Mª Gemma Arrizabalaga
Nere aurrean dago, biribila, berdea, distiratsua, nere instintoak pizten. Nik beti nahi izan dudana da. Ah, nerea izango zara, potola. Beregana hurbiltzen naiz, eta nere eskuetan, desioz, hartzen dut. Biribila, distiratsua, nerea azkenean, bakarrik neretzako.
Prest al zaude? Goxoa izango al zara neretzat? Bai, ziur baietz. Ikusiko duzu, maitea, labainarekin maestro bat naiz, utz nazazu, lasai.
Ia kexu txiki bat bakarrik ez da entzuten labaina lehen aldiz sartzen diodanean. Horrela gustatzen zait, potola, mantso mantso, oztoporik aurkitu gabe. Nere eskuaren bultzadaz, bere azala askatzen ari da. Hau bai espiral erotikoa, luzea, umela, biguna. Zure figura aldatzen hasi da, maitea, zure biribiltasuna angulatua bihurtzen.
Horrela, biluzik, politagoa ikusten dut. Zuria, mamitsua, lehen baino tentagarriagoa azal guztia kentzen diodanean. Ah, zure goxotasuna, zure biguntasuna zaratatsua sentitu dezaket begirada batekin. Ezin dut gehiago itxaron. Nerea izan behar duzu, oraintxe, hemen. Nere ahoaren muxuarekin zati bat kentzen dizut, haundia, lehena, goxoena...
Ag, kaka zaharra! Garratza zegoen.
|