Julietarik gabeko eszena
Josu Landa
Planak hain ongi pentsatuta, eta «mekatxis, ez da hain erraza», berak pentsatzen zuen bezain erraza behintzat. Gainera bere galant izateari zihoazkion jantziak zeramazkiela, alde guztietatik aurkitzen zituen trabak, sable fin eta funtziogabe hori zintzilikatzen zuen soka dantzalari hura, larrua eta airea isladatzen zuten ainitz jantzi eder baino pisutsu eta izerdigaitzak, ileari eusteko gomendatutako xapoa («bazekiat aski horteroa dela, baina nesken aurrean tentagarria omen duk»), eta leotardo horiek ematen zioten beroa txikia baldin bazen, masokismo amorantearen gailurrera iristearren edo, azken orduan aurkitutako oinetako puntadun horiek irristatu egiten ziren eskilara portatil haren makil horizontaleetan.
Eta eskuak dardarka, ezin zehaztu beste guztiaren ondorioz ote zen, baina bai, dardarka.
Bera Romeo zen, eta orduko horretan paper hori tokatu bazitzaion, ezin ukorik egin, are gutxiago beste edozein funtzio bete. Askotan pasatu egin zitzaion burutik Don Juan edo antzekoren baten papera hartzea, baina alde batetatik bere bihotz onak ez lioke emakumeak engainatzen utziko, eta beste alde batetatik, estilo hori fundatu eta sendotuko zuen Don Juan Tenorio famatua ez zen oraindik jaio. Bitartean, bihotza taupada azkarrez eta burua dudaz beterik.
«Zer egingo ote du Julietak», pentsatzen zuen, gero eta larridura handiagoaz, batez ere bezperan izan zuen haserraldian zenbat hegazti mitologiko eta madarikazio haizeratu zituen oroitzen zenean. Eta orduan «hori egiten badit, bapo, bereak egin du» pentsatuz auziari posible ez zen bukaera bat ematen zion, bere buruari berak noski ez zuen ziurtasun bat adierazi nahiean edo.
Atsekabeak eta kontrako erasoak, Julietak eman zion azken musua baino maila handiago batetan sublimatuz, esperantza eta masokismoari eutsi zien izerdiak eta barne sargoriak izorratutako Romeok, garai hartako amorante erromantikoen ohiturei nolabait atxekiz. «Ai Julieta txit maitea, usain txarreko haizea gaurkoz aski dut zaila dut eta, zuregana hurbiltzea».
Amodioak normalean presa izaten du, odolak agintzen du, ez arrazoiak. Baina eskilara batetatik zintzilik egotean, ezer gutxi agintzen du presak, haize gogorra baldin badago batez ere, ezin segundu bakoitzean metro bat igo. Eta ez da beldurra, lasai Romeo, nerbioak baizik. «Esku zikinok, ezin al duzue beste mementu bat aukeratu dantzan hasteko?». Madarikazioak eta biraoak ez, baina behe mailako hitzak eskapatu egin zitzaizkion eskapatu, eta filmearen zuzendariak entzun zituenean gidoitik kanpo zuedelako edo eszena moztera bultzatu zuen da, baina azken orduan ezetz erabaki zuen, hain eszena arriskutsuetarako extrak aurkitzea oso zaila bait zen.
|