilaz, balantza-burniz, arrain-kaxaz, lehertu egin dute azkenerako emakume faxistazalea. Iñaxi ez da iritsi zerraldoa lehen momentuan ikustera, saiatu arren, herio keinu haren itzala gustagarria izango zitzaiola pentsatu duen arren. Emakume batzu baztertu, eta arrastaka nola zeramaten ikusi du azkenik, apenas odol putzurik gabe baina akiturik. Hamar bat metroz garraiatu dute pardelen antzera eta bultzada batez Nerbioi ibaira bota. Inork ez dio begiratzen ondra gabeko gorpu hark ibaiko korrontearekin bat ari duen nabigazio geldo eta pisuari. Desagertu da azkenik. Iñaxik, etxerako bueltan, Artxandako aldatzetara begiratzen du, preso den aitarengan eta laster bera urrunera eramango duen barku ilun hartan pentsatzen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.