William Faulknerek dio
El Batxiler Zalakain
William Faulkner-en "Wash Jones una historia del sur" delako liburuan agertzen den berari egindako elkarrizketaren laburpentxoa.
Guretako inork ez zuen perfekziozko bere ametsa egiten lortu, honela bada, ezinezkoaren egitean gure frakaso galantaren arabera juzgatu behar digute. Ene aburuz, nik nere obra osoa berriro idatz baneza, zinez uste dut hobe egingo nukeela, eta horregaitik lanean ari naiz eta saiakera berriak egiten; bakoitzean nahi duena bolada honetan lortuko duelakoan dago. Noski, ez du egingo eta horregaitik egoera ona da. Egingo balu, bere obra irudiari, ametsari, berdintzen lortuko balu, bere buruari zintzurra egitea eta perfekzioaren pinaculo horren beste aldetik jauztea besterik ez litzaioke geratuko. Poeta okertu bat naiz. Behar bada, nobelagile orok poesia idatzi nahi du, hasieran ezin duela susmatzen du eta berehala ipuinaz saiatzen da, zein poesiaz gero generorik zorrotzena da. Eta ipuinaz baita ere frakasatzerakoan, eta bakarrik orduan, nobelak idazten arduratuko da.
Ba ahal dago nobelagile ona izateko balio duen formularik?
%99 talentu... %99 disziplina... %99 lana. Nobelagilea egiten duenaz beterik ez da sentitu behar. Egiten dena izan zitekeen bezain ona inoiz ez
da. Beti ametsetan ibili behar da eta begiratu begira dezakeen baino gorago. Bere aurreko edo denborakideak baino hobe izateaz ez kezka. Nere burua baino hobe izaten ari. Artista bat, demoniok bultzatutako kriatura bat da. Ez da jakiten zergaitik haiek hautatzen duten eta normalki nahiko arduratuta egoten da hori bere buruari galdetzeko. Guztiz amorala da, obra egitekotan, edonori eta mundu guztiari ohosteko, mailegatzeko, eskean ibiltzeko gai izango delako zentzuan.
Zein tekhnika erabiltzen duzu zure araua betetzeko?
Idazlea tekhnikaz arduratzen baldin bada, hobe du zirujia edo adreilu jartzen ari izatea. Obra bat idazteko ez dago baliabide mekanikorik, ezta ere laburbiderik. Teoria bati darraikion idazle gaztea tonto bat duzu. Bere akats propioen bidez bere buruari irakatsi behar dio; jendeak akatsaren bidez bakarrik ikasten du. Artista onak, berari aholkuak emateko adina dakienik ez dagoela, uste du. Gorengo harrotasun bat dauka. Ez du axolik zenbat admira idazle zaharrari, gainditu nahi du.
Beraz, zuk tekhnikaren balioa ukatzen duzu?
Inola ere ez. Batzutan tekhnikak ekiten du eta ametsaz jabetzen da idazleak berak hartu ahal dezan baino lehen. Hori "tour de force" duzu eta amaitutako obra adreiluak ondo biltzea besterik ez da, idazleak, lehenengo hitza idatzi baino lehen obra azkeneraino erabiliko duen hitz bakoitza zihur aski ezagutzen baitu. Hori "Mientras agonizo"-n gertatu zen... Baina tekhnika sartzen ez denean idaztea baita ere errezago da beste zentzu batetan. Zeren eta, ene kasuan, liburuan beti dago puntu bat pertsonaiak berak altxatzen direnean, aginte eta lana hartzen eta osatzen dutenean. Hori, esan dezagun, 275garren horrialde inguruan gertatzen da. Noski, nik ez dakit zer gertatuko zen liburua 274garen horrialdean bukatu izan banu. Artista batek eduki behar duen kualitatea bere obra juzgatzeko objetibitatea da, plus, horretaz ez engainatzeko zintzotasun eta adorea.
Eta Freud?
Ni New Orleansen bizi nintzenean, jende guztiak Freudez berba egiten zuen, baina nik ez dut inoiz irakurri. Shakespearek ez zuen ere irakurri eta ez dut uste Melvillek irakurri zuenik. Eta zihur nago Moby Dickek ezta ere.
Eta kritikoen funtzioaz?
Artistak ez du kritikoei entzuteko astirik. Idazle izan nahi duenak kritikak irakurtzen ditu, idatzi nahi duenak ez du irakurtzeko astirik. Kritikoak baita ere zera esan nahi du: "Ni hemendik pasatu nintzen". Bere funtzioaren helburua ez da artista bera. Artista kritikoarengandik maila bat gorago dago, artistak kritikoa mugituko duen zerbait idazten baitu. Kritikoak, artista ezik, mundu guztia mugituko duen zerbait idazten du.
Orduan, zuk, zure obra norbaitekin eztabaidatzeko beharra ez duzu sentitzen?
Ez. Oso arduratuta nago idazten. Nere obrak ni bete behar nau, eta ni bete behar baldin banau, orduan nik ez dut hartaz hitzegiteko beharrik. Ez banau betetzen, berari buruz mintzatzeak ez du hobe egingo, hartan lanean ari izatea hobeagotu ahal izango duen gauza bakarra izango baita. Ni ez naiz literato; idazle bat besterik ez naiz. Ofizioaren arazoez berba egitea ez zait gustatzen.
Kritikoen ustez, familiarekiko harremanak zentralak dira.
Hori eritzi bat da, eta esan nizunez, nik kritikoak ez ditut irakurtzen. Zalantzazkoa da jendeari buruz idazten saiatzen ari den gizon bat bere familial harremanez arguratuagoa izatea bere sudurraren itxuraz baino, bere istorioaren bilakaerarako beharrezkoa ez baldin bada behintzat. Idazlea, benetan arduratu behar den gauzan, hots egia eta giza bihotza, konzentratzen baldin bada, beste gauzatarako astirik ez du izango, hau da, familial harremanak edo sudurraren itxura bezalako ideia edo honelako gauzatarako, nere eritziz, ideiek eta ekintzek egiearekiko oso harreman gutxi baitute.
Kritikoek zure pertsonaiek ona eta gaitza ez dutela inoiz konszienteki hautatzen sujeritzen dute baita ere.
Bizitzari ez ona ez gaitza ez zaio interesatzen. Don Quijotek etengabean ona etea gaitzaren artean aukeratzen zuen, baina bere amets egoeran. Zoraturik zegoen. Bakarrik errealitatera sartzen zen, jendearekin burrukan hain arduraturik zegoenean, ez zuela ona eta gaitzaren artean bereizteko astirik. Gizakiak bizitzan bakarrik existitzen direnez gero, bakarrik bizirik egotera beren denbora zuzendu behar dute. Bizitza mugimendu da eta mugimenduak gizakia mugiarazten duenarekin zer ikusi badauka, hau da, anbizioarekin, boterearekin, plazerrarekin. Gizonak moralitateari dedika diezaiokeen denbora, bera parte den mugimenduari nahi eta nahi ez kendu behar dio. Gaur edo bihar, ona eta gaiztoaren artean hautatzera behartuta dago, kontzientzia moralak eskatzen diolako, bere buruarekin bizi ahal dezan biharko egunean. Bere kontzientzia morala jaungoikoengandik onhartu behar duen madarikazioa da, berauengandik amets egiteko eskubidea lortu ahal izateko.
Hobeki esplika zenezake zuretzat zer den mugimendua artistarekin erlazionatuta?
Artista ororen helburua mugimendua gelditzea da, hau da bizitza, artifiziozko bidetatik fijo mantenduz, eta honela 100 urte geroago, arrotz batek ikusterakoan, bermugi dadin bizitza baitzio. Gizona hilkor denez gero, iraunkor den zerbait bere atzetik uztea da posible zaion hilezinezkotasun bakarra, honela beti mugituko delako. Hori da artistak duen idaztankera: "Ni hemen egon nintzen", noizbait sofritu beharko duen azken ezagerpen kentzezinaren harresian.
|