L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<susa1100>— Susa-12 (1984-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Ale honek ere bere sarrera dauka

 

        Zuen gorputz lirainak eta gogo ezin biziagoak udarako prestatzen ari zareten sasoi honetan, ale berezi hau prantatu dugu zuontzat. Ale berezia diogu, dagoeneko ezinezkoa zaigulako hiru hilabete pasatzen uztea halako lan mordoa bildu gabe. Azkenean bildu dena ez dugu uste oso exotikoa denik (oso palmera gutxi daude; poxpolin jazki pare bat besterik ez), baina sorpresagarria izan daiteke, eta garai hauetan beharbada interesgarriagoa izan daiteke azken hori bestea baino. Parada aurkitu dugu zer edo zer esateko, eta esan egin dugu, ileetako kizkurrak gehiegi astindu behar izan gabe.

        Ez, guretzat literatura idaztea ez da ifernu bat. Eta baten batzu literaturaren bidez gizarajoaren imajina salduz badabiltza, haiek jakingo dute zergatik. Geuretzat idaztea abentura bat da, zentzurik erromantikoenean eta aldi berean zentzurik modernoenean, bere une larri guztiekin baina bere satisfazio guztiekin ere. Satisfazioa bait da gizakia mugierazten duen motoreetako bat (insatisfazioari ere utzi beharko diogu bere lekutxoa) eta nahiz eta batzutan loak hartu baino lehen etsipenak gainditzen gaituen, garbi utzi nahi dugu mementuan mementuko larrialdi horietatik erabateko plazerra damaigun produktu bat sortzea dela gure satisfazio haundiena: literatura. Sufrimenduaren bidez plazerra nola sor daitekeen argitzen ez dugu lerro bakar bat ere alperrik gastatu nahi (areago gizarte honek masokismoa zentzu pejoratibo merke batez hain modu errazean iraintzen duenean), baina geuk ere geure plazer-deklarazioaz amaitu nahi genuke paragrafo hau: bai, egia da gaztelutxoak bertan behera erortzen zaikigun aldi horietan loaren heriotz behin-behinekoak salbatzen gaituela hondamenetik, baina geuk behintzat insomnioak jotzen ez gaituen bitartean ez gara suizidatuko (ez diogu literaturari uko egingo).

        Nehork ez luke sinetsiko ume baten kontu guztiak jaiotzarekin amaitzen direnik. Hezitzeak eta hazteak bide luzea eskatzen bait du. Eta guraso batek bere seme-alabak edozein ikastetxetara bidaltzen ez dituen bezala, geuri ere ez zaigu berdin geure idazlanak edozein modutan eta edozein tokitan argitaratzea. Geuretzat literaturgintza ez bait da bukatzen eskuizkribua amaitutakoan. Lan hori nork erabiliko duen eta noiz eta nola kaleratuko den jakiteari eta erabili ahal izateari ere hil ala bizikoa deritzogu geure praktika literarioan. Eta esan dezagun behingoz: ez gara fio gaur egun dabiltzan editorialekin, idaztea zer den ez dakiten kritikoak unibertsitatera kondenatzen ditugun legez. Izan ere, argitaletxe nagusiak ez daude idazleen asmoen esku; gaur egungo editoreei okurritu ere ez zaie egiten akaso idazleak bere liburuaren nondik norakoa (eta areago, liburugintzaren ikuspegi orokorrarena) segitzeko gogoa eduki dezakeela. Idazleak, idazteko eta saldutakoaren ehundik hamarra kobratzeko besterik ez daude eta (askoren ustez behintzat). Geure aburuz, argitaletxe bat interes literarioen zerbitzura egoteko garantia onena hauxe da: argiteletxea literaturgileek berek kontrolatzea. Bestela, eta kasurik onenean, interes literarioekin batera literaturarekin zer ikusirik ez daukaten beste hainbat interes bilduko dira editorial horretan. Kasurik okerrenean, diruari besterik ez diote begiratuko. Eta horrela explikatzen dira liburuekin (eta liburugaiekin) egiten diren abortoak eta harakiriak. Ez bait ginen alperrik gu ere hasi geure liburuak (eta beste edonorenak, ondorioz) argitaratzen. Arrisku horiek ez dizkio inork bere buruari kapritxoz bizkarreratzen.

        Alde horretatik, idazle artesauaren figura erreibindikatzen dugu gaurko giro instituzionalizatu eta komertzialduaren erdian, eta literaturaren artesautzaz mintzatzen garenean (honetan ere) bere zentzu erromantikoena baina baita modernoena ere gureganatu nahi dugu. Hau da, idazlea literaturgintzaren prozesuan ahalik eta bitartekorik gehienen jabe izatea. Intermediarioak betiko erretira bitez. Modu horretan, idazlea eta irakurlearen arteko tartea ahalik eta ttipiena izan ahal izango da. Modu horretan, idazle batek artikulua edo liburua irakurleari zein itxuraz aurkeztuko zaion ere erabaki ahal izango du. Idatzi duenaren jabe izango da, hitz batez.

        Joan diren hileetako batetan, irratiren batetan galdera bat egin ziguten eta egia esan nola erantzun ez genekiela geratu ginen hantxe geundenak, elkarri begira eta bestearen begirada galduan balizko babesa aurkitu nahiean bezala. Galdera hori profesionaltzeaz zen, hots, zer pentsatzen genuen idazlearen profesionalizazioaz. Lerro hauek idazten ari garen mementuan ere, horixe da guztiz garbi ikusten ez dugun arazo bat. Hasteko, herri honetan FOPekoa izan ezik edozein gauza egitea permititua bait dago diruaren truke, eta bestetik, ogiaren asuntoa usadioak heredentzian utzitako tabu bat dugulako. Hala eta guztiz ere, profesionalizatzearen gai horrek burutazio bat egiteko parada ematen digu: gure artean egile-eskubide bezala idazleari % 10 derrigorrez eman behar izateak kaltea besterik ez dio ekartzen liburugintzari hasteko, eta literaturgintzari ondoren. Izan ere, liburu salgarriak egiten dituzten eskritoreen poltsikorako oso ongi etor daiteke % 10 hori, baina horiek ere ederki asko kobratzen zuten diru hori horren erreibindikazio profesionala (eskubide moral ala ekonomikoa ote?). Gainerakoan, bere abenturaren hastapenetan diren idazleei (batez ere poetei) eragozpen besterik ez die erakartzen (eta begiratu, bestela, zenbat eskuizkribu geratzen diren argitaratu ezinean, «koste ekonomikoak» haundiegiak omen direlako). Geuk, behintzat, SUSA liburutegian ateratzen ditugun liburuen egileei ez diegu egile-eskubiderik pagatzen. Eta ez dugu uste sindikatu profesional bat izan nahi duen Idazleen Elkarte horrek gu juizioan sartzeko tentaziotan eroriko denik. Badaezbadaere.

        Eta bukatzeko, kirasten hasia den susmo bat aipatu nahi genuke. Eta bide batez (eta susmoa denez), obserbaziorako gai modura ipini, besterik gabe. Beldur gara ez ote dagoen errezelo desproportzionatu bat idazle konsagratuen partetik atzetik datorren mugida literario izugarriarekiko. Esan nahi bait da gaur egun gazte jendearen artean (eta badakigu herri honetan zein urtetatik behera kontsideratzen den bat gazte-jendea) dagoen mugimendu literarioa bezain dinamikorik eta bezain numerosorik euskal letren baitan sekula ez dela eman kontutan hartuz, mugida horrenganako idazle konsagratu ia guztiak hartzen ari diren jarrera, ignorantzia eta deskonfiantzaren artean mugitzen dela. Nola entendi daiteke, bestela, Euskal Idazleen Elkartetik helburutzat «Egan» aldizkaria bultzatzea besterik ez hartzea, dagoeneko beste bost literatur aldizkari martxan gaudenean? (Eta ez «Egan» baino martxa pattalagoaz, prezisamentean). Nola entendi daiteke, bestela, literatura egiten (eta dexente ondo gainera) hasi den hainbeste idazle berri dagoenean «zaharrak» oraindik ere Koldo Mitxelenari begira egotea? Nola entendi daiteke, bestela, beren buruarekin beti hain exijentzi maila txikiz jokatu ohi duen jendeak hain erraztasun haundiz lehiaketak desertu uzten ibiltzea? Eta abar luze bat, abar benetan luze-luze bat. Baina beharbada aipamen pertsonalekin hasi beharko genuke eta haserreak eta ezinikusiak ez omen dira inoiz eta ezertan ere aurreratzeko biderik gomendagarriena.

        Utz dezagun, beraz, gure hitz-andana hau gaurkoz, eta saia gaitezen hurrengorako gauza ez hain serioak esaten, egia bai bait da gaurkoan gauza serioegiak esan ditugula. Enfin, herri honetan ez dago itxurak gordetzen jakitea baino botika hobeagorik superbibitu ahal izateko -irauteko-.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.