L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-14/15 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Cesare Pavese: erresistentziaren poeta haundi bat

 

euskaratzailea:
Joakin Balentzia

 

        «Libero realta e la trasforma, non chi procede tra le nuvole». Hori erran zuen Pavesek bere militantzia politikoaren garaietan, italiar partidu komunistan zegoelarik prezeski («libre da bakarrik errealitatean txertatzen dena eta transformatzen duena, ez hodeitan ibiltzen dena» gehienok aditu arren hor duzue euskaratua badaezpada).

        Esaldiak itxura ona du, egia hutsa delako, baina agudo sortzen dira galderak: Nola txertatzen da artista bat errealitatean? Eta nola transformatzen du? Nola uler daiteke hodeitan ibiltzea? Erantzunak ez dira hain sinpleak, kultur mailan batez ere. Cesare Pavesek bere erantzunak izan zituen biziaren aurrean, artista eta pertsona bezala. Ene ustez koherentea izan zen esaldi horrekin oro har: berak kokatu zuen bere poesia gizakien munduan (funtsean poeta izan zen Pavese, nobelak eta ipuinak batez ere idatzi arren). Eta erran daiteke erabili zuela bere artea borrokatzeko arma bezala.

        Walt Whitman iparamerikar poetari buruzko tesia egin zuen unean, ikasketa unibertsitarioak bukatzeko, Pavesek bazuen garbi bere jarrera faszismoaren aurrean: konpromezurik ez. Hau 1930.ean zen, eta bera Piamonten jaioa zen (Torino ondoko herriska batean, Italian) 1908.ean (hemen egin dezakezue kenketa). Jakina denez, faszismoa boterean zegoen Italian eta kultura nazional haundiaren mitoa zabaltzen zuen, momentu haietan biziagoa eta askatuagoak ziren beste herrien kulturarekiko kontaktua galeraziz. Horregatik Pavesek orduko iparramerikar literatura itzuli zuen italierara (Faulkner, Doss Passos, etab.). Itzulpenaren alor horretan bere lana eta beste idazle antifaszista famatu batena (Elio Vitorini, aski ezezaguna gure artean) askatasun leiho bat zen eta erresistentzia jarrera bat.

        Partidu faszistan sartua ez izateagatik Pavesek ezin zuen lan egin irakasle bezala eskola publikoetan eta bere ogibidea itzulpenean bilatzen du, eta baita klase partikularren bidez. Giulo Einaudi argitaletxean sartzen da 1933.ean. Argitaletxeko talde osoa atxilotzen dute 135.ean bere aktibitate antifaszistagatik. Pavese, hiru urtetarako zigorturik, urte batez mantentzen dute gartzelan. Bere lehenengo poesia liburua 1936.ean argitaratzen du.

        Bere lagunek konpromezu handiagoak hartzen dituzten bitartean (Espainiako gerran Francoren kontra, klandestinitatean...) Pavesek jarraitzen du bere lan sortzailea, ixten da isolamenduan liburuez eta bere pentsamenduz josi. Torino hirira bihurtzerakoan 1943.ean (Erroman bere argitaletxearen sedea prestatu ondoren) ez ditu aurkitzen lagun zaharrak: mendietan sortzen ari da erresistentzia armatua.

        Liberazioa lortu ondoren sartzen da Partidu Komunistan, murgiltzen da borroka politiko irekian tarte labur batean eta uzten du bere ohizko bakardadea. 1946.ean argitaratzen ditu narrazioak «Feria d'agosto» izenburupean. 1947.ean «Il compagno» nobela eta «I dialoghi con Leuco», 1949.ean «Il carcere» (1938-39.ean idatzia), eta «La casa in collina», «La luna e i falo» («Ilargia eta sutzarrak») nobela sortzen du 1949 urtearen bukaeran. Eta 1950.ean Strega saria lortzen du fama haundia hartuz. Baina ez du indarrik jarraitzeko. Bere bakardadeak gainditzen du eta bere burua hiltzen du Torinoko hotel batean 1950.eko abuztuaren 27an.

        Egun gutxi lehenago idatzi zuen bere egunkarian: «Egina dut nire alde publikoa —ahal nuena—. Lan egin dut, gizakiei poesia eman diet, anitzen penak konpartitu ditut». Epitafio bikain bat berarentzat.

 

        Paveseren obrari buruzko zerbait

        «Artea ez dago biziaren zerbitzuan bakarrik, arnasa, kontsolamendu eta mezu gisa eta minaren liberazio bide eta distantzia estetikoaren tresna bezala ere bai» (A. Hauser). Paveseren literatur obra guzti horren adibide garbi bat izan zen hain zuzen. Liriko puro bat zen, nahiz eta errealitatearen nobelagile bihurtu zen «alderantzizko» salbazio baten existentziagatik. Anitzen eritziz inportantzia haundia du Paveseren poesiak gaurko literatur munduan. Agian bera bakarrik izan bait zen hain sakonki sentitu zuena bere baitan guztiz ixtea, salbatzeko premia alde batetik, eta bestetik kanpoan bilatzea bere salbazioa. Bere bakardadearen barnean Pavese ez zen hodeitan ibili, aitzitik, bere obraren bidez, batez ere, gure munduko errealitate sakonean txertatu zen.

        Pavese angustiari buruzko europar kultur korrontean sartzen da era berezi batez (Baudelaire, Kafka, Sartre, Camus, etab.). Nolabait erran dezakegu literatura moderno garrantzitsu guztia pesimismoz, desesperantzako sentimenduz eta giza existentziaren absurdoaz josia dagoela. Paveseren obratan aurki ditzakegu komunikatzeko ezintasuna eta grina elkarrekin batera azaltzeko sinbolo batzu, bi serietan sailkatuak: alde batetik, figura bortitzak: sua, odola, eguzkiaren argia, naturaren elementu desberdinak (ertatza, sugea), alkoola, gorputz biluzia, gauza-sinboloak, objetuak egoera puroan, erabat hertsiak beraien kontra haustera etortzen den kontzientziaren aurrean; beste aldetik, sinbolo suabeak: karrika, hondartza, dantza, kafetegia... Paveseren narraziotan agertzen dira sinbolo hauek eduki hutsala azaltzeko, hara eta hona ibiltzea irtenbiderik gabe. Txokerik ez, kontzientzien paralelismoa baizik.

        Tragedia beti da berbera: lagun harremanak bi sujetuak bakardade osoan utzi ohi dituzte etsai harremanak bailiren. Sinbolo bortitz eta suabeen artean, bietan batera, andrea dago. Emakumezkoa da gorputza, gorputz biluzia, borrokatzeko eta poseditzeko objetua, eta lagun paralelo eta helezina ere, ibilbide eta jaietako lagun ezgauza. Berak mendisken isolamendutik gizonezkoa harrapatzen du, baina bere baitatik gizonezkoa libratzea lortu gabe.

        «Artista eta gizaki bakoitzaren bizia etengabeko esfortzu bat da bere mitoak argitzeko», erran zuen Pavesek, eta berak ikasi zuen sakonki gai hori. Nik euskaratutako ipui honetan agertzen den bezala, naturaren sinboloa da mitoa: nola sugeek edo sugegorriek izen bat aditzen badute gero beraren bila datozen.

        Ene ustez Pavese ez da erresistentziaren poeta haundi bat bere faszismoaren aurreko jokaeragatik bakarrik, baita bere literatur obragatik ere. Alde batetik, bere kontakizun batzuk maisuki erakusten digute erresistentziaren giroa Italian. «La casa in collina» nobelan adibidez: Torinoko mendisketan (mendiska da Paveseren mitorik haundiena, bere haurtzaroko mitoa) Corrado irakaslea, bere isolamendua utzi gabe, txertatzen da erresistentziako talde batekin, lekuko bezala, eta ez protagonista bezala. Norberak bere erresponsabilitatea hartu behar duela aditu arren, Corrado irakaslea —Pavese bera— (Pavesek ez du inoiz bere burua nobela honetan bezala isladatu) beti agertzen da narrazioan zehar iheslari bezala. Hondarrean faszisten hilketa baten aurrean aitortzen du ikusle baten antzera: «Zenbait hildako begiratzea umilagarria da». Eta hitz garratz hauekin amaitzen du nobela: «Eta eroriekin zer egingo dugu? Zergatik hil dira? Nik ez nuke zer erantzun jakinen. Orain bederen. Besteek ere ez dakitela, nik uste. Agian hilek soilik dakite eta beraientzat bakarrik dago gerra egiaz bukatua». (Giro antifaszistan kokatua dago baita ere oraintxe X. Mendigurenek euskaraturiko «Il compagno», «Burkidea» izendatu duena. Itzulpen zaindu bat dela dirudi lehenbiziko irakurketan).

        Beste aldetik, artea minaren liberazio bide bat dela onartzean, Pavese poeta haundi bat bezala onartzen dugu, erresistentziaren poeta presezki. Bere mezua ez da gizakia desesperantzan murgiltzeko, desesperantzatik ateratzeko baizik. Zentzu honetan: angustiari buruzko artea ez da ezgauza, hondoratzera kondenatua. Gure miseriarik haundienean, konfusiorik itzelenean ezin ezabatu dugu artea, beraren bidez aurkitzen bait dugu gure miseriaren kontzientzia, berehalako kontsolamendua ez eduki arren. (A. Hauser, berriz).

        Horregatik «sufritzen duguna» jakiterakoan honelako literaturan, geuk errateko kapazak ez izan arren, arrisku hori, oinaze hori, gainditzeko ahalmena badugu. Miseriari buruzko kontzientzia edukitzerakoan gaindi dezakegu botere ezkutatuen obren antzeko mehatxatzen gaituen besterik. Artearen forma tragikoa, gizakiaren egoerarik etsituena erakusten duena, kontaezinezkoa izateagatik hain zuzen, zentzu haundi bat badu: ideia edo ilusioa onartzea kontaezinezkoa suerta daitekela nolabait, eta horregatik uler eta neur daitekeela.

        Doktrina bezala ezin dugu ezintasunezko, beldurrezko eta desesperantzazko filosofiarekin ados egon, baina onartu behar dugu literatura modernoan garrantzi haundia duela. Eta horretan datza Pavese poetaren kontribuzioa.

 

 

Izena

 

«Chi fossero i miei compagni di quelle giornate, non ricordo. Vivevano in una casa del paese, mi pare, di fronte a noi, dei ragazzi scamiciati —due— forse fratelli. Uno si chiamava Pale, da Pasquale, e può darsi che attribuisca il suo nome alláltro. Ma erano tanti i ragazzi che conoscevo di qua e di là".

        Nire garai hartako lagunez ez naiz oroitzen. Bi mutiko alproja, agian anaiak, ene ustez, herriko etxe batean bizi ziren gure parean. Batek Pale zuen izena, Pasquale-tik, edo beste anaiaren izena izan liteke, ziur ez dakit. Leku askotako hainbeste mutiko ezagutzen nuen eta.

        Bere aitak jipoi bat ematen ziolarik Pale —garai garaia eta zaldiaren aho batekin— etxetik ihes egiten zuen bi edo hiru egunetan faltatzeko; eta gero, birragertzen zenean, aita prest zegoen gerrikoarekin berriz larrutzeko. Berriro ihes egiten zuen, orduan amak, haranaren bukaeran, errekako basoen, zelaien gainean begiratzen zuen leiho lorrin hartatik eta dei egiten zion deihadarka, madarikatzen. Zenbait goizalditan leiho hartatik andre haren garrasi lelotuak irazartzen ninduten. Atso anitzek umeei horrela dei egiten zieten baina harek beste denak mutuarazten zituen eta ehiztarien tiroak bezala zenbait ordutan sumingarri durundatzen zuen izena, Palerena izaten zen. Noizean behin, guk kopeta haundiz, isekatzat oihukatzen genuen izen hura. Nik uste Pale bera ere dibertitzen zela oihukatzerakoan.

        Ziur ez dakit, Pale eta biok bakarrik geunden edo, aurreko mendiska malda idorretatik elkarrekin egon ginen egunean —lehenbiziko erreka eta kanaberadiak irabiatu genituen siestako tenorean—. Nire kideak hortzak desestaliak eta ilegorrizko burua zituela ziur nago eta oroitzen naiz kontatu niolako alderdi idorretan bizi den lehoiak bereak bezala hortzak eta ilehori gorriska zituela. Egun hartan sugearen bilakera zehatz batean aritu ginelako higitsuak geunden. Triparaino txipatuak eta garaitea eguzkipean genuen kiskaldua; zenbait igel ateratzen zen harriak mugitu ondoren, nire orkatilak erabat ubelduak zeuden. Paleri horzka egin zuen belar baten ur berdea hortzen artetik jariotzen zitzaion. Garrasi bat haizean, leun baina garbi, aditu zen gero landareen eta uraren isiltasunen artean.

        Ea Niretzat ote zen belarria erne nuela oroitzen naiz.

        Baina garrasirik ez zen errepikatu. Geroxeago errekako behitikoa utzi eta aldapa igo genuen, basaranen bila genbiltzala erraten gure baitan baina jakiten —neuk bederen eta bihotzak taupadak egiten zizkidan— aldi honetan sugegorria zela helburua. Lehoiei buruz harro mintzaten hasi nintzen bideska igotzen genuen bitartean, ipuruen artean. Zapatak berriz paratu nituen mutiko zintzoarenaren seinale bat egiten arratseko kontuen errendimenduan arrisku inplizituak ia ia konjuratzeko. Txistu egiten nuen.

        —Utzi. Horrela ez zaio deitzen sugegorriari, muxin egin zuen nire kideak geldituz.

        Urkuluzko bi makil genituen piztia harrapatzeko eta hiltzeko. Gutariko batzu uretara sartu arren seguru nago biok bakarrik igo genuela bideska. Pale —ni baino desberdinagoa. Sarrien eta arantzeen gainean oinutsik zebilen ardurarik gabe. Hori erran nahi nuelarik bapatean sasi baten aurrean gelditu zen eta, burua mugitzen, aurrerantz makurturik, apalki txistu egiten hasi zen. Sasia arrail arrokatsu batetik irten zen eta handik zerua ikusten zen.

        —Sugea harrapatzen badugu hobe izanen da erran nuen isiltasunare hartan.

        Lagunak ez zuen erantzunik egin eta xuxurlatzen jarraitu zuen txorrotako uraren haritxo bat bezala. Sugegorria ez zen ateratzen.

        Deihadar supitu batek haizean asaldatu gintuen txilio bat edo astinaldi baten antzera. Herritik berriz dei egiten zuten: ohizko boza zen, urrikalgarri eta errabiatsua: «Pale, Pale!»

        Agudo pentsatu nuen nire etxekoez. Pale gelditu zen, aurrerantz buruarekin, zango batez mantentzen eta bere deabruko imentzioren bat egiten zuela eman zidan. Ia isilik ez egina berriz bozak: «Pale, Pale!» Orduan kideak amorruz jaurtiki zuen makila eta presaka erran zuen: «Bastart haiek! Sugegorriak aditzen badu nire izena, bila ibiltzen garen bitartean, gero ezagun izanen nau».

        —Goazen —bozerran nuen bozaren hari batez.

        Atso madarikatuak deitzen jarraitzen zuen. Ikusten nuen leihotik agertzen noizean behin bularretako haur batekin besoetan eta jaurtikitzen oihu hura kantatzen bezala. Halako batean Palek heldu ninduen eskumuturretik eta garrasi zuen: «Ospa egin!» Lauaraino korrika batean egin genuen; elkar oihukatu genuen: «Sugegorria!», kilikatzeko, baina gure beldurra —nirea bederen— hori baino konplexuagoa zen, haize eta harrietako potentziei iraintzeagatik sentsazio bat, ez dakit.

        Gaua iritsi zitzaigun eta zubiko langen gainean aurjarriak aurkitu gintuen. Pale isilik eta ttu egiten uretara.

        —Har dezagun freskua balkoian —erran nion Paleri. Herriko andre guztiak hau edo hura deitzen hasten ziren ordua zen, baina momentuz bake miresgarri bat zen eta zenbait kilkir bakarrik aditzen zen.

        «Oraindik ez naute deitu», pentsatuz erran nuen:

        —Zergatik ez duzu erantzunik egiten deitzerakoan? Arrats honetan jipoia gainditu duzu.

        Palek imintzio bat egin zuen sorbaldak altxatuz:

        —Zer nahi duzu andreek uler dezaten?

        —Egiaz sugegorriak izen bat aditzen badu gero beraren bila etortzen da?

        Palek deus ez zuen erran. Hainbeste aldiz etxetik ihes eginez gero uzkur bihurtzen den gizon baten antzera.

        —Orduan mendiska hauetako suge guztiek jakin behar dute zure izena.

        —Eta zurea baita ere —erran zuen Palek—. Mutiko zintzoarena egiten baduzu sugegorriari inportatzen zaiola zuk uste duzu? Bera bilatzen dutenak hil nahi ditu sugegorriak...

        Baina momentu hartan lehenagoko oihua berregin zen. Atsoa leihora itzuli zen. Gurdi baten gurpilek kirrinkatu zuten eta putzuan pozal baten palestada aditu zen. Orduan etxeratzen hasi nintzen eta Pale zubian geratu zen.

(Il nome, 1941)

 

 

 

Artatza

 

«Il giorno che mi fermai ai piedi di un campo di granturco e ascoltai il fruscio dei lunghi steli secchi mossi nellária, ricordai quelcosa che da tempo avevo dimenticato. Dietro il campo, una terra in salita, c'era il cielo vuoto»

        Artatza baten ondoan gelditu nintzen egunean, haizearen higiduran kikilu luze eta idorretako kirrizka aditzerakoan, aspaldian zerbait ahaztu gogoan izan nuen. Artatzaren atzekaldean aldapa eta zeru hutsa zeuden. «Itzultzeko tokia da», erran nuen eta istantean eskapatu nintzen, bizikletaz, urruti egon zedin norbaiti notizia eraman behar banu bezala. Artatza guztietatik eta zeru huts guztietatik urrun zegoena neu nintzen. Egun hartan soro bat izan zen: bide baten gainean harkaitz zintzilik edo mendiska baten bihurgunean zuhaitz isolatu bat edo haitz baten bazterrean mahatsondo bat izan liteke. Zenbait aintzin solas natur figuretan mamitzen eta konkretatzen dira garaietan zehar. Neuk ez ditut aukeratzen figura hauek: sortzen badakite beraiek, agertzen nire bidean une justuan, gutxiena pentsatzen dudanean. Ez dut inor ezagun beraren antzeko diskretasuna duenik.

        Kontenplatzea ausartzen naizen istante gutxitan artatzak erraten didana, itxadoten egin arazi duenak erraten duena da eta deus ezin izaten zela berarik gabe. «Hemen nauzu» sinpleki dio itxadoten egin arazi duenak, baina inork ez dio kentzen nagusi bezalakoari botatzen diot zeruari kikilu apalen artean, objektuaren beste aldetik begiratzen banu bezala berez azal dadila ia itxadoten bezala, ongi jakiten berak duena bakarrik prometa daitekeela eta keinu zakarregi batek guztia erdipurdika hondora lezakeela. Ezer ez dit zorrik soro harek eta isilik egotea besterik ez zait gelditzen eta nire baitan bera sartzen uztea. Artatza eta kikilu idorrak mantso-mantso kirrizkatzen naute eta ene bihotzean gelditzen dira. Gure artean ez dago hitzik. Hitzak aspaldian eginak izan dira.

        Noiz egiazki? Ez dakit. Ezta ere ez dakit zer solas egin zezaketen artatza eta mutiko baten elkarren artean. Baina egun batean gelditu nintzen, ziur (nirekin denbora geldi zedin bezala) eta gero biharamunean, eta beste egun batez, urtaro oso baterako eta bizitza baterako, honako soto baten aurrean; eta hura izan zen muga bat, horizonte familiar hat hortan zehar mendiska apalak, hain urruti ziren eta, garden egiten ziren leiho batean aurpegiak bezala. Oihan horian urrats bat ematen ausartzen nintzen bakoitzean soroak hartu behar izaten ninduen bere boz zartakatsu eta eguzkitsuaz; eta nire erantzunak ziren keinu zuhurrak, noizean behin zakarrak, zeinekin hosto ebakorrak baztertzen bait nituen, aihenbelarretaranz inklinatzen nintzen, eta kikilu luzetan zehar zeruaren hutsunea begiratzen nuen. Isiltasun hilkor bat zegoen zartaka hartan, basamortuzko lekurik hertsiarena, zeru urrunean irekiz bizi ezezagunaren promes bat, helezin eta erakarkorra mendiskak bezala.

        Orduko denbora gelditu zela badakit gaur oraindik artatzaren aurrean ukigabekoa berrartzen dudalako. Kirrizka mugiezin bat da. Segurtasun bat dudala nire aurrean aditzen dut, nire zain zegoen laku baten hondoa ukitu izan banu bezala, eternalki berdina. Desberdintasun bakarra da orduan ausartzen nintzela keinu zakarrak egiten, soroan mendiska familiarrei. Orduan nintzen ume bat, eta ume baten osoa hil da garrasi hori ezik.

        Orduko denbora gelditu zela badakit gaur oraindik artatzaren aurrean ukigabekoa berrartzen dudalako. Kirrizka mugiezin bat da. Segurtasun bat dudala nire aurrean aditzen dut, nire zain zegoen laku baten hondoa ukitu izan banu bezala, eternalki berdina. Desberdintasun bakarra da orduan ausartzen nintzela keinu zakarrak egiten, soroan mendiska familiarrei. Orduan ume bat nintzen, eta ume baten osoa hil da garrasi hori izan ezik.

        Soto baten urtaroa udazkena da, arto iladen atzekaldean landa guztia esnatzen delarik. Bozak entzuten, uztak egiten, gauez suak pizten dira. Soroaren mugiezintasunak baita ere gauza hauek ditu, baina zenbait distantzia baten antzera, adarren artean promes antzemanak bezala. Hostoen idortzeak zeru tarteak gero eta haundiagoak irekitzen ditu, mendiska urrunak biluzidiago erazagutzen ditu. Atzean dagoenaz ere pentsatzen da, eta oihanaren bazterrean gaueko presentzietaz. Noizean behin oroimenean igotzen da hosto horien zartaka, eta ikaratzen du urrats ezezagun eta beldurtu baten gurgura bezala, borrokan gorputzen debatitzea bezala. Orain, urruntasunean, gauza bat bakarra dira gaueko sutzarrak mendisketan eta soroko kikilu lainotsuen artean iluntzea. Bakarrik lasaitzen du ideiak mutikoa dela lurrera bota dena ezkutatuz, eta kikiluetatik zintzilik egonen direla nihar laborariak biltzera etorriko diren artaburu lodiak. Eta bihar mutikoa ez da jadanik egonen.

        Gauza hauek gertatzen dira nire zain dagoen artatzaren aurrean gelditzen naizen bakoitzean. Berarekin solas egin nezan bezala, nahiz eta solasa egin zen orain urte anitz eta hitzak galduak dauden ere bai. Niri aski zait erran dudan begirada ezkutatu hori, eta zeru hutsa betetzen da mendisketaz eta itxuretaz.

(Il campo di granturco, 1941)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.