Oren nagusiaz
Etsipena gaindi dezagun
Imanol Zurutuza
Apaila gaitezen erran nuen orena heldua baita ihardukitzeko buru belarriz. Ez natzaizue zelüaz mintzo, ezta ere areago iratxoez edo bertzez: Oren Nagusiaz mintzo naiz.
Ez nuen inguru-minguruka ibili nahi eta aurre aurkezpenik gabe nuen ene hizketaldiaren hatsea ahoz kanpora egotzi. Nor litzakete bada ene baitan pentsatzen nuen Oren Nagusiaren aipamen hutsaren aitzinen isiltasunean gotortuko ez zena, non ausartaturen zen egoitza izpiritual berri batetan murgildu barik geratzera? Eta egon zuzenean nengoen, ezen mugimendu guztiak ezabatu baitziren bapatean gizon orok bere boneta eskutan hartuz sakelean ibeni zuen orduko.
Eskatua baitzidaten jarraitu nuen aspaldidaniko behin jiteko zuen aitzinean hitzegitera eta ihardetsi nien gutun hura igorri zidatenei baietza emanaz, kondizione bakar baten azpian, zein baitzen ene jitea izanen zela Egun Nagusian, Oren Nagusian konkretuki. Horrexegatik nauzue hemen, ezen iritsia baita oren hori, egun hori.
Jendetzaren eztarria mutu zen.
Bidean hatzeman dudan agure batek erran didanez, ba da denbora zonbait itxaroten zenuten gizaki bat etorri behar zuena berri onen emaile eskuzabal, zein etorri ere etorri baitzitzaizuen, omen, nahiz ez zen gertatu esperoa. Batzuk begi onez omen zenuten ikusi eta abegi ona egin, bertze batzuk, aitzitik, harrikatu egin omen zenuten. Eta nik diot: bere burua engainatzen du ustetan duenak bata nahiz bertzea egin zuela beharrezkoa zuelakoz bestegatik. Bai, abegi ona egin ziotenek zerbait itxaro baitzuten errekonpensa legez eta bertzeek berriz uste baitzuten zerbaitetan kalte handik jasoren zutela. Nik bada orain ez dizuet eskaturen bata ez bertzea nitaz egin dezazuen, entzuten jakin dezazuen baizik. Jente hunak, jente argiak, jente azkarrak; jente prestuak, bizi on. Bizi hun baldin eta badakizue Oren Nagusiari seguntu bakoitza konprenitzen.
Jendetzaren eztarria mutu zen.
Ihardukitzeko orena etorria zaigu, eta orduak ez du hirurogei segundu baizik. Ez ditzagun galtzera utz.
|