Azken bidaia
Xabier Montoia
D. Bowie in memoriam
Espaziuntziko ateak bere atzean hertsi zirenean, bazekien Mayor Tomek hura bere azken bidaia izango zela. Halere, ez zirudien hark kezkatzen zuenik; harnasa sakonki harturik, lemaruntz abiatu zen zuzen.
Eseri eta entzungailuak buru gainean ziurtatuz, kontrol nagusitik zetorren ahots metalikoa hasi zen entzuten. Azken gainbegirada batek, haizeraketa egiteko prest zegoela dena, baieztatu zion. Kontroletik ere gauza bera zioten.
Atzerakontua aurrera (atzeruntz alegia) hasi zen: hamar, bederatzi, zortzi...
Betidanik, ontziaren deslurketa, izugarrizko abarrots itzela izango zelakoan zegoen, baina momentu hartan, ohinpetan kilikadura antzeko zer edo zer besterik ez zuen senditzen.
«Bagoazak» esan zuen bere artean, begiak handi-handi zabaltzen zituelarik. Laister dena isiltasuna bilakatu zen. Kontroletako argi berde eta gorrixken ñirñirak sentzazio hura areagotzen zuen.
Garaitaren atzean tele-kameren begi kupidagabeak igarri zitzazkeen. Normaltasunaren beste elemendu bat. Baina, dena den, kostatu zitzaion berataz ahanztea, han ez balego bezala ihardutea. Bidaiaren proposamena onartu zuenean, ederki zekizkien joko haren arau guztiak. Ikus zitzazkeen Lur-kontrolako psikologoak oro, bere jokaera aztertzen edota nazio eta herri guztietako familiak bere higidura denei, nimiñei ere, beren etxeetan telegailuaren aurrean so. Apur bat gehiago egon beharko zuten zai, ikuskizun haren unerik gorena ikustatu ahal izateko.
Isiltasuna: Osoa eta borobila, bakarrik Lur-kontrolaren ahotsak ohizko agindu teknikoak ematen noizbehinka urratzen zuena.
Ez zuen deus gogoan.
Horrela iraun zuen luzez, ordularia begiratu arte: bostak. Oraindik pare bat ordu itxaron beharra. Musikaren ildoa ireki zuen. Entzuten hasi zena ongi ezagutzen zuen, ontziratu aurretik berak aukeratu bait zuen: «Izarbidaialarientzat musika», Enoren diska zahar eta klasiko baten grabaketa. Lema automatikoa jarririk, begiak itxi zituen...
Ingururatzen zuen senzazio gozo eta epel hark asaldatu egin zuen lipar batez. Perfekto, borobilegia apika. Baina, azken finean, ikara bera gozoa bakarrik izan zitekeen.
Bapatean, musika isildu egin zen Lur-kontrolatik moztuta jakina ontzitik kanpo egin behar zuen txangoaren prestaketak zuzentzeko.
Ez zion entzungailuetatik zerion marmar etengabeari jaramon handirik egin eta automatikoki zapaltzen zituen egitaraua burutzeko zapaldu beharreko botoiak. Kontroletako argien dardarak erdi liluratua utzi zuen pixka batez. Gero, hedea askatu, aulkitik jaiki eta ateruntz joan zen astiro. Sendi zezakeen bere etxeko egongela epelaren isiltasuna, emaztea eta seme-alabak adi-adi telegailuari begira.
Unea: hainbeste bider amesturiko unea, iritsi zitzaion ia ohartzeke. Zalantzetan ibili gabe, ireki zuen atea. Kanpoan fitxik ez. Iluna baina ez beltza. Ikuspena atsegin zitzaion. Eskuineko hanka emeki aurreratuz, bere ibilialdiari ekin zion besterik gabe.
Zintzilik geratu zen ortzearen erdian. Txikitan, eskolan ikasitako bertso batzuk zetozkion burura: »...begien urdina, ortzeari ebatsita.»
Lur-kontrolaren hitz-jario bukagaitza entzun zitekeen oraindik.
Bere ustez lurra zegoen tokiruntz, geratu zen begira. Esku batez, ontziarekin lotzen zuen plastikozko lokarria kendu eta poliki-poliki urruntzen joan zen, ontzia bere begietatik at gelditu arte.
Espaziuntzian, Lur-kontrolaren ahots hotzak jarraitzen zuen, ia ohiuka: Lur-kontrolak Mayor Tomi.
«Ground-control to Mayor Tom...»
Donostia. 84ko Urria.
|