Non ote dago Behiruth?
"azken finean bideak argituz doaz norberarentzat, gerrak munduko zoko guztietan dira eta bakoitzak BEYROUTHen edo Nikaraguan edota Gaintxurizketan borrokatu behar duen erabakitzen du..."
(XX. mendeko anonimoa)
Udara zen guretzat laranja zumoa sortalde hurbileko egarriz inguraturik edaten genuen garaia. Udara zen egunkariko orrialdean ramadan kutsuz logabeko egunsentitan irakurtzen genituenean. Udara, bonben eztandek eguratsa sarraskitzen zutenean, han, Beyrouthen.
Udarak inguratu zigun beroz eta egarriz erromantikotasun krudela. Argazkien atzean, alferrik, saiatu ginen bilatzen... eta baita elektrogailu denda aurrean erreportero ausartek lortutako imajin izugarri horien atzean. Arratsaldeko hirurak Alde zaharra kasi hutsik. Alboko lokalean, haurrak tragaperratan gerretara jostatzen, botoi bati sakatuz... Beste eztanda bat entzun da Beyrouthen.
Non zegoen Beyrouth? Non, arrats gorria ikusteko asmoz Gaztelura igotzen ginenean...? Eta bapatean zeruaren zauri gorriak tristura sortzen zigunean.
Urruti dago Beyrouth... Mediterraneora iritsi behar da eta gero gurutzatu. Hurbil zegoen Beyrouth, egunkariko lehen orrialdean, telebistako berrietan, irratiko teletipoetan. Eta fedayinen kanporatzearekin urrutiratu zen Beyrouth. Urruti dago Beyrouth.
Gaua iristean, gelatik tren hotsa entzuten den bezala iritsi zitzaigun Beyrouthen negarraren oihartzuna... hurbil geneukan.
Beyrouth nauzue, kai abandonatua, eta barkoak oroitzen direnean negar egiten dute; itsasbazter tristea naiz, eta nire hondarretan Heriok ondoren datorren poema beltza idatzi zuen:
1975. urtean Mediterraneoaren sorbaldetan Beyrouth izeneko emakume eder bat zetzan... idatzi zuen Nizar Qabbani siriar poetak; guk 1982ko udaran ondorengo poemak idatzi genituen... baina, non ote dago geure Beyrouth?
Eneko O.
Metraila telebistan
eta haur begiek goruntz begiratzen dute
etorkizunean sinetsezinik
Lurrak bakarrik du etorkizuna
irakur daiteke eskonbro zati batean,
haurrak goruntz begira.
Makina baten zarata, oskorriak
artifizioz- ko laino ximelak,
artearen azken lorpena bilatu duten
hilotz barne odolkiak.
Heriotz txistuaren abisoa
artifiziozko suekin nahasten da,
haurrak goruntz begira nahiezean
eskua luzatzen diote lehen arnasari.
Vallejok haurrei hitzegin zien
haurrekin negar egin zuen,
Haur horien haurrek
Cesar Vallejogatik negar egiten dute.
Eta bienbitartean gu...
...kilometrotara
Beyroutheko malkoaren epistola
ezin idatzian gaude,
absurdoaren kronistak.
E.O.
Fedayin batzuk, militar jantziaz
Hamra kale erdian begiratzen dituzte
saltzaile baten maleta hutsak,
azken erromantikoen itxaropenak gordetzeko
maleta hutsak.
Elianek begiak gorriak ditu
bere etxe aurrean dauden zarama sutuengaitik,
Estrale Zineman bilatu zuen bart etxea,
israeldarren inbasio bezperan estreninatzailea
botatzen zuten.
Handik, bonben zarata urruti entzuten da
Akomodadore papera egiten duen miliziano batek
gordetzeko neurriak esaten ditu:
Hemen ez da erretzen, baju hitzegin, eta transistorean
berriak entzun nahi badituzu, egin ezazu mesedez, deskantsiloan
Baina Elianek,
Beyrouthen beste askok bezala, atzotik
gertatutakoaz hitzegiteko iragana erabiltzen du.
Maletek hutsik diraute,
tokia egiten borroka galdu guztiei.
Atzerrirako bidea
azken hiri erromantikoaren eskonbro gainetan.
...azken orduko albistea...
Mikel Antza
beyrouth sartaldea
uraren ordez hautsa
eta bost mila izar gehiago gauez
norien alboan
damasko irratian rock the cashbah
fedayinen auzunean ramadan
garorik gabeko basamortuak inguratzen du
sortaldeko beyrouth
hondarrezko gartzelan
itzalik gabe pasiatzen dira maiteminduak
norien alboan
barraka itxiek
ezinaren mugak laztantzen dituzte
|