L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-13 (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Eneritz

 

Sukaldean irakurtzen zaude, burubelarri liburuari ezen, zure adimena zazpigarren uhinean zeharo galduta, 10 minututako luze-labur bat iraundu duen ixiltasun arraru batez ez bait zara ohartu. Bapatean, bekokian jotzen zaituzten argizpi epeletaz konturatzen zara; hurbil dauden begi bitatik zuzenduriko errainuak, amodiozko sagitak bailiran. Aldi berean, zure buruezur barnean garuna zirgit eginez, ke-ponpak antzerako berotasun ilun bat hedatu eta inguratu zaitu. Dagoeneko zure gorputzaren giharre gehienak erne dituzu, zure nerbio guztiak zain, zure zentzu denak adi, eta behatzetik ile bakoitzaren puntaraino azal osoa zeharkatu zaituen hotzikara batek hunkitu zaitu, debekaturikoaren aitzindari omen. Zure besoetan datzaten bilo guztiak berehala zutitu dira, aidea bera higituko balitz nabarituko zenukeelakoan. Hodei elektriko baten gunean zaudela, ez duzu hatzazal bat ere mugitu nahi, kopetan iltzatzen zaizkizun geziak lehen baino mingarriagoak badira ere.

        Une batez jarrera hori zein neketsua den erreparatuz, neuronen adarretan zenbat adrenalina molekula askatzen ari diren itauntzen diozu zure buruari, eta, irakurtzen ari zinela gogoratu baino lehen, ihes egiteko prest dagoen animalia zure oroimen bazterretik pasatu da lasterka.

        Jadanik zure aurrean esaldiak zatitu dira, lerroak desbideratu, izkiak lausotu eta zuritasunean multzo beltz batzu barreiaturik besterik ez duzu ikusten. Bere aisera zintzilikatzen ziren ankak, oinen punten gainean ipiniz, batu egin dituzu konturatu gabe, belaunez belaun, izter tarteko ildoan otoitz egiteko gisa esku biak sartuz, sorbalda aurreratuz, bizkarra borobilduz eta lepoko ornoak gogorki luzatuz, hauxe dena mugimendu ohartezin batez. Hala ere, giltzapean zeneuzkan betazalak konturatzen zarenerako askatu egin dira eta, burua milimetro bat ere altxatu gabe, zure begiek aurrerantz so egiten dute zuzenki.

        Lepoa minduta daukazula, ikusten duzuna ikusterakoan eskapatzen zaizun irriparrea izkutatzeko ahalegindu behar zara zin zinez. Azterketan kopiatzen edo zurrumurruka arrapatzen zintuztenean maisuak jartzen zuen aurpegia burura datorkizu; orain zuk bere papera hartuz, aurrean daukazunaren begietan orduko momentuetako larridura berrezagutzen duzu. Dena den, hedatzen zaizkizun sareetan ez duzu erori nahi oraindik eta, ahoa zabaltzera doan une berean, ankak gurutzatu ondoren, besoak mahai gainean ezarri eta liburuaren bizkarra ondo zabaltzeko eskubiko eskuaz zapalduaz, begiak berriro jaitsiz irakurtzeari ekiten diozu, hitza mingain puntan geratu zaiolarik. Zure aitarekin bronka izaten zenuenean zuri gertatzen ohi zitzaizuna eta orain barre egiten duzu zure baitan horretaz gogoratuz.

        Hasi baino ez duzu egin, ostera ere begirakunea nabaritzen duzunean baina oraingoan beste ere batez, arakakorra, zalantzatsuagoa, inpazienteagoa ere. Kasurik egin nahi ez badiozu ere, ezin dezakezu irakur, datorrena zer izan daitekeen igarri nahiean. Zure buruari galdetzen diozu aspaldidanik orria ez duzula irauli ea konturatu ote den, gainera zure hatzamar bik orrialde baten heren bat estaliz, ez dizute irakurtzen uzten. Bitartean ezkerreko belaunean esku txiki baten hatzamarraren erkain batek ikutzen zaitu mahai azpitik, ikutu baino hurbiltzen zaizu, behin, birritan, hiru aldiz. Nahiz eta zuk gogorki eutsi, badakizu jadanik arrapaturik zaudena, tarte labur baten barru batera egongo zaretela ere. Gainera, berak uste du gustatuko litzaizukela, ona dela, behintzat txarra ez dela eta, onik ez badizu egiten, kaltegarria ez zaizu gertatuko.

        Esku batez erdi luzea daukazun ile soltea atzerantz botatzen ari zarelarik egoera hori nola bukatuko den asmatu nahian, lehen ikutzera ausartzen ez zen erimokoak sendoki zapaltzen dizu izterreko larrua, burua altxarazten dizuna.

        Zure sudurretik metro erdira, bonbon-kutxa baten atzetik bi begi nabarilunen suak, zapartari eta nerabeti arteko su batek zehiarka argitzen zaitu, inguratzen zaituen magnetismoa desabatuz, zure gorputz osoa zirt eginez, begi zabalarte batetan zure barruko aurreritziak deuseztatuz. Elkar begiratzen duzue, zure aurpegian haserrearen keinu bat ere ez da ageri eta zergaitik hasieratik ez diozu jaramonik egin galdetzen hasten zara. Baina ez, noski, zuri gauzak egin behar direnean, bere lekuan eta bere orduan burutzen direla iruditu zaizu beti, eta aldi hori zuk irakurtzeari eman diozu eta ez edonorekin jolasten galtzeari (hura galtzea bada). Hau guztia tutik esan gabe, erlojuaren hotsa entzun ahal duzu eta.

        Aurreko begiek ez dute dagoeneko kezkarik erakusten, baretu dira guztiz, zure betosko tximurtua desagertu dela jakinarazten dizuena. Orduan bai, erdi irriño zinti bat eskeintzen diozu laztanki. Bonbon-kutxaren atzetik izkutatzen ziren begiek, erabat lasaiturik, aurpegi ernai eta eder batetan kokaturik daudela ikusten utz dezaizukete, zuk maite duzun aurpegi bera, xarmanta, xoragarria. Irakurketa, zeharo ahaztuta, hor zaudete, norberak besteak emango duen erantzuna hatzeman nahian, ahalegintzen bederen, amaiera gertu dagoela nabaria baita.

        Oraintxe, ez lehenago ez beranduago, ezpain artetik mingainaren muturra atera eta goikoaren gainean ipiniz, esku biak bonbon-kutxaren estalkia zeremonia handiz kendu eta mogimendu serio eta misteriotsuaz zilar papera urdin duen azken gozokia luzatzen dizu haurrak, hortz guztiak erakusten dituen irriparre maitagarri bat bidaltzen dizuen bitartean. Berriz ere, jolastera elkarrik zoaztenean, irabazi zaituela jabetu duzu; baina burruka horretan galtzeak irabazteak baino atsegintasun sakonagoa ematen duen bakarra duzu eta, momentu batez mahai gainean zabalik gelditu den liburuaz gogoratu arren, ez zara ezertaz damutzen, areago, eskertzeko hamaika moxu emango zenioke, bera ezertaz konturatu ez den bitartean edo, agian, horrexegatik hain zuzen ere.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.