Zazpi urte bete berrian itsutu zitzaion joko iñorant bat baino ez zirudien hargaitik.
Korrikari eman zion etxera sekula ere helduren ez zelako ideiaz asaldatua. Kolpeka gorputz-kirioak, begietako min bizia mihizto batek sakonena xurgatu nahi balioan betazal eroriak altxatzen nola saiatzen zenaren eszena ez zait egundo ahantziko. Ate joka hasi zen lehendabizi, ukabilka geroxeago ukabilka hortzak amorruz hestutzen zituela.
Egunek serbitza diezazuketen zilar bandeja margula bezalako zerurantz zuzendu zuen deihadar itoa: Ama!!!
Xaxi bestalde semeagaitik ez ezik besteengaitik edozein gauza egingo lukeen horietarikoa genuen: irrifar zabalaz irekiko zizun zihur aski atea, dozena pare bat arraultza xukun xukun boltsan ipini ta agur beroenez atea polliki itxiko, zu jadanik urrun xamar egonez. Hamaikatxo aldiz joana nintzaion illunabarretan, ttikitandik. Sukaldeko aulkian poltsa ta hogei ta hamar hogerleko antzeman orduko banekien nire egin beharra «mandatubat eittera, kontxo!!» nion neure buruari ahopean; nahiko kostatzen bazitzaidan ere, kopeta pixka bat ilundu baina banijoan, saltoka kale erditatik, gauez Xaxiren arraultza gozoak jango genituzkeen gainezkako pozaz, eta ez hori bakarrik, ez pentsa, beti ematen zidan eman ere misteriozko aide berezi harekin karamelu arrosak egun pareetan, ezpareetan berde-berdeak. Egun pozoinduaren ostean Koldok ezin izan zuen inoiz gela griseetan lo egin. Ikusia dut nola haztamuka zihoan leihora pertsianaren zirrikituetatik arraultza-zuringozko zulo bi haiek laban erazteko asmotan besoak zituen luzatzen, ahurraren konkaboan bildu argi hutsa betazalen orbainen barna bete-betean sartzeko asmo oi ezinean!!!
Izan ere, nahiz hiru urte pasa, amaren laztan xumeak begi minberatuen azaletik, irudimen margularen azpitik, gogoan iltzaturik bezala zituen. Haren malkorik ikusi ez, baina sentitu, bai sentitzen ixil oso zerizkion lodi lodiak esne-anpulo irudi.
Maiz lotzen zen harrezkero bizitzak ozta-ozta eskainiriko mataza apurrari: «gelan lorezko kortiñak, amaren lurrin freskoa, agian dagoeneko zimel ta seko eginda. Oilo aldra moko gori-ipurdi zikin aleenak gogoz hilko nituzke, lepoa haizkoraz zasshhh... errotik erauzi baietz edo aitaren ehiza-eskopetaz errai guziak aharratu lehertu artio». Adabakika zituen gogoeta oro, gau-loa lapurtzen ziotenak, noiz eta kanpaiak jotzen hasi zirenean. Eguerdiratzen zihoan eguna, eguerdiari beldur zion, jan ondorengo sendabideari gehio oraindik: olio-ozpiñaz busti oihal puxka batzuk jartzen ohi zizkion Xaxik, sobera tinkatu gabe badaezpadan, igurtzi hiruzpalau bider, egunero ordu betean. «Ezta komeni argitara egitea mutikoak sufri dezaken miñagaitik. Arreta handiz, pazientziaz egin behar den lana da Xaxi. Ezer gutxi badakigu ere, pozoin mota ezezaguna baita, ahal bitartean segi». Mediku jaunaren azken hitz neurtuak eztarria korapilo nahasian entzun edo entzunarena egin zuen emakumeak, urtero berdina entzuteaz nekatuta zegoen eta.
Milla esker.
Begirada apal batez lagundu zuen medikuak zenbait kolpetxo ezti sorbaldan ematen zizkiolarik.
Eztago zergaitia.
Erhi erakusleaz ezkerreko txaketoi-mahuka atzeruntz botatzerakoan «hau bai, ia hirurak ta Koldo enetxoak jateke...» pausa azkar asko arindu zuen.
«0ihal zuria ez, mesedez ez berriz nire begietan!!!» ukabilka agresiboz mahai kolpeka ziharduen, mahai gaineko tramankulu guziak airetik sakabanatu Xaxi etxeratu zenerako.
Zer gertatzen zaik? Esaidak kuttuna!!! Zer!!
Niri zergaitik?? (deihadar itoan)
Urtarrillaren egun mugagabe hartan oheratu baino lehentxoago fijo fijo lerratu zuen begirada itsua leihorantz, oroimen galdu bat irakurtzen bailegoan: itsumandoka iñorantki jolasten ari ziren umeak berarekin jolastu zuten berberek, auskalo susmatu zuen ta baita oilo zikinen bezalako farrak oihal zuri begien estalki madarikatuaren inguruan dantzari sentitu, gorroto ezin zehaztu batez nahasirik.
Eszenok mailuka zetorzkion burura, batez ere bakartasun latzezko mementuetan.
Eta baita aingeru itxurako ile hori-begi urdin batek nola txantxatazko gauzak saltzen dituzten dena indefenso horietarikoetan erosi likido beilegia trapu zuriari itsasten zion.