L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-17 (1986-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Espaloirik gabeko hiriruntz

 

Mikel Untzilla

 

        Zortzirak

        ... eta mahaitxoan sinadurarik gabe utzitako (aurkitutako) oharraren letrek hitz egitean eztarritik ateratzen zaizun ahots fin, histerikoa gogoratu arazi dit.

        ... eta berehala konturatu naiz bart aipatu zenidan joan beharra zeure neuronen eldarnioa besterik ez dela.

        ... eta idatzi aurretik txokolatea gosaldu duzu paperean utzi bait duzu zure aho zabaleko enpasteek gaur goizean eraman duten kolorearen berdina.

        ... eta berehala konturatu naiz ez dudala inoiz, inon, zure begien kolorerik ikusi.

        ... eta mahaitxoan sinadurarik gabeko ohartxo bat utziko dizut (aurkituko duzu) eta oharraren letrek hitz egitean eztarritik ateratzen...

 

        Hamarrak

        Tekadiz tarautzea hain erreza balitz, jadanik/orain, hau irakurtzen ari garenok, (aspaldi diot/edo bestela honez gero) bizitza txohitzen digun hainbat sujeta edozein txukela tiñu balitz bezalaxe (esaten dizuet tarautua izanen litzatekeela edozein akelarretan.

        Edozein txaik tarautuko luke gainera bere tekadiz, txuta tarautzen den bezala tekadien artean gaztanbera dagigunean.

        Han entzungo ziren han, nonbait entzun behar badira behintzat, txitxak otsaileko gauetan ahozkatzen dituen hizkiak.

 

        Hamabiak

        Denboraren igarotzen gogorrak bustitzen ditu gure neuronak eta zahartzaro zuhurretaruntz bidali. Eta kuzkurtuz goaz. Eta espazioa den denbora hori pixu galanta bihurtzen zaigu gorputzaren egotean. Eta denborak ankerki zapaltzen gaitu ludian.

        Eta hala ere ez dugu egunsenti berrietaruntz begiratzen, hala ere zapaltzen gaituen denborari so egiten harrapatzen gaitu gauero etorkizunak.

 

        Ordubiak

        Aurikularearen bestaldetik zintzilikatzen den ahots meharrak galdetu zidanean, erantzunik ez zegoela eta, galdera bera itzuli beharrean aurkitu zen nire baita. Azken galdera. Agurra. Eta elektronikaren kable artean galdu zitzaigun ahotsa sekula guztian ez berreskuratzeko.

        Eta nire baitan ideiek eztanda egin zuten, nire kaskezurra zipristinduz oroitzapenaren garrez.

 

        Laurak

        ... badirudi gaurko berrogeitabi kilometro hauek eternitatearen konkrezioa besterik ez direla, zeren eta daramadan abiadurak ez bait dit uzten zinta txuria hautsiko dudan momentua imajinatzeko posibilitaterik. Giharrek, beti irabazteko sortuak izan diren giharrek, aurrera naramate ene plaieretan murgildurik eta zinta txuria haustean biologiak ezin eskaini duen plazerea senti araziko didate.

        Irabazi egin behar dut. Irabaztean Vangelisen paradisuan sartuko naiz, heroi grekoen artean. Noka arituko natzaio Akilesi, hika Ulisesi eta mortale guztiek zuka agurtuko naute podium gainean eskuak altxatzen ditudanean. Laisterka egin behar dut, korrika egiteko programatuta banengo bezalaxe.

        Ezin dut inolaz ere galdu.

        Neuk hautsi behar dut unta txuria.

        Niri dagokit ohorea.

        ... eta bihar goizean, egunkarian, 265garrena iritsi naizela irakurtzean, irabazlea gorrotatu eginen dut Olimpon neuretzat gordeta zegoen tokia kentzeagatik.

 

        Bostak

        Zorura erortzen zaizu begirada. Minaz eta beste gauza batzuetaz hitz egiten digun egutegiaz bildu eta etorkizunaren inguderaino jasotzen dut. Bertan ankerki kolpatzen dut harrapaka edandako historiarekin eta geroztik ez dakusazu kolpearen eztanda bortitza besterik.

        Zatiak biltzen ditut, buruezurreko hutsunetan kokatu eta zure malkoak torloju bihurtzen dira, torloju antzuak.

 

        Seirak

        Zure begirada hautsia hartzen dut ene esku zimurtuetan oritzapenaren balantza gorrian pixatzeko. Izpiluaren kontra jaurtikitzen dut arpegia izeritzen zaizunean eta zure begirada itzultzen zait kosmosaren arkitektura antolatzen duen printzipio bakarra balitz legez, bizitza gatazka berria bihurtzen zaidalarik.

 

        Zazpirak

        Skiatzeko betaurrekoetan ispilatzen dagik apur bat ere atsegin ez zaian mundu alua.

        Edozein kazadora beltzetan zintzilik daramatzan txapak mundu irreala, kolorezko argiz osatutako mundu irreal hori, gauzatu nahi ditek eta mundu alu honen ordez, musikak sortutako edozein kimera hezitzen duk hire baitan.

        Ez haiz egunero bizi. Ez hago edozein unetan bizirik.

        Bizitza, motoan igotzean hasten duk eta moto beltz horretan berribiltzen dituk izatearen bide bortitzak utopiaren bila, abiaduran gauzatu nahiean hire baitako kimera. Edozein kurbatan, motoaren atzeko gurpila irristatu eginen duk eta hire muinak asfaltuan sakabanatuko dituk, (edozein goiz lanbrotsutan langarra sakabanatzen den bezala), eta gasofa usain artetik herioak eramango hau.

 

        Bederatziak

        Dizdira. Izpi dizdiranteak inguratzen ditu gau giroko irudi telebisiboak. Bitartean, eta berehala, gorputz barrenetik bizi agortuaren izpiek kolpatzen dute bizitzaren azken taupada. Taupada azkentiarra, azkeneko hatsa. Eta hiltzen ari gara apurka. Eta geure bizitza hiltzen ari gara porlanezko basamortu honetan. Eta deus ez balitz gertaturen legez, olinpiadetan giza-makinak errekorrak batitzen saiatzen dira, miseriaren batidoran.

 

        Hamarrak

        Laser izpiaz inguraturik, misil antzeko irudi amorfoak ene ninietan iltzatzen direnean, neure niniek, bizitza (eta besterik ez) egon beharko lukeen tokian, heriotzaren izpiak dakuskite.

        Zeren eta ez dago lekurik bizitzeko, ez bait dago bizirik lekutzeko. Ez dago deusik. Misilik besterik ez dago, ez dago ene niniek dakusaten laser izpiaz inguraturiko desgizonaren heriotza gordina besterik.

 

        Hamaikak

        Zutaz hitz egiten badut

aditzetan mugitzen dira

desioaren behatzak

denboraren sekulan

eta denboraren sekulan

aditzaren behatzak

desioan mugitzen dira

zutaz hitzegiten ez badut.

 

        Hamabiak

        Espaloirik gabeko hiriruntz daraman bidaia luzeari hasera eman bezain laister, begirada neketsua hiri urrun batetara zuzentzen ari nintzela ohartu nintzen, eta askatasunaren mapan benetako hiri hortara zuzenduko ninduten bideberri zabalak, txidor fantastikoak kokatu nituen.

        Atzera begiratzean, behelainoak estaltzen zizkidan ostean lagatako porlanak eta zorion plastifikatuak. Konszient nintzen, bidaia jarraitzen nuen bitartean behintzat, ez zela nirekin egonen eskuz iku ez zitekeena besterik, eta egun horretan Euskal Herriko eme guztiak egunsenti gorriz erditu ziren eta gizaki zoriontsua sentituz espaloirik gabeko hiriruntz abiatu nintzen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.