L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-2 (1980-apirila) —<susa0220>




 

 

Hiru errebista hiru

 

Cloc. núm. 7, San Sebastián, febrero de 1980.

 

        Egiak argi eta garbi esan behar badira —eta hau egia da— Euskadin munduko arte eta desartezko errebista bakarra dugula aitortu behar dugu, ohizko glosatzaile eta gomentalarien onerako. Zazpigarren aldiz kaleratu da letxuga fresko baten soinu leuna duen orri pilaketa hau, nahiz eta gure eskutara (zoritxarrez, tamalez, deskraziaz, etabar.) iristen direnak soilki kontatuz, boskarrena izan. Cloc errebistaren jatorriari begiratzen badiogu, SUSAkooi oso gertu geratzen zaigu, leku geografiko berdinean jaiota bait gara. Hala ere, haseratik, CLOCek bide oso berezi bat hartu zuen eta guzion onerako bukaeraino (?) eraman du. Hasera batetan, Donostia itzalpean murgilduta zegoenean, André Bretonen itzalean erotutako hiru gazteri (ez edozein gazteri, hauei baizik: Fernando Aramburu, José Félix del Hoyo eta Alvaro Bermejo), idei ikaragarri bat bururatu zitzaien. Gerrate faamtuen artean amaitu gabe erreboluzio surrealista azkenbideratzeko asmotan edo, kolektibo antzeko zerbait egin zuten, eta handik —nola ez— errebista sortu behar zuen eta sortu egin zen. Haserako hiru gizon bakarti hauen errebista erabat berezi eta marginalak zuen kutsu eta ezaugarria aski aldatu da dagoeneko —gehiegi beharbada—, eta hain marginala ez den zenbaki honetan, gauza asko aldatuta ikusten ditugu. Jakina denez, CLOC taldea krisi bizian ibilia da, arrazoi geografikoengatik, haserako hiru hoietatik bakoitza probintzi batetara joan bait da. Beraz, azkeneko zenbakietan ez dago lehengoetan zegoen talde lana eta barneko koherentzia; eta aski nabari agertzen da honako honetan. Dudarik gabe, zazpigarren zenbaki honetan badira gauza asko haserako izpiritu hartatik ateratzen direnak, orakarki oso fruitu heterogeneo bat azaltzen zaigu azken finean. Hau berez ez da txarra noski. Baina lehengo zenbakietara ohituta ginenez, alde batetatik pena piska bat ematen digu. Hala ere, CLOC taldeak hainbat pintzelada eman behar dituela zihur gara, eta eman behar ditu, batzutan despertadoreak ez bait digu funtzionatzen. Ez dago esan beharrik, CLOC hau erostea premiazkoa dela, ez badituzu musa guzien haserrealdia jasan nahi. Mementu guztietarako literatura duzu, bazkalordurako nahiz oherako, autobuserako nahiz komunan pasatzen dituzun mementuetarako. Benetan. Pena merezi du. Hamar duro.

 

 

HORA DE POESIA, núm. 7, Barcelona, Enero-Febrero 1980.

 

        Aipatzera goazen errebistaren zenbaki hau zazpigarrena ere izan arren, aurrerago aipatu dugunarekin —CLOCekin alegia— zerikusirik ez du ia. HORA DE POESIA hau, serioagoa dela esatea inexaktoa izango litzatekenez, askoz akamedikoagoa dela esan behar dugu. Errebista hau, literaturazko errebista bat baino gehiago, literaturari buruzko errebista bat dugu. Hori da egileen asmoa behintzat. Literalki, "informazio, kritika eta zabalkunde poetikoezko errebista" izan nahi du, izan ere aurrerago esaten zaigularik "HORA DE POESIAk, (...) gure herrialde barnean —batez ere— eta kanpoan gertatzen diren manifestapenik gehienak jaso nahiko ditu, gertatutakoak nahiz gertatuko direnak". Beraz, honek esaten digu garbi aski nondik nora mugituko den gure errebista hau. Eta bere zazpiko martxa honetan nahiko ongi bete duela helburua esan behar dugu, eta horretan oinarritzen da neure ustez duen interesa. Gaur egun behintzat, HORA DE POESIA izan da, beste herrialdeetako poemagintzaren berri jasotzeko aurkitu dugun errebista bakarra. Bere orrialdeetan zehar aurkituko dituzu gaztelerazko poeten berriak (zerrenda luzeegia da hemen ezer ipintzeko) nahiz munduko herrialde guzietakoak, saioen bidez, kritika edo erreseinen bidez, edo poemen bidez. Lojikoa denez, ez duzu euskal poemagintzaren itzalik ere aurkituko. Noski, urtean zehar zortzirehun pezeta lortzen badituzu, badakizu non inbertitu. On egin.

 

 

CABALLO CANALLA A LA CALLE/4, Donostia, febrero del 80.

 

        Hirugarren errebista hau ez da soilki literaturari lotuta dagoen errebista bat. Bere zentzurik zabalenean espresiozko errebista bat dugu. Eta hau esatea askotan topikoa izan ezik ezer esan nahi ez duen arren, honetan baietz esan beharra dago. Narratiba, pintura, argazkiak, komikia, poesia, grafismoa, etabarrek sartzerik dute CABALLOn. Laugarren zenbaki honetan, horien arteko ekilibrioa aski lortuta agertzen zaigu, garbi ikusten bait da espresio grafikoa ez dela espresio literarioaren osagai bat, biak maila berdinean ezarritakoak baizik. Ekilibrio hau —eta euskara eta erdararen artekoa ere bai— aurreko zenbakietan zehar lortuz joan dira, urte beteko abiadura honetan eboluzio nahiko argi bat ikusten delarik. Laugarren honetan, poemak eta narrazioak aparte, argazkiak, komiki bat, eta erdialdeko orrialde komertzialak aurkituko dituzu. Dena poliki eta patxadan dastatzeko. Ehun pezeta baina maketak eta presentazioak justifikatzen dute. Boskarrena atera arte, laugarren honekin aski behar.

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.