L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-10/11 (1984-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Putreak!!!

 

Zaldubi

 

Egunsenti ilun bat zen. Negu beltzeko ekaitz aurreko egunaren hastapenak ziruditen. Algodoizko mataza grisek egun bat gehiago iragartzen zuten bizitzaren kurpil zikoitzean. Sega baten ahoak txitean-pitean belar saila ebaten zuen. Urruti anbulantzia baten hotsek bizi nahiaren karraixia eta eskubidea exijitzen zuten. Papelerak bere kaka eta zikinkeria guztiak, gardenagoa zetorren ibai batetara botatzen ari zen, ondoren lorratz zuriska bat zeriola. Haur bat urrun negarrez ari zen.

        Zabortegian plastikuzko ontziak... pilaka, milaka. Pote hutsak, herdoildutako burdinzkiak, hats higuingarria. Erregaiek sutan ziharduten ke urdin nardatsua lantegietako tximiniek botatakoarekin nahasten zirelarik ortziaren sapaian.

        Putreak iratzarturik zebiltzan. Karrakaka aidean. Sendi osoa bildurik jira eta bira. Gertakizunen baten zai. Egun hartan aztoraturik zebiltzan. Bazuten zerbait...

        Kotxe baten irratitik ahots sendo eta desafiatzaile batek hau eta bestea zioen: ...Pakerik. Pakea.../...Pakea!

        Emakumezko baten karraixiek eten zuten poesiaren ahapaldia. Giza ar batenak jarraiki zuen gainditurik, bestearenari erantsirik, eta etenik. Betiko zezio eta bortxakeria.

        Uso batek triste begiratzen zuen. Ihesari eman zion.

        Zizareak simaurretan gozo dabiltza. Ez dute kanporatzerik nahi. Beren egoitza baten erreinua da.

        Villa bateko nagusia etxetik irten zen eta bezperako afariko txuleta hezurrak "bere" polizia zakurrari bota zizkion. Honek salto eta irrintziz eskertu zuen "bere" nagusia, "bere" aita, "bere" laguna.

        Putreak aidean...

        Beltzez jantzitako ijitu bat, haur bat besotan zuela atez ate zebilen. Irekitzen zen ate bakoitzean gizadiaren mesprezioa jasotzen zuen. Behin eta berriz inork ulertzen ez zituen errezoak jalgitzen zituen. Baina kontestadore automatikoa zeukaten etxeetan ezin zitekeen sar. Giza borondatea hain eskergaitza izanik, ezer gutxi esker zezakeen.

        Telebistako gizonak esan zuen, biharamonean berogailua piztu egin beharko zela norbere nahiaren arabera. Zuhaitzak larrugorritan zeuden. Baina ez hilak. Ezkilak entzuten ziren errepikatzen mezetarako deia zabalduz. Baziren makina bat inongo mahaian eseriko ez zirenak.

        Putreak aidean biraka...

        Artzaiak ardiak bazkatzera eramaten ditu. Larre motzean. Mendiko larre onenetan. Egunero esnea ohosten dio egunean bi aldiz. Hain maite duen axuria ere bai, azkenean kendu egiten dio. Bere bihotza eskubian dago eta bizirik iraun dezake. Izanen du beste bat.

        Eta etekinik ez duenean, harategira. Nagusiaren saldoa gorrian dagoenean, langilea kanporatzen du.

        Labana, Carta de despido, Metraileta.

        Apaizak gurutze saindua eraman zuen prozesioaren aintzinean.

        Putreak aidean biraka.

        Otsoek artalde bat aurkitzen dutenean, hatzipen errezenaren bila joaten dira. Inguratu, taldetik bereizi, leku egokira eraman eta rau! Letaginen zulotik odol gorria dariola hiltzen da.

        Balen zulotik odol gorria dariola hil da. Giza-aberea lurrean datza.

        Badatoz.

        Badatoz putreak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.